Sarri esan eta entzuten ditugu honetariko esaldiak: «Atzo Oizen izan nintzan» edo «Gorbeian izan nintzan» egon nintzan esateko. Izan aditz oinarri zabalagokoa dogu euskeraz egon aditza baino; funtzino eta adiera diferente gehiago batzen dituana. Ez da gauza bera izan aditzagaz adierazoten doguna, Peru zintzoa DA esaldiaz, edo Gu BAGARA esaldiaz, edota Non DA Peru orain itaunaz dinoguna. Lehenengo horri aditz kopulatiboa, lokarri aditza ohi deritxo, bigarrena esangura propiodun aditza da, existitzea esangurakoa, eta hirugarren horrek be bere esangura propioa eukirik, egon aditzaren hurrekoa dauka. Izan aditzak esangura propioa daukanean, adiera nagusi bi gorde leikez:
– Bata, «ser, existir» dalakoa: Gu munduan GARA. Edo: Sorginak EZ DIRALA esan ohi da, baina BADIRA izatez, galiziarren esanean.
– Bigarrena, egon esangurakoa, edo honen hur-hurrekoa. «Non izan zara gabeon?» itauntzen deuskunean amak, ea non egon garan itauntzen dihardu.
Izan, egon aditzaren balioaz, sartaldeko euskeran galduaz edo murriztuaz joan da, baina ez ostera, Iparraldean eta Ekialdeko hizkeretan. Han egon aditzak ez deutso izan aditzari lekurik kendu. Erdialdean be ez hainbeste. Sartaldean bai, ostera. Baina sartaldean be ez da guztiz galdu, eta ingurune batzuetan erabilten da gehiago.
Normalean, erabil-ingururik gehienetan zehatz bereizten baditugu be izan eta egon aditzak, sartaldeko berbetan berariaz, badira ingurune gitxi batzuk, zeintzuetan izan horrek bizirik dirauen, bestelako gehienetan egon darabilgula be.
Azkuek ondo moduan zehazten dau izan aditzaren adiera honen berezitasuna: Azkuek azalpen hau dakar izan – egon kidetasunaren inguruan: «Significando ‘estar’, se diferencia de ‘egon’ en que éste indica la idea de ‘estar p. ej. quieto, en reposo’, mientras que izan es ‘estar, existir, hallarse, asistir’. Elizan egon naiz ‘he estado en la iglesia’, indica la idea de estar bien o mal, a gusto o a disgusto, etc., mientras que elizan izan naiz, ‘he estado en la iglesia’, denota la idea de asistencia» (OEH Azkue Dicc). Duvoisinek, arrazoiz, zertzelada bat eransten deutso esangura honi: «Avec l’intransitif, il peut signifier allé, venu. Ez da hemen izan, han izan da, il n’a pas été ici, il a été là (il n’est pas venu ici, il est allé là)» (Duvoisin).
Adiera horretakoak dira goiburuko esaldi biak. Eta hara beste batzuk.
– Presentean. Itaundu leigu batek: «Aita non da?». Eta guk erantzun: «Kanpotik da«. Edo itaun leigue: «Non izan zara ba, ez zaitut ikusi eta». Eta norberak erantzun: «Buelta handi bat emon dogu eta hainbat lekutan izan gara«.
Mogelen pasarte bat: «Bati baiño geiagori entzun deutsat, baserritarretan dagoala euskera garbia; Gaztelan izan gareanok ta uri barruetakoak erdera askogaz nastetan dogula euskerea».
– Iraganean be bizirik dirau balio honek. Batek arpegira egotzi leigu hileta baten kontura: «Zu izan ezik, beste guztiok han izan ginan eleizan». Hara Toribio Etxebarriak Eibarren baturiko hau: «Gaur aberats hau, izan izan zan eskean aterik ate baten baino gehiagotan» (Lexicón Eibarrés). Lardizabal idazlearenean: «Ejiptora joan eta Herodes il artean an izan zan» (Testamentu zarreko).
– Aditz multzo batzuetan be balio horrek dirau, konforme izan dalakoan, kasurako. Batzar baten amaieran, buru egon danak, ebatzi batzuk proposatu eta beste batzarkideei esan leioe: «Konforme zarie proposatu dodanaz? Ba, Konforme bazarie, guztiok sinatu idatzi hau, eta konforme ez bazarie, barri bat egin daigun».
– Partizipio burutuari mugatzailea erantsita be bai, Domingo Agirreren pasarte honetakoa esaterako: Agirre ondarroatarrak Garoa elaberrian idatzita dakarren pasarte honetan izana eta egona biak darabilz esaldi banatan: «Orain beste gauza bat zan. Ameriketan izana, Bilbon, Bartzelonan eta Madrilen pelotari egona, goizetik gauera ez dakit nola dirutua, papar zabalean urrezko katea zuala eta katean ontzurre borobila, Moxolo Potolo (horrela deitzen zioten) askotan ohi zan beste jakintsu guztien nagusi, buru eta albistari» (Garoa).
– Partizipio burutubakoagazko, izaten aditzagazko adibide batzuk. «Gure seme-alabak, jaia non, han izaten dira ia beti». «Eleizetan gitxitan izaten da jente gaztea».
– Futuroan be erabilten dira izango da eredukoak. Halan: «Bederatzi t’erdietan da afaria, ezta? Ba zortzi t’erdietarako hor izango naz, hutsik barik». Ezezka: «Etorteko bazara, deitu ardura barik. Ez naz urrun izango eta». Eta euskera zaharrera joanda, hara frai Juan Zumarragakoak arrebeari Muntxaratsko torretxera bialdu eutsan gutunean opatu gura izan eutsan guraria: «Alan izango zara paradisuan».
Izanda egon egitura burutua be sarri entzuten da. Batek esan lei: «Donostian sarri izanda nago, baina Toledon, ostera, sekula izan barik nago«.
Adolfo Arejita