Dakienak dakiHizkuntza

ZATOZ! Adizki trinkoen agindu-indarra

Posted on

Aginduak emoteko era diferenteak dagoz euskeraz, beste edozein hizkuntzatan legetxe. Aditza agirian dala emondako agindu-perpausez jardungo dogu, berariazko arreta jarriaz aditz trinkoaz egindakoetan.

Aditz trinkoaz, jakina, joko trinkoa onartzen daben aditzekin. Beste guztiekin, ez dago beste modurik aditz konposatuaz egitea baino. Zatoz hona!, emon nei agindua, etorri aditzak joko trinkoa daukalako. Saldu eizu auto zahar hori!, agindu-perpausan aditz konposatua beharko dogu gura nahi gura ez, saldu aditzak ez dauela onartzen joko trinkorik.

Joko trinkodun aditzetan, era bitakoak ditugu: nor erakoak eta nork erakoak. Eta batzuen eta besteen erabilerak guztiz bestelakoak dira.

Lehenengo tipokoak da erakoak hartzen baditugu, honetariko adizkiak sortzen dira: zagoz, zatoz, zoaz (zu), hago, hoa, hator, habil (hi), edo zagoze, zatoze, zoaze (zuek). Horretara garatuak dira esaldiok: Zu pertsonaz: Zatoz hona, mesedez!. Zoaz hara apur baten! Zabilz kontuz! Zagoz geldi! Hi pertsonaz be sarri baliatzen gara, hitanoz dihardugunean: Hago isilik! Hoakit ondotik! Habil kontuz! Edo Etxepareren bertsoz: Euskara, habil mundu guzira!. Edo Legoaldiren askoz oraintsuagoko beste hau: Hator orain neugaz beste burdi batera, beste zati bat eratsiko deuat oindino, asebeterik gelditu haitentzat (Grimm). Eta zuek pluralaz: Trankil, mutilak; zagoze ardura barik. Neuk konponduko dot arazoa.

Bigarren tipokoak dau erakoak erabiliz sortuak dira egizu, ekarzu (ekatzu), emoidazu adizkiak, edo aditz klasikoagoak erabiliz, indazu, entzuzu. Euskera modernoan adizki transitibook -izu amaieraz (edo -izue, -ik atzizkiez, dagokionean) markatzen ditugu orohar: entzuizu, eroaizu, ekarrizu, jakizu, esaizu. Garibaik jasoriko errefrau batek dinoanez; Ekark, idia edo begia.

Hirugarren pertsona bati zuzenduriko agindua emoteko eredu zaharra b- aurrizkiduna da. Da tipoko aditzekin eregiak dira: bego/begoz edo betor/betoz. Bakanago entzunak dira, beioa/beioaz, eta nekez entzun edo irakurriko da bebil erako adizkirik, berez ezagunak izan arren. Dau tipoko aditzakaz ditugun aginte erako adizki trinkoak bakan be bakan erabiliak dira: bentzu/bentzuz, oraindino be bizi dana (agolinean egonagaitik) zaharrak dira guztiz: bekar/bekaz.

Hirugarren pertsonako adizkiok, gaur egun, berorika dihardugunean baino ez dira bizi leku askotan. Lehenago abade jaun bati gonbita egiteko modu bat izan zeitekean: Jauna! Betor gurera bazkaltzera!. Edo entzuteko eskaria egiteko: Jauna! Bentzu berorrek orain esango dodana.

Hirugarren pertsonako aginduetarako be erabilten dira, batez be hizkera jasoan, eta ekialdean gehiago, sartaldean baino: Beude gauzak bere lekuan! Sartaldean zaharkituak dira gaur egun, hizkera jagian erabilteko ez bada. Baina herri-herrikoak ziran lehenago. Ondoko ume-kantuan agiri dan bego adizkia lekuko: Txalopin txalo, / txalo ta txalo, / katutxua mizpila ganean dago. Badago, bego. / Bego, badago. / Zapatatxu barrien begira dago. Adizkiok bizitasuna eta herrikotasuna izan daben beste adierazgarri on bat da Aitagure zaharreko hizkera: Betor gugana zure erreinua.

Hirugarren pertsonako adizkion bidez emoten dan agindua, dana dala, leuna da, gomendioa edo erregua da gehiago, agindu-agindua baino.

Agindu zorrotzak emoteko 3. pertsonarako subjuntiboko adizkiak erabilten ditugu. Halan: Dagoala bere lekuan! Doala pikutara! Dabilzala geldiro! Datorrela arin! Datozala neure aurrera! Daroela nonora! Edo Mogelen elaberriko atso bentereak, jausi, laban egin eta mankauta zelaian zetzan lekutik egin eban sokorru larria: Dakardela barberua!. Aoristoko adizkiez emondako aginduzko adizkiok -la atzizkiaz markatzen ditugu beti eta hutsik barik. Bakanago entzuna bada be, izan aditzagazko aginduak be erabilten dira (Mungialdean entzun ditut nik behinik behin): Urlia haserre ei da. Dala gura badau. Niri bost ardura!.

Lehen pertsonako aginduak, norbere buruari edo norbera tarteko dan taldeari zuzenduak diranean, -n atzizkiaz markatzen ditugu. Nagoan isilik! esaten ekian gure auzoko atso batek, inoren txarrak kontetan hasi eta erdi-esan bakarrik egiten ebanean, dana osorik esan beharrean. Gaztelaniaz: Me voy a callar. Pluralean be sarri entzuna: Gagozan isilik. Ea zer dinoan!. Lehen pertsonako aginduzko adizkien artean ezagunena eta zabalena joan aditzaren pluralekoa dala pentsau lei: Goazen! adizkia, beste leku batzuetan Goiazan! esaten dana.

Gaur egun, ostera, gero eta gehiago entzuten eta idazten dira, aditz egitura konposatuak trinkoon ordez: Geldi egon zaitez! Joan zaitez hemendik! erakoak. Horreek be zuzenak dira, jakina! Hiztunok errazago joten dogu eurotara, erregularragoak diralako; hau da, joko konposatua baino onartzen ez daben aditzen modukoak. Eta adizki trinkoak gero eta baztertuago daukaguz, irregularrak diralakoan.

Nik bestetara egiten ditut kontuak: adizki trinkoak hainbat laburragoak dira, osagai bikoak baino; aginduak arinago emoteko erraztasuna eskaintzen dabe. Eta horrezaz gainera, tradizinoaren lur maminean sartuago dagoz. Zergaitik ez euron alde jokatu, ahal dogun guztian?

Iturriko