Bisutsa, denporaleagaz eta ekatxagaz estu lotuta dagoan eguraldi-hitza dogu. Euskera egiten dan alderdi askotan galduta dagoan edo erabili izan ez dan berbea, baina Bizkai erdialdetik Gipuzkoarantz, Artibai, Durangoalde, Deba ibarrean eta ekialderantz indartsuago. Urdaibai eta Uribeko eskualdeetan ez da hain ezaguna edo gitxi entzuna behintzat bisuts berbea. Baina euskerearen eremu osoan izan da gitxi-asko ezaguna.
Aldaera batzuk be baditu ekialdean. Bisuntsa darabil Larramendik, eta Iparraldeko lekukotasun apurretan be bizuntza agiri da. Bits eta zuntz hitzen baterakuntzatik jalgia, beharbada. Gainerako euskera eremuan, bisutsa darabilgu. Honen atzean, bitsaren hautsa ete dagoan nago. Eta baleiteke, etorki diferenteko izen bi izanik jatorrian, analogia bidez biak batera etorri izana be.
Baina hitzaren esangurara bihurtuta, dirudi, eguraldi fenomeno bereziaren eremu zabalean, esangurea ez dala guztiz bat leku batzuetan eta besteetan.
Hiztegietan sarri, bisuts berbea, haize-eurien erauntsia edo afrontua adierazoteko berbatzat agiri da. Baina edurra franku edo sarri egiten izan dauen alderdietan, haizeagaz batera, edurra, edur finaren erauntsia adierazoteko erabilten dabela dinoe. Halan agertu eustan Jesus Eguzki euskerahobezaleak: Arrazolan (Atxondon) bisutsa, haizeagaz eta edurragaz lotuta ikasi eta erabili izan dabela Anbotopean. Bisutsaren akorduak gomutara ekarrita, kontau eustan, txikitan, eskolara bidean, arrebea eta bera ia hil beharrean gertatu zirala bisutsak jota. Edurra be gogortu antzean. Haizeak, haize bortitzak edur hautsa jaso egiten ei eban, eta arnasarik be ezin hartu, seguru. Haize gogorra haizeagaz batera, edur-haizeen erasoa, eta eskola-umeak estu eta larri.
Larramendik lehenengo, eta Azkuek gero, haizeari euriak edo edurrak lagunduta sortzen dan ekatxa edo afrontuaren esangureaz lotu izan dabe bisutsa: Larramendiren esanean: «Cellisca, temporal de agua y nieve menuda con mucho viento, euri bisutsa«. Azkuek, Arratian, Gernikan eta Markinan baturiko berbatzat dakar bisutsak, esanguratzat emonda: «ventisca, ventisquero, remolino de agua y viento, nieve, etc.» (Dicc.).
Domingo Zuluaga abadeak Ibarrangeluko berbetan baturik dakarren hitza: «Haizea eta bisutsa«. Baina Elgoibar, Oñati, Errezil eta beste herri askotan be batu izan da bisutsa, haize, edur eta euri ekatxa izendatzeko.
Bisutsa bakarrean ezeze, izen alkartu lez be sarri erabilia da, hain zuzen be, zetarikoa dan zehazteko. Halan:
–Edur-bisutsa. Azkuek: «Pulverización, nubecilla de agua que levantan las olas por efecto del viento; polvo que levanta la lluvia en el camino» (Dicc. Apend.). «En la Barranca significa también ‘polvillo’, como por ejemplo el que se hace en la era al levantar la paja» (BU Arano). «Cualquier corpúsculo leve que se mueve en el aire. Elur-bisuts, pequeño copo de nieve. Ebi bisuts, gotita de lluvia» (JMB Ataun). Martin Elexpuruk Bergaran batu eban letxe: “Bart amabixak aldera edur-bisutsa zuan».
– Euri-bisutsa be esaten da eta esan izan da. Halan jaso eban Larramendi lexikografo handiak XVIII. mendean, erdal esangura hau emonda: «Cellisca, temporal de agua y nieve menuda con mucho viento, euri bisutsa» (Larramendi).
– Eta haize-bisuts alkarketa be ezaguna da. Gregorio Arruek: “Aize bisuts guzientzat idikia zegoen ikuillu zar batera baztertzera beartuak ikusi ziran” (Bearg 20).
Bisutsa, erauntsi bortitza eta zarratua da edozelan be, aurrekorik ikusi ez egiteko modukoa. Domingo Agirrek Garoa-n dinoan lez: “Elur marduletan drist eta draust, […] bisutsetan ia itsuturik, zurrunbilloan arnasarik hartu ezinda” (Garoa). Edo Etxegaraik bere hitzaldi baten dinoan lez: “Ezer ikusten uzten ez duen bisutsagaz izutu gabe” (Itzald II 172).
Literaturako beste pasarte bigaz ugaritu daidan neure ekarritxoa. Bata, Arrese-Beitia otxandioarrak bere poema baten darabilen hau: “Agertuten da baten Gabon gaba tristerik, / izarrik bere baga guztizko itsua; / haize eta bisutsaz bidean ibilteko, / gitxitan ezagutu ohi dan legezkua” (Ama Euskeria 388). Bigarrena, Domingo Agirre ondarroarrak dakarren beste hau: “Berezko bizigureak emoteutsen azkortasunagaz jazartu ziran gogotik truxu ta bisuts, haize ta baga indartsuen kontra” (Kresala).
Aditz lokuzino bat aitatu dogu zehar bidez gorago: bisutsak jo, begi apartekoz jo beharrekoa: «Txikitan, eskolara bidean, arrebea eta biok ia hil beharrean subertau ginan bisutsak jota» (Arrazola. Jesus Eguzki. 2021-XII).
Aitamen berezia merezi dau bisustu aditzak be, guztiz bestelako esanguraduna: bitsez, aparrez bete. Hordien kontura darabil Mogel idazleak: “begiak lausotu, oinak lokatu, gerria makurtu, ezpanak bisustu, txapela okertu ta berbea moteldu ta zutinik egon ezin direan gizon katutu ta ardaoz sastuak” (Peru Abarka).
Adolfo Arejita