Dakienak dakiEtnografia

Umeen jokoak XIII: Lehen adinerako jokoak

Posted on

Era honetakoak imitazino jokoak izaten dira, eta pertsona heldu baten laguntzaz umeak jolas eginez ikasiko dau soinuak esaten, mobiduten, eta bardin oinez ibilten. Gizakiaren lehen aldia, ezinbestez, joko hutsa da, eta helduek haurrarekin daukien lehen hartu-emona jolas-ekintza da.

Haurtxoekin egiten diren lehenengo jokoak, batez be, gorputz atalekaz egiten direnak dira:

Txalo pintxalo

Txalo pintxalo / txalo ta txalo
katutxua mizperu ganian dago.
Badago bego, bego badago
zapatatxu barrien begira dago.

Din dan, nor hil da

Din dan, nor hil da
Peru zapataria.
Zer egin dau? Pekatu,
auzoko txakurra urkatu.
Hori ez dala pekatu.
Txiza pozuan beratu,
ta teila ganean sikatu.

Arrautzatxoarena atzamarrak erakutsiz

Honek arrautzatxua ekarri,
honek prijidu,
honek gatza bota,
honek piskat probau,
ta totolo honek dan-dana jan.

Lehenengotxuori

Lehenengotxuori,
punta behatzori,
beste guztien artean
txikerra dok hori.

Bigarrentxuori
punta behatzori,
beste guztien artean
nagia dok hori.

Hirugarrentxuori
punta behatzori,
beste guztien artean
luzea dok hori.

Laugarrentxuori
punta behatzori,
beste guztien artean
bizkorra dok hori.

Bosgarrentxuori
punta behatzori,
beste guztien artean
lodia dok hori.