Iragarki baten adierazpena: Saldua. Hain zuzen be, luzaroan salgai egon dan denda bat saldu izan dala honezkero aditzen emoteko. Saldua.
Oker handirik ez bada, Bizkai barruko uri hazi eta euskaldun bateko lonja baten irakurria da iragarki hau: Saldua. Inmobiliariek erakustokietan, etxe edo eraikuntza baten irudiagaz batera sarri ipinten dituen iragarkien bidetik: “Vendido” iragarri ohi dabe, frantsesez “Vendu(e)”.
Euskeraz, berez, gramatikaren aldetik zuzena da: SalduA. Iparraldeko hiztunek, eta neurri baten Ekialdekoek, nafarrek batez be, esango leukie horrela. Baina Hegoaldeko, batez be Bizkai-Gipuzkoetako jente euskaldunak, honelan esango leuke: SalduTA, edo gehienez be SalduRIK, era klasikoagoan.
Zein da adierazo nahi dan mezuaren itauna? Zelan dago, zein egoeratan dago lonja hau? Erantzuna, adberbial tipokoa da: salduTA edo salduRIK.
Zein ingurunetan erabilten dogu salduA, eta zertan bereizten dogu salduTA esatetik? Adjektiboaren edota izenaren ordezko aditza danean (erdi eta sartaldeko hizkeretan ). Esaera ezagun bat bada etxe eta eraikuntzen gorabeheran, gure herri pentsaeran sakon sartuta dagoana: SalduA galduA. Hau da, saldu DANA galdu da. SalduA eta galduA adjektibo balioko aditz partizipioak dira.
Hurreko adibide bat erabilita, komertzio edo denda batek ate ostean txartel ipinten badau, ordutegiaren arabera zelan dagoan une baten edo beste baten, normalean irakurriko doguna da, batetik: ItxiTA edo ItxiRIK, eta bestetik: Zabal-IK, zabaldu-TA edo edegiRIK/ edegiTA. Ez dogu normalean inon irakurriko, ez zabalduA ez itxiA edo zarratuA.
Edozein zeregin edo lan, behin burutu dogunean, esan edo idazten dogun aditz-esaldi laburra da: AmaituTA, edo bukatuTA, edo kitu eginDA, baina nekezago esango genduke: amaituA, buruTUA edo bukatuA, behinik behin sartalde eta erdialdeko hizkeretan.
Halanda ze, Durango, Gernika edo Mungia lako uri baten horrelako iragarpen-ohar bat idatzi nahi badogu, salgai egon dan lonja baten ingurukoa, salduTA idazten bada, errazago ulertuko dau jenteak.
Adolfo Arejita