Dakienak dakiHizkuntza

Zeanuritik baraurik urteten badozu, Gorbeiara orduko DAMUTUKO JATZU

Posted on

Halan dau hasierea, Arratia aldeko kantu ezagun batek, damutu aditza barruan dauela.

Damutuko jatzu edo ez jatzu damutuko, berban-berban darabilguz euskal hiztunok, argumentu-egitura modernoago batez damuko zara horregaz edo ez zara horregaz damutuko esango gendukenerako. Bigarren hau, jakina, askoz ugariagoa da gaur egungo berbetan. Lehenengoa, behar bada, transmisino naturalez euskera iruntsi dabenen artean, eta batez be edade batetik gorakoetan.

Zer-nori damutu argumentu-egitura hori zaharra dogu edozelan be, esanguraz giza gogoagaz, giza adimenagaz edo giza borondateaz lotuta dagozan beste aditz batzuetan legetxe.

Damutzea norberari gertatzen jako, kasu honetan zuri. Norbera (kasu honetan zu) da subjektu semantikoa, baina datiboaz espresaturik agiri da esaldian (zuri); argumentu osagarria da gramatikaz, eta damutze gertaeraren hartzailea semantikaz; aditz prozesuaren hartzaile pasiboa, zelanbait esateko; damutzearen prozesua jasaten dauena. Eta objektu semantikoa, damutzea, esaldiaren subjektu gramatikal bihurtua da.

Garbatu aditza, aurrekoaren sinonimoa, argumentu-egitura berberaz erabilia da eta izan da: Garbatuten jakojokalariari jokoan egina (J. Mateo Zabala).

Argumentu-egitura hau onartzen daben aditzak, aitatu ditugun giza gogoaren adierazle edo inguruko esparru semantiko honetakoak hainbat dira berez, baina euretariko batzuei zuzenduko deutsegu geure oharmena, maiztasun neurri adierazgarria dabenetara, hatan be. Zeintzuk diran? Damutu aditzaz gainera, ahaztu, akordau, begitandu, eretxi, gogoratu, gomutau, haserretu, otu iruditu, zoratu aditzak dira ezagunen antekoak. Beste batzuk, ez hainbeste.

Haserrearen esparru semantikoan, Markinaldean entzuten diran esamodu batzuk aitatu daiguzan. Berdetu edo berbe jarri edo parau da bat: Hori esan deutsadanean, zelan berdetu jakon! Berotu da beste bat: Berotu jako eta inguruko guztiak joten hasi da. Ildo berekoak dira Jabier Kalzakortak aitatu deustazan beste honeek be: Hori esan eutsanean, zatartu jakon, Zelan txakurtu jakon!, edota Astotu jako. Azkenengo aditz egituron kideak lirateke, egitura hori ezagun ez daben edota ez darabilenentzat: zatartu da, txakurtu zan, astotu da edo asto jarri da, gitxi gorabehera.

Esparru semantiko berorretakoa dan amorratu aditzak be egitura bera jagoten dau hizkera askotan. Iturriagak bere alegiean darabilen esaldi hau, lekuko: Amorratutzen zaio / txalma andi onekin; / gosez irrikiturik, / ez daki zer egin.

Ahaztu aditza dogu zer-nori egituradun beste aditz ugarietarikoa. Goizean ahaztu egin jat biltzak hartzea etxetik urtekeran. Baina aditz honek, beste batzuk legetxe, hiru argumentu-egitura diferente onartzen ditu gitxienez. Joko iragangaitzaz, bigarren bat, eta geure-geurea doguna: Errekaduagaz ahaztu egin naz. Ildo berean, eta subjektua nor dala, honako aditz multzoa be ezaguna eta ugaria dogu, aspektu burua markatu nahi danean: ahaztuta egon: Esan dozunagaz ez nago ahaztuta (ni). Eta aditz iragangaitz modura jokaturik, bada errefrau zahar bat, dinoana: Hil nintzan eta ahaztu nintzan, zeinetan ahaztu aditza inpertsonal gisa jokaturik agiri dan, edo nahi bada, balioasiboaz: ahaztua izan nintzan.

Bada ahaztu aditzaren hirugarren egitura bat, nork-zer eredukoa, subjektu ergatiboaz lagundurik. Egitura honek be tradizino sendoa dau, eta bizi-bizi dago gaur egun be: Ahaztu eizu esan deutsudana; ahaztu eizu, mesedez. Iragankor modura, aditz honek bigarren egitura bat be onartzen dau: ahaztuta (edo ahazturik) euki.

Egitura hau bitxi gertatzen da gaur, ostera, beste aditz batzukaz. Horreetarikoak dira gura izan eta nahi izan. Gaurko erara esango gendukena: Jainkoak halan gura izan daiala edo nahi izan daiala esaldia, klasikoen artean behin baino sarriago beste era honetara irakurriko dogu: Nai dakiola [Jaunari], bada, orain ta beti, guziok beregana gaitzan artean. (Larramendi), Jangoikoari alan gura dakiola, baia eztakit, eztakit (J. Mateo Zabala).

Gomutau aditza, Bizkaiko isasertzetik (Lekeitio) kanpo gitxi entzuna da gaur, tradizino idatzian berme sendoa eukiagaitik. Eta entzuten dan lekuetan sarriago entzuten da nor-zegaz egitura barruan: Ez naz gomutaten ezegaz. Baina ezaguna da, halanda be: ez jat gomutaten egiturea, gure klasikoen artean bizitasun handiagoa erakusten dauena; Mogel dogu testigu: Gomutetan jatzu zer egin zeuntsan atso gaixoari?.

Belutu edo berandutu aditza be egitura beronegaz erabilia zan lehenago: Belutu jaku bidean, dirautso Peruk Maisu Juani Peru Abarka-n. Gaur egun, erregimen horregaz berandu egin lokuzinoa ezagunagoa dala deritxat: Beste zeregin batzukaz entretenidu jat eta berandu egin jat autobuserako.

Zer-nori egitura, esangura eremu honetako aditzakaz, askoz indartsuago dago hizkera batzuetan, beste batzuetan baino. Markinaldeko berbetako adibideak aitatu ditugu gorago. Eta bada aditz bat, begitandu, Lea-Artibai inguruan asko entzuten dana (eta handik kanpora mehats), erregimen berberaz ohi darabilena, huts handi barik: Kaletik pasaukeran, begitandu jat bera ete zan, ezagun bategaitik dihardugula. Baina ekialdeko bizkaieraren lekuko ziurra dan Mogelek be, bere alegietan, bardin-bardin darabil: Begitandu jakon kerizeagaiti, zala benetako okela zatia, ta autzean eukana baino andiagoa (Ipuiak).

Baina Markinaldetik ekialderantz zein sartaderantz joanda be, aditz diferenteetako adibide ugariak eskeini leitekez egitura honenak.

Zoratu aditzagaz, Busturialdean normal entzun daiteken harridura-itauna da: Zu burutik eginda zagoz. Zoratu egin jatzu ala!

Bego honenbestegaz oringoz.

Iturriko
2018-02-02