Dakienak dakiHizkuntza

Zemendia errefrau bidez

Posted on

Zemendia, azaroa, hazila, ereitea akordauazoten deuskuen izenak dira hirurak, gari-ereitea batez be nekezal tradizinoan. Sartaldeko euskeran dirauen zemendi berbeak latinetiko sementia baten mailegua dirudi. Arabako erromantzean bada semencia berbea, gazt. sementera adierakoa. Hile honi deitzeko beste izen batzuk neguaren sarreran edo ateetan gagozala gogorazoten deuskue: lehen abendu (AN) edo lehenbiziko abendu (BN) izenek; udabarriak udearen sarrera iragarten dauen antzera.

Errefrauetan badira azaroko egunen laburra eta gauen luzea aitatzen dabenak. Ildo horretan, Azkuek (EY, 1664) honeek dakaz: Azaroko eguna, argiko iluna edo Azaroko eguna, argitu orduko iluna. Gernika aldean honetara entzuten da: Bostak eta iluna, txarria hilteko eguna, ordubeteren atzerapenaz, beste aldaera hau dauela: Seirak eta iluna… Behin azarora ezkero, neguaren ateetan gagozala iragartera datoz beste errefrau batzuk. Batek San Martin ingurua, azaroaren hamaika bueltea, ipinten dau negu gordinaren hurreratze alditzat: San Martin, elurra gertu din (A. Zavala Esaerak 2589). Beste batek, San Klemente bueltea, azaroaren 23a: San Klemente papa, elurra tipi-tapa. (D. Inza, 81).

Txarri-hiltea aitatzen da Seirak eta iluna… dalako horretan. San Martin inguruaz, edo behinik behin zemendiaz lotuta dagoan ospakizuna. Urte osorako, eta batez be negu eta udabarri inguru luzea igaro ahal izateko etxerako janaria, txarriki estimadua, egin eta gordeteko aldia.

Eguraldia dala-ta, zemendiko eguraldia ei da ondoko hileetan izango danaren iragarle. Horretarantz joten dabe honako errefrauok: Azaroan ortzia, urte onaren mentura (A. Zavala Esaerak 396) edo: Hazila hotz, negua motz; hazila bero, negua gero (Azkue EY, 1665), edo hirugarren hau: Jondoni Martinez iguzki, kasu gero otsailari (A. Zavala Esaerak 1649). Ekialdeko errefrauak, hirurak.

Durangoko zidarginen bertso-kopletan be egiten da zemendiko ereite-jardunen aitamena: gal-ereitearena, hatan be: Zemendija amaika, garijak ereiten dinoenean. Iparraldeko beste errefrau batzuk be gari-ereite aroa dala dakarskue gomutara: Jondoni Martine eder, ogia bota lurrer (A. Zavala Esaerak 1648).

Berakatza noiz erein be San Martin ingurua aitatzen deusku Azkuek baturiko dialogo-esaera batek (EY 11841): ?Zegaitik geratu haz horren ziztrin ?itandu eutsen berakatzari behin. ?San Martin aurretik enenduelako erein ?erantzun eban berakatzak. (Azkue EY 11841).

Eta edurra ona ei da gero uzta ona izateko, errefrau batzuk dinoenez. Halan dino Mokoroaren bildumako honek (57.142 znb.): Elur eroraldi bakotxak balio du ogi-urte. Eta behin abenduan sartu ezkero, edurra franku: Abendoan elurra burdinez, urtharrilan elurra altzaizuz, otsailan elurra zurez, martxoan elurra urez, Mokoroak bere bilduman dakarren arauera (57.142 znb.).

Iturriko
2013-11-18