Uribe Hegoaldeko ibarretan, Arratiako eta Nerbioiko herrietan, guztietan ez bada, gehienetan, Urriak pluralez entzuten da sarri. “Hori noiz izan zoan ba? Edo, noiz dok ba?”. Eta erantzuna: Urrietan. Eta urrietan horregaz irailean aditzen emon gura dabe hiztunek.
Ibar bi horreetako herrietako euskaldunentzat, Urriak hile bi dira berez, beste gehienok iraila eta urria deritxegunak. Urria edo urriak, hutsik darabilen herri batzuetan, argi dago: ‘iraila, setienbrea’ izendatzeko darabile. Baina badira herri edo auzo batzuk, (Zeberion, Zeanurin, Diman berbarako) urrilelangoa izenaz zehaztasun handiagoa ezarten deutsienak hile-izenari.
Urri lehenengoa, hurrengo hileari, urtearen hamargarrenari, urri bigarrena deritxoelako eurotan herriotan, lehenengo horretatik bereizteko. “‑Hori noiz izango dok, ba? ‑Urri bigarrenean”. Inguru horretako euskal hiztunentzat, betiko hiztun edadekoentzat, ez dago irailik. Urria baino besterik ez.
Dana dala, urri izenagaz ‘setienbrea’ izendatzearen kontua ez da Arratia-Nerbioietako ibarretara bakarrik mugatzen. Nafarroako Sakanako herrietan be urri izenaz izendatzen da bederatzigarren hilea.
Gaur euskera landuan finkatu dan hile-izena iraila bada be, ez da ahaztu behar, agorra deitu izan jakola Gipuzkoarik gehienean tradizino-berbetan, nahiz eta beste leku askotan agorrila ‘abuztua’ izendatzeko erabili izan dan.
Hara EHHA dialektologia atlasean Aramaioko barriemoileak zelango zehaztasuna emon eban irail izena dala-ta. “Oin iraille, bañe nik estot ori ondo topau eitten, se oin irie erretiretan asi eitten da, baiñe iraille urrengua da geixau. Agorrien iketz ein; egurre erretirau, de gero irie ebaiten ekin. Samieletarako al basan ire apurtxu bet ekarten ekin”.
Adolfo Arejita