Urte sasoiak egitasmoa Euskal Herri osoan urtean zehar egiten diren ospakizun tradizionalak jasotzeko egin da. Herri kantuak, herri tradizinoak, sasoiari lotutako zereginak eta gure bizimodua osatzen daben erritu, ohitura, sineskera eta abar aurkituko ditugu bertan.
Labayru Ikastegiak eta Ikastolen Elkarteak alkarlanean landu dabe, herri erakundeen babesagaz (Bizkaiko Foru Aldundia, Azkue Fundazioa eta Etxepare Institutua).
Lau urte sasoitan banatuta dago edukia:
Oles ta oles Gabon zikloari jagoko: San Nikolas egunean hasten da, Marijesiak datoz gero, Gabon eta Eguberri, Inozente eguna, Gabon Zahar eta Urtebarri ostean, eta amaitzeko Erregenak.
Hou Pitxu hou! Inauteriei jagoke: Kandelariogaz hasi, San Blas eta Santa Ageda atzean direla. Ostean inauterietako egunak eurak datoz: Basaratoste, Eguen Zuri; Nafarroako inauteriak, Bizkaikoak, Gipuzkoakoak eta Zuberoako maskaradak.
Txulufrina eta arrosa udaberri-udako jai-ospakizunen bilduma da: Erreginak, San Joan egunaren inguruko ohiturak, neska-mutil gazteen arteko harremanak, ezkontzak, erromeriak, amodiozko kantuak eta Zuberoako pastoralak sartzen dira.
Pinpirin eta Florian udagoieneko kolorez dator, hor batzen dira ahozko literaturaren transmisinoa (kantu barregarriak, ume-kantuak, baladak), bizimodu tradizionaleko lanak (artazuriketak, ikazkintza, linuaren penak, ardaua, txakolina eta sagardoa, txarribodak, burdinolak), eta amaitzeko ehiztariak.
Herri kantuok abeslari ezagunen ahotsean datoz: Pantxoa eta Peio, Amaia Zubiria, Alex Sardui eta Anje Duhalde hurrenez hurren.
Euskal kultura ezagutzeko jakin-mina daukan guztiarentzat da egokia. Euskarri guztiak buztartuta dagoz, aurkibidea agirian dago, eta bertatik jo daiteke kantu, azalpen eta bideoetara, nahi dan gaiaren barri izateko.
Urte sasoiak webgunea lau hizkuntzatan dago: euskara, gaztelania, frantses eta ingelesez.