Idatziz nekez irakurri leiteken aditz lokuzinoa dogu, itoak egitearena dinoan hori. Ze ito aditza da berez, baina lokuzino horretan izen modura darabilgu, eta pluralez gainera: itoak egin.
Jate kontuan dogu erabileretako bat: “Itoak egingo neukez”, ito arte janari hain gozoa jango geunkela esateko. Eta barrez lehertu beharrean egotea esateko: Itoak egin genduzan barreari eutsi ezinik.
Izen lez, edo adberbio moduan be guztiz ezaguna da: itoan bizi, ‘estu eta larri’ adierazoteko.
Adjektibo lez be sarri darabilgu. Hurreko andra bati aspaldi entzun neutsan, Lagako hondartzatik Ibarrangelurantz autoz gatozela, goitik datorren errekasto ondoetan dagozan etxeen gorabeheran. (Aztarriko auzoa ete zan nago). “Lagatik hur egongo dira etxeok, baina hori sakostea sakostea leku itoa da. Niri ez jataz biziteko holako leku itoak sekula gustau izan” (Barrutia. Teresa Totorikaguena).
Adjektibo modura beste esangura ezagun bat be badau ito berbeak: ‘etenbako, segiduko’ adierea. Nemesio Etxaniz azkoitiarrak idatzia da: “Gure bihotzetan, eguneroko lan itoak, […] tarterik gabeko arretak, galduko digu goizeko poza” (LBB).
Eta ito berbea, berezko dauen aditz kategorian be, esangura figuratuaz ezaguna da ‘izorratu’ adieran: Ito dadila nahi badau! (= izorra dadila).
Eta adberbio kategoriaz, ezagunak dira, bai itoan eta batez be itoka. Entzundako esaldia: “Behar hori ez da itoan egin behar”, ‘arin eta edozelan’ esateko. Gure tradizinoan askoz indartsugoa da itoka adberbioa. Halan dino Mogelek behin: “Kontuzkoak, berariz egiñak, astiro; ez itoka, aringa ta priesaka” (CO 17).
Itota partizipio adberbiala be sarri darabilgu, ‘nekatuta, arnasoska’ adiereaz. Halan: “Korredoreak itota ailegau dira helmugara”. Edo “Han joan da itota, aldatsa igon ezinik”.
Baina gure entzule edo irakurleei eskaria, itoak egin egiturea dala-ta. Ezaguna dozue, edo erabilten dozue itoak egin? Itoak egin doguzala zetan edo hatan?