Ahoa eta sabela aurrez aurre, jate kontuari joakon errefraua da oinarrian. Normalena da, ahoa dabilenean, sabela poz sentitzea. Errefrau zahar batek dinoan erara: “Agoa dabilenean, sabela poz.” (EY 965).
Baina goian aitatu dan errefrauak, sabela poz barik, sabela hotz dino. Eta ahoa ibilian erabiltea barik, ahoa bero egotea. Oinarrian gauza bera esateko: ahoa bero darabilenak jan eta jan dihardu, jatun ona da. Baina zer dala-ta kontraste hori: ahoa bero eta sabela hotz? Hain zuzen be, ahoa bero izatea beste zentzun bategaz, bigarren zentzun bategaz darabilelako errefrau barruan: ahoberoa izatea, ahoberokeriak esatea. Horregaitik Azkuek irudizko interpretazino hau emoten deutso: “la boca caliente y el vientre frío, dice figurativamente de un hablador”. Eta aldaera honegaz baturik dakar: “Agoa bero ta sabela hotz.” (EY 966).
– Sabela dala-ta, gizakiontzat (eta bizidun ororentzat) daukan aginpidea erakustera dator aspaldiko errefrau bat: “Gure sabelak, gure jabeak” (Oihenart Prov 508). Eta sabela bete euki ezkero, edozertarako prest egotea gogorazoten deusku XVI. mendeko beste batek, sartaldeko berbetan esaten zan honek: “Dana sabelera ta Jerusalemera” (RS 311).
Sabela eta oinak konparatzen dituan Zuberoako errefrau zahar hau be bitxia da: “Dabilanak sabela handi, / dagoenak hoina handi” (Zalgintze 135).
Sabela eta arimea be alkarren kontrako edo arerio antzeko dakuskuz sarri gure sermoilari zaharren idatzietan. Mogelek dakarren hau testigu: “Sabelak emoten deutsu ardura geiago arimako gauzak baiño” (PAb), dirautso Peru nekazariak Maisu Juan barberuari. Eta hari berekoa da, frai Bartolome idazle etxebarritarrak pekatariei aurpegiratzen deutsen beste hau: “Bekatari tristeak! Sabela ta gorputza Jaungoikotzat artuta” (Ikask I).
Sabela irudi-izentzat hartuta, herrien gobernuagaz bardintzen dauen esaldi irakurgarri bat itxi euskun idatzita J. B. Eguzkitza idazleak gudu aurrean Gizarte auzia saio-liburuan:“Estadua sabel handi ta bihotz txikiko ugazaba da-ta”. Gaur guztien gustukoa ez dan esaldia, baina gaurkotasun handikoa edozelan be.
– Sabela bero egotearen inguruko errefrauen artean bada bat, ganaduen ausnarraren irudiaz: “Agoa ausnarrean dabil, sabela bero.” (EY 967).
Sabela bero eukitea dala-ta, Oñatiko Arantzazu aldean aspaldi baturiko esate modu bat: “Aitxua janda sabela bero, lotxo bat eindda kalera gero” (C.Izagirre Aranzazu-Oñate).
– Sabela poz segidaren lekukotasun zahar eta egokienetarikoa, Oihenartek XVII. mendean baturiko hau da: “Ahoa debilano, sabela boz” (Prov. 13). Geroago, Azkuek eta beste batzuk batuak dira antzeko gehiago: “Hagina dabilenean, sabela poz” (EY 960) eta: “Agoa gustora dabilenean, sabela poz” (EY 965).
Hari berekoa dogu sabela bete esapidea be. Sabela bete eta sabela huts aurrez aurreko egiten ditu E. Erkiaga idazle lekeitiarraren pasarte bikain honek: “Esteak kizkortuta iragan ondoren, sabelari betekada sendo bat emoteko eretia eldu jaken” (Arranegi).
– Sabela huts eukitearen gorabeheran: “Ahoa bero eta sabela huts” (Garate Atsot 307).
Sabela huts danean, esan izan dan hotsitza (onomatopeia), M. Larramendik dakarren erara: “Rugir las tripas, sabelak gurgur egin” (Dic.Tr.).
Adolfo Arejita