Irakaskuntzan, eskolako edo unibertsidadeko irakasleari deitzeko behin baino sarriago entzuten dira, Maisu! gizonezkoentzat eta, eskoletan, Andereño! andrazkoarentzat. Erabilera hori ontzat emotekoa da?.
Egia esanda, norbaiti izen arrunt bategaz deitu edota bere izen bereziz deitu, ez da bardin. Izen bereziak artikulu barik darabilguz: Libe, Matilde edo Robustiano. Baina izen arruntaz zuzentzen gaiakozanean pertsona bati, kasu honetan lanbide-izen pertsona bati deitzen deutsagunean –maisu, andereño, irakasle‑, berez toketan dana da –a artikuluaz markatzea. Halan: MaisuA, edo maisu jaunA; AndereñoA edo andreA, edo generiko lez IrakasleA edota irakasle jaunA edo irakasle andreA.
Baina esaten bada: Bai, maisu; Ez, maisu; Bai, andereño, Ez, andereño, izen propio modura erabilten gagoz, eta ez da berez toketan.
Begirune, lotsa edo itzaltasun tratua emon gura badeutsagu aurrekoari, ezin dira ezetara be izen arruntak artikulu barik erabili, eta izenaren ostean jauna edo andrea ipinita, errespetu maila hori sendoagoa da.
Nik ezagutzen dot behinola alkate izandako bat, goitizen edo ezizen horregaz izendatua dana: Alkate, mugatzaile barik. Baina ezizenai izen berezi-propioen estatusa dabe. Kasu horretan bardin da Alkate deitu zein Jon deitu. Baina alkate karguan dagoan bati kargu-izenaz dei egin edo zuzentzen bagaiakoz, aukera bi ditugu. Edo izen soila mugatzaileaz: AlkateA, edota jaun edo andra atzetik ipinita: Alkate jaunA, Alkate AndreA.
Mugatzaile barik erabiltea izena, bere soilean, konfidantza giroan edo hurreko tratu giroan bakarrik darabilgu, eta normalean goragokoak beheragokoa, zaharragoak gazteagoa. Halan esan daroaguz: Bai, ume! Ez, ume! Bai, mutiko! Ez, neskato! Bai, mutil! Ez, neska! Edo Ez, neskatila! Bai, seme! Ez, alabatxo. Bai, gazte! edo eredu horretako gehiago.
Baina gizartean maila edo estatus goragoan dagozanak -a mugatzaileaz darabilguz. Halan: Bai, gizona! edo Ez, andrea! Eta senar-emazte izenakaz: Bai, senarrA edo Ez, emazteA.
Edo gizarteko kargu ohikoakaz: Lehendakaria. Sailburua. Ahalduna. Alkatea. Zinegotzia. Epailea. Maisua. Maistrea. Andereñoa…
Baina tamalez entzuten ditugu konfidantza gehiegiko izendapenak be, erabili behar ez diranak. Goi administrazinoan: “Aurrera, lehendakari! Zeurea da hitza”. Udal baten: “Zorionak, alkate!”. Ertzaintzan: “Bai, nagusi!” Eta irakaskuntzara etorrita: “Eskerrik asko, maisu!”
Adolfo Arejita