Umeek, lehengo gizartean, kale zein baserrian, eurak egindako jostailuak bakarrik ezagutzen ebezan. Eta horretarako baliagarri izan eitekean edozein gauza erabilten eben.
Gure aitita-amamak ez eukiela zegaz olgau esaten dogunean, gaur eguneko moduko jostailurik ez eukiela esaten dogu, baina eurek edozer gauza hartzen eben eta erabilten eben jolasteko.
Jostailua gaur ezagutzen dogun erakoa, guztiz arraroa zan. Gaur egun jokoren baterako balio daben jostailuak dira nagusi, jostailua bera da garrantzitsuena. Gizarte hartan aldiz, jokoa jostailuaren gainetik egoan, eta jostailua jokorako tresna bat besterik ez zan.
Esaten dogunaren adibide jarri daigun neskatxen artean sano ezaguna zan jokoa, jatekoetara edo dendetara jolastea. Kasu honetan salgaiak era askotako gauzak izango dira, karez zuritutako ura esnea egiteko, belar zabal batzuk izango dira txuletak, harriak izango dira arrautzak, lata zahar bat izango da balantza, etab. Halako jostailu xehe eta soilekin jokoak egiteko moduak oso ugariak ziran.
Gitxi mekanizaturiko gizarte baten, jostailuak egitea bera be joko bihurtzen zan. Zentzun osoz hitzegin geinke ume-artisautzaz, nagusien artisautzaz egin ohi dan moduan.
Umeek eginiko tresnen artean: iturriak (kromoetan ebagiriko irudiak imini, pisua emoteko kristalezko zatiak imini, horretarako biribildu egin behar izaten ziran, eta iturriok patxadaz egitea trebetasun handiko gauza zan). Neskatilek yo-yoak egiten ebezen botoi handi eta kordel edo hari lodiarekin. Sarritan neskatilok andrakilatxoak egiten be jakiten eben, sorkitxoak erabiliz eta jantziak eginez. Tiragomak be urkuluekaz egiten ziran. Batzuk baekien frontoirako esku-pelotak egiten be. Doinu-tresnak be egin izan dira, zuhaitz-adarrekin, edo beste maila baten txistu egiteko albertxigoen hazurrak erabiltzen ziran.