Mendeko erlatizboko perpaus baten aurrean gagoz, atzean esaldi nagusia dauela. Mendeko esaldiaren osagaiak: Zuek ezin dozuezan (gauzak) saldu neguan. Eta esaldi nagusiaren osagaiak: (gauzak) merkatu txikian salduko dozuez.
Mendeko esaldi erlatibozko hori eta berau josirik izena eta esaldi nagusi osoa honetara ordenauko gendukez era landuan: Zuek neguan saldu ezin dozuezAN gauzak, merkatu txikian salduko dozuez. Ordena landua darabilgunean, mendeko esaldi erlatibozkoaren aditza (saldu ezin dozuezan) eta hori lotzen jakon izena (gauzak), mendeko esaldiaren amaieran ipinten dira beti, eta bata bestearen atzean: saldu ezin dozuezAN gauzak.
Baina berbaz ordena libreagoa erabilten dabe hiztunek sarri askotan. Goiburuko esaldi ordena hori, halanda be, ez da bape normala, hiztun naturalentzako behintzat. Euskal hiztun on bati gitxitan entzuten jako esaten: ezin dozuezan gauzak saldu neguan. Arrazoi bigaitik egiten da arraro eta bitxi ordena hori:
a) Aditz konposatuaren ordena normala ezezkako esaldi erlatibozko horretan litzateke: saldu ezin dozuezan (gauzak), eta ez: ezin dozuezan saldu (gauzak). Aditzaren adizki jokatua, laguntzailea, atzerengo ipini behar da, berari loturik dagoan izenaren, gauzak izenaren aurre-aurrean.
b) Mendeko esaldiko izen-argumenturik ez da agertzen mendeko erlatiboetan aditza baino atzerago; ez da erabili ohi. Kasu honetan: ezin dozuezan gauzak saldu neguan, aditz jokatuaren atzean agiri da neguan. Ordena zuzena aditzaren aurretik ipintea genduke: neguan saldu ezin dozuezan gauzak.
Baina bada ordena-askatasun gehiagoz jokatzen dan erlatiboko egitura bat. Erlatibozko esaldiaren aditzetan, ezabatu edo gorde egiten da batzuetan, bera gobernatzen dauen izen nagusia, eta mendeko aditz jokatuari zuzen josten jakoz atzeko izen gorde horren funtzino marka edo markak. Halan: zuek saldu ezin dozuezan gauzAK esan ordez, laburrago: saldu ezin dozuezanAK esan geinke.
Beste adibide bategaz argituko dogu auzia: Zuk ezagutzen ez dozuzan lagunAKAZ joan nintzan mendira lehengoan esaldia, laburrago, beste era honetara taiutu geinke: Zuk ezagutzen ez dozuzanAKAZ joan nintzan mendira lehengoan.
Erlatiboko esaldiaren izen gobernatzailea ezkutetan danean, eta mendeko aditz jokatuari erantsi hari jagokozan markak, ordena libreagoaz jostatzeko lizentzia hartzen dogu hiztunok, eta errazago, nasaitasun gehiagoz, ipinten ditugu mendeko perpausari jagokozan izen-argumentuak aditz erlatiboa baino osterago be.
Gutariko edozeinek esango leuke berbaz: Neguan ikusten ez diranAK astelehenetan Gernikako plazan, ikusi zeinkez udetan erraz: turista-jentea. Esaldi horretan, mendeko esaldiari jagokoz aditzaren ostean agiri diran: astelehenetan – Gernikako plazan. Berez ordena egokiagoa litzateke hizkera landuan: Neguan Gernikako plazan astelehenetan ikusten ez diranAK, hau da, ikusten ez dan jentea. Baina adiz jokatu erlatiboa funtzino marka eta guzti darabilgunez: ikusten ez diranAK, ordena libreago hori be onartuagoa da, eta zuzentzat jo daiteke bape arazo barik.
Adolfo Arejita