Behin denpora-adberbioa batzuetan birritan darabilgu esapide batzuetan: behinik behin, behin-behinean eta abar. Zenbat esangura diferente dagoz behin berbeagaz sortzen diran lokuzinoetan?
Asier Muniategi irrati-kazetariak bideratu euskun lehengo astean, Artian (Gautegiz Arteaga) zaharrek esaten daben beinbiñon berbea. Hizkera landuan: behin behineon, duda barik. Berorren esangurea sikeran, gitxienez, behintzat edo gazt. ‘al menos’ dalakoaren hurrekoa. Euren amaren esanean, Artiako berbetan: Etorri zarie beinbiñon!.
Gitxi entzuna da, hurreko inguruetan be, behinbiñon, edo behin behineon berba bitxi hau, eta berorren esangurea be bitxi samarra berba horrentzat.
Itxaroten badago ama zaharra, etxeko seme, alaba edo hurrekoren bat noiz etorriko, eta halakoren bat, luzeretxita dagoan ama horrek autoan etorten ikusten dituanean, gaztelaniaz ‘ya era hora’ esateko lez, euskeraz be esan eikean: Behin zatozienean be… Sasoia zan!.
Bakarrik erabilten danean be esangura hori jagoten dau batzuetan: ‘behingoz’, gazt. ‘de una vez, por fín’. Esaterako: Zoaz behin! Egizu behin beharrori, koplak alde batera itxita!. Edo P. Zamarriparen esaldi baten barruan “Eta ez da jausi? Ez da tragau behin?” (Firi-firi XVI 68).
Gramatika aldetik be ohartzekoa da -on inesibo hurbilaren presentzia denporazko adberbio baten barruan: behineon edo behin-behineon dala.
Urdaibai aldean zabalago dabilz beharbada beste honeek: Goizeon (goixion), ‘gaur goizean’ esateko. Gaueon (gabion), ‘gaur gabean’ esateko. Edo leku-espazio esangureaz: Hemen etxeon (hemen etxion), ‘etxe honetan’ esateko. Beste leku batzuetako hizkeretan galdurik dagoz -on inesibo hurbila daben adizlagunak.
Eta Artiatik heldu jakun beinbiñon honek, artean gitxi ezaguna dan egitura bat erakutsi deusku: behin-behineon adberbio hurbila.
Horrek emon deust bidea, behin adberbioa birritako aldiz darabilgunean zer esateko darabilgun azterralditxo bat egiteko.
Batetik daukagu behin behinean adberbio inesiboa. Esangurarik ezagunena, ‘momentuz’ edo ‘provisionalmente, por ahora, en un principio’ genduke. P. Zamarriparen estilo-liburuan: “Txabola hau bein-beinean egin dogu, esta choza la hemos hecho provisionalmente» (Man.Vasc.19). G. Garateren bilduman: “Behin behinean hobeto holan ixtia”, Arratian baturikotzat (Erdarakadak).
Baina behin behinean horrek esangura arean diferentea dauka Otxoluaren esaldi honetan: “Aberetzat hartu gaituz beronek behin-behinean!” (Bertolda), edo E. Erkiagaren beste honetan: “Alkarri agurrak eginaz, arrantzale biak eta Zuriñe herrirantz abiau ziran behin behinean farolerako bidea hartuaz” (Arranegi).
Ezagunagoa da behinik behin euskeran, idatziz zein berbaz, eta hatan be ‘sikeran, behintzat’ adiera horrexetan. Urruzunok: “Bere ustetan an inguruko mingain berritxuak zioten bein itxusia, beinepein Braulia ainbatekoa etzan” (Zer 89).
Ezaguna da baita noizik behin edo noizik behinean be: “Abade izan, eta mezatan noizik-beinean abots altuan errezuak egin bear izanik” (F.Bilbao Ipuin.Barreka).
Behin-behineko dogu maiztasunez darabilgun beste forma bat, gazt. ‘provisional’ dalakoaren baliokidetzat: Hartu daigun ebatzia behin behinekoa izango da; aurrerago hobeto pentsau beharko da.
Adolfo Arejita