Umearen jolas bizitza, gizarte zaharrean, izadia deritzogun horretan egiten zan. Baina lehengo umearentzat hori sano erreza zan. Izadia, arrainez, edo behintzat ugaraxoz eta sapaburuz beteriko erreka zan. Udan kirkilak kantari eta udabarrian loreak ernetan ziran zelai-landetan, sugandilak ezkutautzen ziran harrizko hormetan, saguzaharrak ebilzan eleizpeetan… Bestalde, egun luzeetan ibilaldiak basoan egin eta han txoriek habiak egiten ebezan zuhaitzak topatzea erraza zan.
Izadi hori ez zan baserri auzoetako umeena bakarrik. Edozein uri edo herri handik be baeukan bere barnean edo alboan honetariko izadi arloren bat, eta umeek, orain baino eskola ardura gitxiago eukiela, hor ibilten ziran edo uzta batzen, edo ehizan edo basoak arakatzen.
Umeen eta animalien artean hartu-emon desbardinak sortzen dira. Batzuk errespetuz tratatzen dira, eta ez jakie kalterik egiten; marigorringoa (eguraldiagaitik galdetu, atzamar puntara heltzen danean hegaz eguraldi ona, ostean txarra. Marigorringo, gorringo, bihar eguzkia ala euria egingo?), txirpilotak (arimak zirela pentsetan zan); elaiak (Jesukristori arantzezko koroia kendu eutselako eta euliak eta eltxoak jaten dabezalako). Baina, egia esan, garaitiko gehienekaz, helburua kalte egitea edo hiltea zan. Holako animaliatxoekin: zapaburu, ugaraixo eta zapoekin joko ankerrak egiten ziran. Sugandilei buztana ebagi, kurubio eta erleei atzekaldean erreteko paperak ipini hegaldi deigarriak egin arazoteko, saguzaharrei zigarroak erre eragin…
Izadi ekintza ugarienak: kirkilak edo txirri-txirriak harrapatzea; saguzaharrak iluntzean harrapatu zuhaitz-adar luze orritsuekin, marraskiloekin lasterketak, zeinek arinago egiten dauen ikusteko.
Halako ehiza edo bilaketak aldra edo taldeka egiten ziren, karramarrotan, lapatan, bare edo marraskilotan, mailukitan edo loretan joanez.
Ehiza edo abereekiko joko-ekintzen artean, bat nabarmendu beharra dago: txori-habitan ibiltea. Bizkaian joko honek izen berezia dauka, txori-ikasten. Udabarrian egiten da, gehienetan binaka ibilten ziran, sekula bere ez hiru lagun baino gehiago. Talde itxia izaten zan, eta taldekideei txori-lagun esaten jaken. Izen horrek argi erakusten dau euren arteko lotura. Baina talde horretakoa izateko, aurkitutako habiak isilik gordeten jakin behar zan.
Ekintza horretan baegozan usadiozko lege batzuk, derrigorrez jagon beharrekoak: elaien habiei ez jaken ikuturik egiten. Habiko arrautzak ezin ziran eskuekin ikutu, ze ostean amak gorrotoa hartzen eutsela pentsetan zan. Txorikumeak ezin ziran hartu lumaz jantzi baino lehenago, hegaz egiteko prest egon arte.
Joko horren meritua txori bikotea ondino habia egiten, habiginen, ebilela aurkitzea zan. Ezkutuko ikustaldiak egin prozesua zelan joian jakiteko; arrautzak ipinita egozan (arrautzetan), arrautzetik urtetea (luma-arrautzetan), lumatuta, etab. Gero lagunen artean harro esaten zan zenbat txori-habi aurkitu ebezan, zein txori-motarenak, etab. Baina sekula ez zan esaten habiak non egozan.
Dana dala, beti egozan arauak apurtuten ebezanak, eta batzuk arrautzak apurtuten ebezan txorikumea eginda dagoan ikusteko, habiak lekuz aldatu, beste umeei habiak erakutsi…
Beste ekintza mota bat, norbaiten solo edo ortura sartu, jagonda egoten zan lekuren batera, sagar, kereiza, madari… lapurretan. Sarri arineketa baten ihes egin beharra egoten zan.
Basoko frutuak batzea, neskatilen jokoa izaten zan gehiago; mailukiak, masustak, txarri-okaranak (endrino). Basalorak be biltzen ziran, esaterako txibiritak, koilarrak eta koroiak egiteko edo igarkizun jokoetarako, larrosa orritxoak uretan edo alkoholetan sartuaz kolonia egiteko…
Landareak batzerakoan be ezin zan edozer hartu. Esaterako «sugeen jatekoa» esaten jakona, ez zan hartzen, pozoitsua zala uste ebelako. Hartu ezin zan beste landara bat, umeen berbetan leku askotan «meacamas» deitzen jakona zan. Landara horregaz olgetan ibili ezkero, ume horrek ohean txiza egingo ebala uste izaten zan.