Esakuntza baten barruan entzun ohi diran berbak: Ez buru ez buztan. Ez bururik ez buztanik dinoe.
Ez dauka oihartzun handiegirik esapide horrek euskeraz. Gaztelaniaz ezagunagoa da: “No tiene ni pies ni cabeza”. Euskal lokuzinoaren berezitasuna, ostera, buruagaz batera, buztana izentetan dauela.
Ezezka taiuturiko esapidea da: zerk edo hak bururik EZ buztanik ez daukala esatea; ekintza, esate edo zeozerk ez daukala zentzunik, sustrairik, ez fundamenturik. Buru-buztanen irudia beste batzuen isla izan daiteke. Edo: burua, goia da eta buztana, behea. Edo burua hasierea da eta buztana amaierea. Edo: burua aurrea eta buztana atzea. Arrazoibidetzat esaten dan horrek ez daukala koherentziarik, osotasunik edo borobiltasunik, zelanbait esateko.
Burua beti da “buru”. Eta bigarren izentzat buztana agiri da ia beti eta hizkera guztietan.
Tradizino idatzian, izen biok josita agiri diran egitura batzuen aitamena:
– Ez eukitea bururik ez buztanik. Iparraldeko tradizinotik: “Orduan phalangarietarik batek hasi zuen istorio bat, bururik ez buztanik gabekoa” (Fedearen.Propagazioneco 1881, 196).
Eta ezaguna da Iparraldeko tradizino modernoan buru-buztanak biak alkarturik erabilirik, buru-buztanik ez izatea egitura laburra, hainbat biderrez erabili izan dana. Hara Hiriart-Urruty kazetariaren pasarte bat: “Iduri luke horrelako ahapaldi buru-buztanik ez duten horien aipatzea bera kasik nardagarri dela” (Zezenak Errepublikan). Atzerago jota, XVIII. mendean, J. B. Etxeberrik dakar: “Hemengo hizkuntzak iduri du sasipetako zorien kantu gurguria berezia, buru-buztanik gabe” (Obrak mintzo). Eta oraintsuago, Piarres Lafittek bere liburu baten darabilena: “Jostatzeko, fatrasiak ere egiten dira, buru-buztanik gabeko bertsu errebesak” (Euskal literatura 42). Eta azkenez, Herria aldizkariko beste hau: “Zorigaitzez gehienetan kantu hoitako hitzek ez dute buru-buztanik” (Herria 8-10-1959).
Buztan izenaren ordez noiz edo behin agiri da zango izena be, gaztelaniaren iruditik hurragokoa. Elizanburu lapurtarrak “Nik ongi dakitana da haren predikuak ez zuela ez bururik ez zangorik, edo muthurrik ez buztanik” (Franmazonak 139).
– Izen biok mugagabez be erabilten dira, ezezkako esaldian, baina -ik partitibo barik. Nafarroa aldean baturikoa da: “Orrek ez du ez buru ta ez puzten” (Garate Erderakadak)(AN-gip-5vill, B). Geroago L. Villasante euskaltzainak be erabili izan dauen egiturea: “Arrazoi orrek eztu ez buru ta ez buztan, ikusi dugunez” (Jainkoa).
– Gehitu daiguzan buztanaren izenaz sorturiko beste esapide polit batzuk be.
Esapide bat: zeozerk beste buztanik euki egiturea. Halan: “Nafarroko erregeak egin zuen bere baitan, gatu horrek bazukela beste buztanik. «Il devait y avoir anguille sous roche» (P. Narbaitz San Frantses). Edo itaun eginez: “Petto bat izan ote da hori ala gatu horrek ba ote dauka beste buztanik?” (Herria 8-2-2001).
Bigarren esapide bat: Besteen buztan egotea. Hori be erabili izan da: besteen atzean, atzeratuta gelditzea aditzen emoteko. Halan darabil Jean Etxepare kazetariak: “Zerbait dakigun guziek ez badugu indar egiten gure lanaren argitzeko, beti gibel eta bertzeen buztan egonen da Euskal-Herriko jende xehea” (Mediku-solas).
Adolfo Arejita