Hedabideetan solaskide bati entzundako esaldia: «Jolas parketik pasatu dira mila baino persona gehiago«.
Sintaxi-ordena hori, idatzian agiri dana, badaezpadakotzat daukat. Mila persona baino gehiago esatea jagoku euskeraz, eta nekezago esango genduke mila baino persona gehiago. Lehenago be behin baino sarriago urten deusku puntu honek: zenbatzaile bati baino gehiago txertatzean jazoten diran sintaxiarena (2017-03-02/1) (2017-12-28/4) (2019-07-11/2).
Neure apunteetan sintaxi biak ditut ontzakotzat harututa, esaldi adibide beraren ordena biakaz: a) Hiru litro esne baino gehiagogaz etorri da etxera. b) Hiru litro baino gehiago esnegaz. Bigarren horri ezer kendu barik, hiztunik gehienon joerea lehenengoa dala esango neuke. Hau da, baino gehiago sintagmaren atze-atzean dala, kasu-marka eta guzti.
Gitxi gora beherako zenbaki egiturak darabilguzanean, egitura konplexuak beraz, gehienetan ordena hori jagon ohi da.
Halan, -tik gora eransten badeutsagu zenbatzaile jakin bati, hobetsiko dogu: Mila personatik gora, bigarren ordenea, milatik gora persona guztiz txartzat jo barik. Eta -tik behera eransten badeutsagu, Mila persona baino gitxiago bultzatuko dogu, *Mila baino gitxiago persona bazter lagata.
Inguru eransten badeutsagu zenbatzaileari, mila persona inguru erabiliko dogu, eta baztertu *mila inguru persona ordenea.
Sintaxi berari eutsiko deutsagu eskas, hurbil eta antzekoakaz be. Larogei urte eskas esan ohi da, eta ez *larogei eskas urte. Berrogei lagun hurbil esaten da eta ez *berrogei hurbil lagun.