Dakienak dakiEtnografia

Umeen jokoak VIII: Unibersaltasuna eta antxinatasuna

Posted on

Jokoak, eta kulturako beste arlo batzuk be geureak bakarrik direla pentsetako joera handia dago, eta zeozelan holan da, geure tradizino kulturalaren barruan dagozan momentutik, geure ezaugarriak daukiezalako.

Baina beste garai batzuetara edota beste kultura-giro batzuetara jo ezkero, harrigarria bada be, gure herri eta hirietako neska-mutilek egin izan dabezan olgeten antz handiko beste batzuk agertzen dira, euren bariante eta aldaketakaz. Eta beharbada gure artean bertokoentzat ditugun horreek dira izan be unibersalenak.

Hau beste arlo batzuetan be gertatzen da, adibidez nekazaritza-kultura guztietan agertzen da goldea edo buztarria. Baina golde edo buztarri hori kultura bakotxean desbardina da, bakotxak beraren ikutuak edo ezaugarriak emoten deutsazalako. Ba bardin-bardin gertatzen da jokoekaz be.

Joko zaharrenak izaten dira gehienetan hedadura zabalena daukienak: Adibidez tabak edo sakak, azurrak, puxtarriak, kalokak, tortoloxak… gaur egun ume-jokoa da eta batez be neskatilena. Baina joko hori kultura desbardinetan agertzen da antxina-antxinatik. Antxinako Grezian, esaterako, tabak etorkizuna asmatzeko erabilten ziran, eta apostuak egiteko gaur eguneko dadoen funtzinoa beteten eben, Homeroren Odisea obran aipatzen dira. Europan erromatarrek zabaldu ebela esaten da, baina Europatik kanpo be aurkitu daikegu jolas hori, Polinesian, Groenlandian… eta herrialde horreek ez dabe erromatarrekin hartu-emonik izan.

Beste hainbeste esan daiteke kanikei buruz, halangoak be mundu osoan ezagutzen dira eta Antxinako Egipton be aurkitu izan dira joko honen aztarnak. Beste kasu bitxi bat kumak deritxon jokoarena da, firu eta eskuekaz figura geometrikoak egitea. Hau be sano zaharra da, eta mundu osoan ezaguna. Ikertzaileentzako, joko hau enigmatikoa da, ze ezin da ulertu euren artean harremanik izan ez daben herriak, eta gainera bata bestearengandik hain urrin dagozan herriak, esaterako Zeelanda Barriko maoriak edo Artikoko eskimalak, edo Afrikako tribu askotan, danak hariekin itxura bardineko forma geometrikoak egitea.

Tronpan, txirringolan, txinboan kulunkatzea, asto-astoka eta itsu-itsuka, ostonduten, kaniketan, ogibideen itxurak egiten, txorro-morrora… Europan be antxina-antxinatik egin izan da. Parisen 1657an argitaratutako joko-bilduman agertzen dira, eta 1560. urteko koadro baten be azaltzen dira.
Beraz esan geinke ume-joko tradizionaletako ezaugarri bat arkaismoa dala, eta ikusten da euretako askoren jatorria antxina-antxinakoa dala, eta gainera beste kutsu batzuk be badaukiezala. Adibidez Bizkaian batu dan aukeraketa formula hau:

Txirristi mirristi
aurrena plata,
orio-zopa,
kiliki-saltsa,
urrun, perro, klik
ikimilikiliklik.

Honek sorginen kontra erabilten ziran formulak dakarkuz gogora. Edo gaur egun trukeme izeneko jokoak, antxinako laberintoei buruzko mitoak gogorarazoten deuskuz, gero kristautasunagaz arimak lurretik zerura egiten dauen bidaia irudikatzeko be erabili izan da.