Ebangelioen lagun diran gutunetariko baten esaten da, eta halan entzuten da behin eta barriro: Paulo zalditik jausi zala. Zalantzea hau da: zalditik jausten da bat ala zaldi ganetik jausten da?
Gure belarriei arrotz egiten jakez zalditik jausi, astotik jausi eta beharbada, baita bizikletatik jausi erako egiturak. Eurotan guztiotan sartuko genduke berez eta igarri barik gane edo gaine atala lehenengo izenaren ostean, eta halan esan: Zaldi ganetik jausi, zaldi ganera igon, edo zaldi ganean ibili.
Era-erara dator gure irrati kazetari Libe Agirrek, amari Meñakan ikasitako errefrau ezagun honen esana: “Oinezkorik gura ez eta zaldi-ganekorik etorri ez”. Zaldi-ganekoa, zaldiz ibilten zan jauntxoa, zalduna beste berba batez. Jakingarria da guztiz izen alkartu honen egiturea: zaldizkoari edo zaldunari zaldi-ganekoa esateak lexikalizatze-egoera garbia darakus. Gaineratu daigun, aldi bateko gizartearen irudi erakusgarria dogula errefraua: oinezkoen ganetik egozan zaldi-ganekoak lehenago be, hurrean.
Lehenagoko garraiobide nagusiak zamariak ziran: zaldia, astoa eta mandoa batez be. Eta eurotan joatea gane/gaine izenaz lagunduta adierazo izan dogu: asto ganean, mando ganean, behor ganean edo zaldi ganean joan, etorri edo ibili.
Gainera igoteko ez dogu esan izan zaldira igon, ezpada zaldi ganera, asto ganera, mando ganera edo behorraren ganera igon.
Ibilgailu modernoagoak dira bizikleta-txirrindua eta motorra. Tramankulu modernoagoak etorteaz batera hizkuntza-egitura sistemea be aldatzera jo dogu. Bizikletan ibili esaten da, baina bizikleta ganean ibili esanda ondo baino hobeto legoke.
Autoaren kontua ez da gauza bera. Ze ez gara auto ganean edo bus ganean inora joaten; egitekotan be auto barruan edo bus barruan baino. Autoan joan, etorri edo ibili, esan ohi dogu. Kasuotan ez daukagu barru izena sartzeko joerarik, etxe izenagaz jazoten dan eran: Etxe barruan edo gela barruan egon leiteke bat musikea entzuten bape arazo barik, baina auto barruan joan nekez. Trenagaz be antzera jazoten da: trenean joan, etorri edo ibili egiten gara, nahiz eta tren barruan egiten dogun ibilaldi guztia.
Alemanez auf preposizinoaz adierazo ohi da guk euskeraz gane/gaine horregaz adierazoten doguna, eta ingelesez on preposizinoaz.
Mahaia hartzen badogu erreferentzia-izentzat, esango dogu mahai azpian edo mahaipean dagoala katua; mahai ganean ipini behar dirala platerak eta koilara-aizto-tenedorak, edota mahaian edo mahai inguruan batzen garala bazkaltzeko.
Ohea hartzen badogu erreferentziatzat, ohean lo egiten dogula esan ohi da. Gainetik izarak eta edredoia baditugu, ohe barruan, eta barruan sartzen ez bagara, ohe ganean gagozala etxunda.
Behea hartzen badogu, behearen gainean etxun garala esan geinke, nahiz behean etxunda egon be bardin ontzat emon.
Mendia hartzen badogu erreferentzia gisa, mendira igon dogula ondo esanda egon arren, tontor edo gailurrera bagoaz behintzat, mendi ganera igon dogula edo mendi ganera ailegau garala, mendi ganean egon garala atsedeten, edo mendi ganetik jatsi garala esatea zehatzagoa izan.
Oin edo hankak be gaine horregaz erabilten ditugu sarri: Oinen gainean ezin egon. Hanken ganean ibili ezin e.a.
Balada ezagun baten kopla bat bada, zaldi ganetik aitatzen dauena. Frantzia korteko baladan kantetan dan kopla ezaguna: “Jatsi zaitez Juanita / zaldi horren ganetik, / sartu deitzudan puñal hau / bihotzen erditik”.
Adolfo Arejita