Gabon inguruan errondan kantuan eta eskean ibiltea ohitura dogu, eta ez da jaiegunik hutsik egiten horretan. Gabon egunez Abendua edo Marijesiak dirala, eta azkenengo aldian Olentzero dala, herri gehienetan egiten dira kantaldiak eta eske-errondak.
Herri mailan ez, baina auzunean, auzokoen artean, umeak eskean ibilten izan dira Urtebarri egunez eta Erregenetan. Batean eta bestean, goizean joaten ziran umeak auzokoengana kantuan. Saria gozokiak, intxaurrak edo txanpon batzuk izaten dira normalean. Horretarako, baina, kantuan egin behar lehenengo.
Errezitadu moduko kantuak dira, erritmo bati lotuak. Gaur egun letreak ez dauka zentzu koherenterik, aitamen batzuk aitzeko modukoak diran arren. Bertsino guztiak antzekoak dira, baina guztiz aldakorrak aldi berean.
Urtebarri egunekoa hau edo honen aldaeraren bat izaten da:
Urte barri kari kari
intxaurtxu bi
hiru gaztaine
mari montaine
tiritiritaine
agillando magillando
urtebarri callando
emongo badozu emoizu
zeure begire gauzen artean
berandu egiten jaku
txarri belarri
dekonak ez dekonari
nik ez dekot eta niri
ostantzien txarri buzten belarri
Erregenetakoa, ostera, honen moduko bat zan:
Erregiak datoz
Erregiak datoz
Jesus adoratzen
Jesus adoratzen
gu be hamen gatoz
gu be hamen gatoz
limosnia batzen
limosnia batzen.
Apalazio zaldune
hiru Erregen egune
zotzak eta paluek
txori biaren kontuek.
Hemen gatoz lau,
kanpak joten bi,
emoizu limosnia
Jaungoikoagaitik.
Eup!