Esaldi horretan zalantza sortu jaku: Zuri zeozer pasetea? Ala: Zuri ezer pasetea? Zeozer ala ezer erabiltea toketan da hor?
Gaztelaniazko “algo” esateko, euskeraz hiru modu nagusi dagoz. Batetik zerbait eta zeozer, eta bestetik ezer.
Zerbait eta zeozer lehenago, XIX. mende erdira arte edo, ondo bereizten ziran euskeraz, baina denporearen poresuz bardindu, edo ia bardindu egin dira, eta bien artean egoan diferentzia lausotu. Hiztunik gehienok, edo zerbait edo zeozer erabilten dogu, bata edo bestea, baina biak batera hiztun berberak bakan edo nekez. Eta fenomeno bera jazoten da norbait eta nonor izenordainen artean be. Neutralizatze prozesua jasan dabe izenordain sistema biok: zer edo zer juntadurazko errepikaz garatua eta zerbait, atzizki bihurtua dan -bait (-baist ald. sartaldean).
Baina lehenago zerbait zan bizkaieraz be, edo zerbaist idatzi zaharretan, gazt. “algo” izenordainaren ordezko naturala, eta zeozer izenordainak, bere osoan zer edo zer, esanguraz markatuagoa zan. Zer edo zer izenordainak lehenago, gaur zer edo ha edo hau edo bestea diralakoen balioa eukan. Halan, Añibarro idazle arratiarrak XIX. mende hasieran, esaldi berean darabilz biak: “Gogoratu, zerbait esaten deutsuela, ta eranzun egiozue zer edo zer” (Lora Sorta). Harentzat, eta haren aldiko hiztunentzat, bazan esangura-diferentzia garbia bata eta bestearen artean.
Ezer noiz erabilten dogu zerbait edo zeozer erabili ordez? Ingurune nagusiak honakoak dira:
- Esaldia ezezka dagoalako batzuetan: Ez dogu ezer behar. Esatea lez: Ez da inor etorri.
- Esaldia itaun egiteko darabilgunean: Gura dozu ezer? Behar da ezer? Esatea lez: Agertu da inor?
- Baldintzazko esaldietan: Ezer behar badozu, deitzea baino ez daukazu. Esatea lez: Inor baletor, esaiozu ez nagoala etxean. Eta bardin: Ezer jazo ezkero zu ez zagozan baten, nork erantzungo leuke?
- Baldintzaz ostean, beste menderakuntza esaldi jakin batzuetan. Halan, denporazko esaldi batzuetan, geroari edo etorkizunari buruz diranean: Ezer behar dozunean, deitu mesedez. Esatea lez: Inor datorrenean kanpotik ate-joka, atea idegitea da legea. Eta beste gehiagotan be bai.
Goiko esaldira bihurtuta, bietara formulau daiteke: edo zeozer erabilita, edota ezer erabilita. Baina esangurea ez da guztiz bat: «Zuri zeozer pasetea izan ezkero, guretzat txarto» esan, edota: «Zuri ezer pasetea izan ezkero, guretzat txarto«. Zein da bien arteko alde nagusia? Ezer darabilgunean, leunago esaten gagoz, aukera guztiak zabalik dagozala: edozer gauza jazotea izan leiteke. Zeozer pasetea dinogunean, jazokizun dan hori modu konkretuagoz, markatuagoz seinalatzen gagoz: hau edo bestea, zer edo ha, gauza jakinen bat.
Zorion-agurrak emokeran gure entzule askok artez eta zuzen bereizten ditue zeozer eta ezer. Mila bider entzun deutsegu esaten: “Eta ezer egiten daben guztiak be zorionduta gelditzen dira”. Ezer egiten dabenak esaeran, edozein zelebratze izan leiteke: urteguna, ezkontzea, jaunartzea, bateoa edo dana dalakoa. Aukera guztiak zabalik ixten diran kasuetan, geure eretxian be, ezer erabiltea gomendagarriago da, zeozer baino egokiago dator: leunagoa eta edegiagoa da.
Gai honek ertz asko ditu, eta hurrengo baterako itxi dogu zehaztasun gehiagoz ugaritzea.
Lau haizetara
Adolfo Arejita