Gaztelaniaz ‘cotilleo’ deritxona zelan esaten da edo adierazo daiteke euskeraz? Gaztelaniaz, ‘cotilleo’ izena baino lehenagokoa ‘cotilla’ adjektiboa dala esango geunke, eta horretatik eratorriak dirala ‘cotilleo’ eta ‘cotillear’ izen-aditzak.
Oinarrizko itauna hauxe genduke lehenengo. Zelan deritxagu eukaldunok, erderaz ‘cotilla’ dala esaten dogun pertsona bategaitik? Barritsu berbea jatort era-erara. Bertoko erderan be sarri entzuten da norbaitegaitik esaten: “Es un barritsu de cuidado”. Eta euskeraz berez lez jatorku esatea: Barritsu garbia, barritsu galanta edo barritsu hutsa dala urlia edo berendia.
Labayru Hiztegiak berba-kate luzea dakar ‘cotilla’ erdal hitzaren ordaintzat. Gitxi batzuk hautu ditugu, adierazte-indar berezia darakusela eta. Halan: kontakatilua dala bat. Edo: barrilapikoa edo barriontzia dala beste bat. Askoz zabalago eta biziago darabilgu nonzebarri hutsa dala halakoa. Adierazkortasun berezia dauka, urlia batu-banatu dala, edo batu-zabaldu ibilten dala esateak be. Autu berbeagaz eregitakoak dira: autu-batzaile edo autulari berbak. Eta irudimenak emon ahala beste irudi-berba garandu leitekez zerrenda horretan.
Aditzari, ‘cotillear’ dalakoari zein ordain emon? Erarik lauena, edo zeheen antzekoa, izan daiteke: barriketan egin edo barriketan ibili.
Eta izen modura, ‘cotilleo’ berbeari zein ordain erantsi euskeraz? Gure kazetariak aurreratu deusku forma ezagun bat: txutxumutxua. Sarriago adizlagun modura darabilguna: txutxumutxuan edo txutxumutxuetan ibili edo jardun.
Gure literaturan be ondo bermaturik dagoan hotsitz tipoko berbea: txutxu eta txutxu edo txutxu eta mutxu egitura iteratibo ezagunak dira. Domingo Agirre idazleak dino: “Hau dala ta hori dala, horkoa ta hemengoa, urlia ta sendia, esan da esan, txutxu ta putxu, ahal eban guztia luzatu eragiten eutsan mutilagaz eukan gatzbageko autuari” (Kresala). Eta E. Erkiagak: “Han hasi ziran, emakumeak ohi dabenez, txuxu ta putxu, hizketaldi luzeren baten, betiko antzean” (Arranegi).