Jokoetan sailkapen kronologikoa egin daiteke
Sei-zazpi urte bete arte, jokoa da umearen jarduerarik garrantzitsuena eta ia bakarra. Umea ia-ia konturatu barik hasten da olgetan. Lehenengoz txintxirriari (sonajeruari) zarata ateraten deutsanean, umea harrituta geratzen da. Baina gero gurata errepikatuko dau, eta apropos egineko errepikapen horretan agertzen da lehenengoz jokoa.
Hasiera-hasiera baten bi edo hiru urte bete arte, mobimentu eta esplorazino jokoak izaten dira (atzamartxoekaz, eskuekaz, txalo-pintxalo…, beti be kantuz lagunduta), beraren gorputzaren atalez ohartzea eta jaubetzea, esan daikegu lehenengo jostailua euren gorputza eta euren amarena dala. Etapa honetan helduen laguntza behar dabe, eta laguntza horregaz umeak jolas eginez ikasiko dau soinuak oguzten, mobiduten, eta bardin oinez ibilten. Gizakiaren lehen aldia ezinbestez, joko hutsa da, eta helduek haurrarekin daukien lehen hartuemona jolas-ekintza da.
Edade honetako jokoetan atzamar eta eskuekaz egiten diranak, hanken ganeko kulunkak eta kuku egitekoak dira nagusi. Horretaz aparte, hizkuntzaz jabetzeko jokoak be garai honetan egiten dira. Hemetik aurrera, helduak imitetan hasten da, nagusien lanen antzezpenak egiten, «amamaka, etxetxeka, ugazabandraka…», eta gainera joko honeen garrantzi handiko ezaugarria sortzen dabezan bakarrizketak eta alkarrizketak dira, bakotxak funtzino bat betetzen dauelako, eta egoera eta kontesto desbardinak asmatzen dabezalako.
Hiru eta sei urteko tarte horretan eta gerotxoago be bai, umeak inguruan dituen gauzei funtzino desbardinak egokitzen deutsez, euren formea, materia… eta holakoak kontuan hartu barik. Fantasiazko jokoak nagusi izaten dira etapa honetan. Imajinazinoa sano handia izaten da edade honetan, palu bat zaldia, ezpata, eskopeta, arrantzan egiteko kainabera… edozer gauza izan daiteke, momentuan joko horretarako behar dana izango da.