Dakienak dakiHizkuntza

URTIKA aditz adberbialaren geriza luzea

Posted on
URTIKA aditz adberbialaren geriza luzea

1. Urtika, urtigi, aditzetik adberbiora

Urtika hitza, bakarrean bakan, baina hitz alkartu barruan bigarren osagai lez, barra-barra erabili izan da euskeraz, sartaldekoan berariaz, hainbat esangura adierazoteko.

Urtika adberbio-hitzaren oin-hitza urtigi aditza dogu, ekialdeko euskeran aurtiki itxurea dauena, eta euskera baturako hautatua.

Urtigi aldaerea –eta urtegi honen bigarren aldaerea– zaharra dogu edozelan be euskeran, eta aditz kategoriarako zaharkitua be bai. Gaur sartaldean nagusi dan aditz aldaera nagusia jaurti dogu, atzean jaurtigi era zaharragoa dauena. XVI. mendeko RS errefrautegi goiztarrean agiri da: “Arria urtigi ta eskua ostu, / ax gizon galdu. // Tirar la piedra y esconder la mano, / eres hombre perdido.” (RS 405). Urtegi aldaera zaharra be badauka. Halan agiri da Otxoa Aringoren Ordiziko dotrinan (1713): “Desprezioz istua euren arpegira urtegiaz”.

Bizkaiera klasikoan jaurtigi aldaera da nagusi: “baiña ona nun, jaurtigiten deutsan ostikada zoli ta indartsu bat” (Mogel Ipuinak).

Urtika era adberbiala dogu urtigi aditz zahar horrek euskera bizian itxi dauen oinatz printzipala. Arkaismo bizia dogu urtika, berba bakar gisa nekez erabilten dan adberbioa. Postposizino-adberbioa dogu gehiago, adberbio bakuna baino. Azkuek zorrotz notatzen dau urtika hitzaren berezitasun gramatikal hori: “(Como segundo miembro de compuestos). «En Vc y G se usa mucho, pero siempre en composición con otra palabra, significando ‘lanzando, echando, arrojando’ […]. Txinpart-urtika (V,…), echando chispas, txisturtika (V,…), escupiendo, adur-urtika (V-m,…), echando babas»” (Azkue Diccionario).

2. Biziraupena

Sartaldeko euskera-eremuan gaur gitxi entzuten da eta atzeraka joan dala hitz hau ezagun da. Leku batzuetan, beste batzuetan baino sustraituago dago, baina han eta hemen izen jakin batzukaz batera; ez beste askogaz.

Corpusaren aldetik, lekuan-lekuan batu izan dan erabilera batzuk aitatu daiguzan labur. Hasteko, Bizkaiko kostaldeko edo kostatik hurreko herrietan jasoriko era batzuk:

Ainen-urtika Ibarrangelun jaso izan dau, ez hain aspaldi, Domingo Zuluaga bertako seme abadeak. Baina gudu-aurretxuan Otxolua mundakarrak honako berbak isuri euskuzan Bertolda liburuan: “Amurru bizitan bihurtu zan etxera ainen-urtika”.

Maldizino-urtika Bermeoko berbetatik jasorik dakargu: “Berantzako txarrau, maldesiñurtike badabil” (Ortuzar Oroigarriak), “Bai, maldeziñurtike ibiltten danan famie dako” (B.Bilbao Bermeoko).

Arratia aldean maiztasunez entzuniko berbetariko bat, apatxurtika adberbioa eta honen izen-erabilera, apatxurtikea dira. Irudi-esanguraz erabilia: “tximistea baino arinago”. Adberbio gisa: “Apatx-urtika iges egin eben guztiek”. Izen modura, “galapada, arineketa” adieraz: “Ha izan zan apatxurtikea! Hak atera dau apatx-urtikea!”.

Durangoaldeko inguruetan jasotakotzat jo leitekez beste era batzuk. Halan, Kirikiñok darabilen beso-urtika: “Artezkariak ikuste-eban […] ebilela beso-urtika ta garrasika, ta sinistu eban hau zala zoroa” (Kirikiño Abarrak II). Arrazolan jasotakoa da, eskolumeen mutikotako negu-jolasaren akordua: “Mutikoak edur-urtika olgetan eben edurra egiten ebanean”, gogoratzen dau Jesus Eguskitza herriko semeak.

Markinaldean jasorikotzat dakarz Azkuek beste batzuk. Halan: adur-urtika (adurra dariola), ipurturtika edo txinpart-urtika. Eta adibide eta guzti eskeintzen deusku beste hau: “Urteak baino lehenago zigarroa erreten hasten dira, eta gero txu hortik, txu hemetik, egun guztian dihardue txistu-urtika”.

3. Klasikoen oihartzuna

Gure klasikoen artean bakan agiri da urtika hitza, baina beti be hitz-alkartu barruan, bigarren osagai gisa. Bizkaierazko klasikoen artean ezeze, gipuzkerazko batzuen artean be bai.

Añibarroren egiletzapeko Esku-liburua-ren 1821eko argitaraldian –duda gitxi egin daiteke, beronen idazlea, 1802ko lehenengo Esku-librua-ren testuan oinarriturik Mateo Zabalak berridatzia dala–, daukagu lekukotza ziurrenetariko bat: “Dana dala beti da izkune okerra txitean-pitean gatz bagarik birao-urtika ibiltekoa”. Idatzi horretan birao-urtika dana, Zabalaren hurrengo besteotan juramentu izenari erantsirik be azalduko jaku urtika adberbioa; berba bi, esangura berekoak. Batean: “Dakus konfesoreak eze, jokoan jarten tzarean guztian egon bear izaten dozula birao ta juramentu urtika?” (Irun). “Beti dagoz juramentu-urtika: “Baneuko zerua”, esan oi dabe. “opa deustazun beste edo geiago, ori kosta jakona legez. Ez daidala alderik egin, ori baiño geiago opa ez badeuste. Ez neuke zerura joan gura, irabazirik geratuten bajat.” (Bermeo).

Juan Antonio Mogel geriza luzeko idazlearen idatzietan ez dogu urtika hitzori bere horretan idoro. Baina bai horregaz estu loturiko interjekzino erako berba bitan: urtik / urtikan eta urtikatu hitzetan: Urtik eta urtikan, bata bizkaieraz, bestea gipuzkeraz, harridura-ingurunean, urruntzeko agindu zorrotza adierazoten daben ahozko erregistroko berbak: “Urtik bat esaten bajako, alde egingo dau maiaren alboti, goserik andiena badauka bere; alperrik izango da gosesto salobrea” (Peru Abarka). “Urtikan prestuez, doillor, deabru, demonio edo Satanas gaiztoori!” (Kristau Erakasle Euskalduna). Urtikatu aditza, « jaurtiki » adiera berekoa: “Aserratu bearrean sendoki, aienatu edo urtikatu bearrean urruti, egon beren ondoan” (ibid.).

Baina honen loba Juan Jose Mogelek bai badarabil noiz edo behin. Halan 1816an: “Ez dituzu iños ikusi honra, fiesta, eztegu, eria ta euren debozinoeko batzarretatik doiazanean, bideetan kabiu ezin dirala, prakak jaso ezinik, berba bakotxean txistu urtika, keetatik urtenda lako begiakaz, ume guztiak bere burla egiten deutseela?” (Baseerritar Escolia).

Frai Bartolomek be txistu-urtika esapide berbera darabil: “Triste Kaipasen etxean, guzurrak ezarten deutseezala, ule-tiraka, txistu-urtika, ta burla minbera guztiak egiten deutseezala” (Ikasik I).

Klasikoen artean Pedro Astarloa durangoarra dogu, aurreko besteok baino askoz joko ugariagoa eskeintzen deutsana urtika hitzari, baina honek be eremu semantiko jakin batera mugaturik berariaz, Mateo Zabalarenean dakuskun berberera: birao, juramentu edo ainanino hitzen inguruan bilbatzen ditu urtika osagaiagazko hitz konposatuak. Halan: “Dakus konfesoreak jokoan ifinten zarean guztian, zagozala birao, maldizinoe eta juramentu urtika” (Urteko domeka I), “emongo baleu gizon batek estropezu bat, eta orregaitik jagiko balitz oiñaren kontra, joko baleu, agiraka abiauko balitz bere kontra, eta birao, aiñenino eta maldizinoe urtika ifiniko balitz, etzeunke esango zoratu jakala gizon ari?” (Urteko domeka I). Baina Astarloak badarabil baita, beste idazlek (bere aldikok behintzat) nekez darabilen ingurune baten, hatx eta harri hitzei dautsen kontestuan: “Eltzen dira oneek atx eta arri pilo parera, eta abietan dira berorrenak atx eta arri urtika.” (Urteko domeka II).

Iztueta zaldibiarra dogu, bestetik, urtika adberbioari eremu semantiko zabalagoa eskeintzen deutsan beste idazlea; jolas eta folklore eremuan darabil: harri eta makila izenekin, gazteen joko-jolas kontuan diharduala: “Makilurrunean, arriurtika, indarkean eta beste onelako egikari anitzetan jostaldiatzen dirala” (Gipuzkoako condaira); “Burruka, azpiraketan, burumutxika, txingoka, bilinbolaka, makillurtika […] igarotzen dituzte jai arratsaldeak” (Gipuzkoako condaira).

4. Konposatu libreak

Hitz alkarketa malgua daukala urtika hitzak ezagun da. Behin baino sarriago, eta idazle diferenteen artean, izen bigaz edo hirugaz batera alkarturik be azaldu ohi da. Hurrengo esaldian, hiru izen sinonimo alkartzen dituala: “beti-beti beragaz errietan dagoala, orregaitik aserratuten dabela, eta birao, madarikazinoe eta aiñenino urtika ifinten dabela” (P. Astarloa Urteko domeka I).

Baina alkarketa librea edo malgua izate horrek etorkizunerako hitz-sorkuntzarako be bere emendioa euki lei. Futbol hitz maileguzkoa finkaturik daukagula, ez beharbada baloi-urtika moduko berba baragarriak sortzen hasteko. Baina baleiteke beste esangura edo jarduera eremu batzuetarako.

Baldintza nagusia, beti be, urtika hitzak eransten dauen balioa bermatzea litzateke: “egotzi, jaurtigi, bota” eremukoa izatea.

Baliagarri izan daiteke konposatu-tipo hau, ez bakarrik adberbio kategorietarako, baita izen kategorietarako be. Halan eregitakoa da apatx-urtikea izena, apatx-urtika adberbio kategorian oinarriturik. Arratia eta inguruetako berbakeran ezagun-hurrekoak dira honetariko esaldiak: Ha izan zan apatxurtikea! Hak atera dau apatx-urtikea! Azken baten, galapan, arin-aringa, tximistea baino arinago igesi joan dala norbait adierazoteko.

5. Eremu semantikoa

Idatzi honi akabera emoteko, laburrean gogoratu daiguzan urtika honen eremuak eta zein beste aukera ohi daukagun horren ordainez. Jaurtigite, egozte, botate” esangurea da nagusi urtika horren eremuan. Eta horren faltan, honako beste aukerok erabili ohi ditue beste hiztun batzuk eremu berorretan. Halan:

Besaka, beso-urtika esan ordez.

Harrika, harri-urtika esan ordez.

Adurra dariola, adur-urtika esan ordez. Dindirria dariola, dindirri-urtika esan ordez. Guzurra dariola, guzur-urtika esan ordez.

Biraoka, birao-urtika esan ordez.

Maldizino-hotsean edo maldizinoka, maldizino-urtika esan ordez.

Asko da gaurkoz. Hurrengoan gehiago.

Iturriko

2019-10-17