Barreak hain dira ugariak eta diferenteak ze, hitz-alkarketan josirik darabilgu sarri askotan zorioneko barrea. Bat edo batzuk aitatu daiguzan.
Barre-zantzoa, singularrez, edo sarriago barre-zantzoak, pluralez, darabilgu barre zaratatsua eta hots handikoa danean. Esanguraz hurrekoa da algarea, algarak, hau be sarri alkarturik, barre-algarak deritxaguna.
Barre indartsu, hots handikoak izendatzeko, karkaxadak edo barre-karkaxadak be esan doa, edo laburrago: barre-karkaxak. Izen horren oinarrian karkar barre egitea dago. J. A. Uriarteren luman: “An zirean aguren / ule tirakadak / eta auzoetako / barre karkaxadak” (Poesia Basccongada). Arrese Beitiaren hitzetan: “Orduan oi dituzun barre karkaxadak, / ez dira diruagaz erosten diranak” (Ama euskeriaren liburu kantaria). Eta E. Erkiagarenean: “Barre karkaixa zoroa” (Arranegi).
Nabarmenkeria agiri daben barre moduak diranean, barre gangarrak be esan daroagu.Barre gangarrak, itxurakeriazkoak izan ohi dira sarri, gangarra dan pertsonearenak edo gangarkeriak egiten dituenarenak; emakumeen kontura erabilten dira sarri: gangarra, gangarkeria eta barre gangarra. Idazle biren lekukotasunak. Eusebio Mª Azkue: «Barre gangarrak / daukez zantarrak [andreak]». (Parnaso 107). J. M. Etxeita: «Zergaitik horreek barre gangarrok? Zoraturik hago ala?» (Josetxo).
Purrustada izenagaz be eroso alkartzen da barrea, barre-purrustadak edo barre-purrustadaka eraginez. Kirikiñoren esanean: “Hasi ziran guztiak barre-purrustadaka” (Abarrak). Felix Bilbaorenean: “Noizik behinean barre-purrustadabatzuk eginaz” (Ipuin-barreka).
Barre samur leunarentzat badira beste izen alkartu batzuk. Euretarik ezagunena irri izenagazkoa. Irribarre dalakoa, geminatu semantiko tipoko alkarketa. Baina, datu kuriosoa: atzekoz aurrera be alkartzen dira izenok hizkera batzuetan, barre-irri edo farre-irri eihoaz, berariaz gipuzkera eremuan. Halan Iturriagak: “Aditu omen zien / beren erregua, / far-irria egiaz” (Fábulas). Lardizabalek: “Estali bearrean, irten eta farra-irrian beste anaiai esan zien”. G. Arrue: “Pozezko farra-irri batekin”. Irri izena, sartalde euskeran aldendu samar dago, irribarre moduko alkarkuntzetatik kanpora. Baina lehenago biziago egoan, barre finaren esangura leun horregaz hatan be.
Barre uzian be ezaguna da, berariaz gipuzkera eremuan. G. Arrueren honek on egiten dauenez: “Jenobebak farra-uxian aurrari laztan gozo bat emanaz, esan zion”.
Barre irudian be esaten da nafar-gipuzkera eremuetan: “Par-irudian bostekoa eman, / baino begiratu zorrotza” (Txirrita).
Murritz adjektiboaz be lotzen da barrea, berariaz Nafarroa aldean: «Gu hizketa hortan hasten ginanean, beti par murritzez egoten zan» kontetan dau J. Azpirozek Auspoan.
Barre eta irri izenakaz, edo euron aldaerakaz (farre, parre) erakarten diran adjektiboen artean ezaguna dogu –bera atzizkiduna. «Begi otxan parreberaak» idatzi eban gudu aurrean Lizardi poeta handiak. Eta Iparraldeko atsotitz batek dakarren esana: «Gizon erribera, edo elgerra edo alferra» (Oihenart Prov 194), gaurko erara: Gizon irribera, edo ergela edo alperra. Eta esangura beretsukoa da barresamur adjektiboa be. Azkueren esanean: «Gizaki potzoloak parresamurrak izan oi dira» (Ardi galdua).
Barre izena egin eta eragin aditzakaz alkarturik, maiztasun handiz darabilguzan aditz lokuzinoak sortu ohi dira. Eta horreetarik eratorriak dira barre-egikarri eta barre-eragikarri adjektiboak. Urdaibai aldean ondo sustraitua dago barre-egikarri adjektiboa: “izkirimiri batzuen artean gaurko jazoera barreikarri batzuk” (B. Aurre-apraiz). “Lina Morgan antzeslaria barre-egikarria izan da, inor izatekotan!” (Barrutia. Teresa Totorikaguena). Eta barre eragin aditz multzotik eratorria da barre-eragikarri adjektiboa.
Adolfo Arejita