Auzia honetan datza. Bihurkaritasuna, aditzaren erreflexibo izaera adierazoteko, aditz horren lagun buruA erabili, singularrez, ala gehiagori joakenean pluralez, buruAK. Zein da erabilera normala?
Eretxia daukat, burua darabilgula gaur egun hiztunok, bati zein gehiagori buruzkoa izan aditz egitura bihurkaria, singularrezkoa. Goiko esaldian, biri edo gehiagori zuzenduak dira desira onezko hitzak. Zergaitik darabilgun burua singularrekoa, eta ez buruak pluralekoa? Egitura erregularra, gramatikaz jagokona, formula finko bihurtu dalako denporearen ibilian eta berbakerearen eboluzinoan.
Halan bada, pluralezkoa be, buruak izenaz, egitura zuzen zuzena da. Tradizino klasikoan segurutik ugariagoa gaur egungo hiztunen usoan baino. Zaindu buruAK edo jagon buruAK gaur egun ohituraz kanpo dagoala dirudi. Horren arrazoia lehengoa: egitura finko bihurtu izana “burua” sintagma bihurkaritasun adierazle danean, bardin da batentzat zein gehiagorentzat.
Hizkuntzaren historian atzera egiten badogu, klasikoen artean, aditz bihurkariak pluralekoak izan eta buru izenaz espresatu nahi izan diranean, buruak erabili izan da. J. A. Mogelen eredu pare bat: “Gorde buruak!” (CO), “buruak orain agertu ta gero ezkutetan” (PAb 41). Baina orokorrean singularra da nagusi, lehen zein gaur.
Gaztelaniaz be, bihurkari edo erreflexibo balioz darabilguzanean aditzak, bereizi egiten dira singularrezko nahiz pluralezkoak: “Cuídate (mucho)” edo “Cuidaos (mucho)”, kasurako.
Gaurko euskeran, ezagun egiten jatan inguruan behintzat, singularrez entzun izan dot beti, agur-egite formula hori bati zein gehiagori zuzendua izanda be: “Jagon burua!”, soil-soilik. Edo: “Zaindu burua!”. Eta era pertsonalean esanda: “Jagoizu burua”, bati zuzendua, edo: “Jagoizue burua!”, gehiagori zuzendua.
Bigarren auzia: burua horren aurretik izenordain posesiboa bai ala ez? Izan be, hiztun onei erreparetan badeutsezu, mehatz edo ia ez dogu entzungo bere, neure, zeure pertsona-izenlagunik. Eta kontestu neutroetan halan izan ohi da. Egitura biak dira zuzen eta artezak: “Jagon edo zaindu zeure burua” zuzen esana da, baina bihurkaritasuna adierazo gura dogun askotan ez dago horren beharrik, mezua argi eta garbi aditzen emoteko; esaldiari ez deutso ezer edo ia ezer gehitzen zeure posesibo horrek; garbi ulertzen dalako, zeurea dala eta ez beste inorena.
Baina badira ingurune batzuk, hirugarren pertsona bati edo batzuei zuzendurik darabilgunean batez be, burua izena erakusleaz edo posesiboaz lagundurik erabilteak gehigarri bat eransten deutsienak: bere izenlagunaz. Halan: “Horrek ondo jagongo dau bere burua, inoren akordu gitxigaz”.
Noren burua izenlagunaz laguntzen dogu, zehaztasun horren preminan suertetan garanean batez be. Halan, besteren bategaitik dinogunean: “Haren burua arriskupean ikusten dot”. Edo errepika kontestu baten: “Zeure burua ez dozu zuk behingoan salduko!”, edo “Horrek ez dau bere burua hain erraz galduko. Zuhurra da hori!”.
Bide batez, gehitu daigun, badirala esapide eta alkarkuntza batzuk buru erreflexibo edo bihurkari horren inguruan: buru zalea, bere buru zalea eta beste hainbat. Asko horreetariko bat gailendu gura neuke: bereburu adjektiboa, ‘burujabe’, gazt. ‘soberano’ adieraz politika arloan aspaldi erabili izan zana: “Euskal Herria bereburu izango da” (Kirikiño, Aberriaren alde).