Esaldi hori Urdaiabai aldean, Barrutiko auzoan aspaldi entzun eta ikasia dot. Funtzino-atzizki bat agiri da hor, inongo lekutan nekez irakurten, ez entzuten dana: -rentzakotzat. Hiztunak bere posesiboaren gainean erabilia: beretzakotzat, baina berbaz berantzakotzat. Aditz be bihurtzen dana: beretzakotu. Azken baten, bere eta beraren (/beran) bardindurik darabilzalako bere berbetan.
Zein da diferentzia: umea beretzat hartu edo berarentzat hartu esatetik beretzakotzat edo berarentzakotzat hartu esatera? Hori da auzia, sakonean.
Umea beretzat hartu dinoanak, umea berarena dala edo umea berea dauela aditzen emon gura dau. Umea beretzakotzat hartu dinoanak, ostera, besterik dino: umea berea balitz lez jagon edo berea baleu legezko tratua emoten deutsala.
Funtzino-marka hirukotxa dogu beretzakotzat horretan: bere edo beraren genitiboa, horren gainean -tzat/-tzako helburu-adierakoa bigarren, bere osoan -rentzat/-rentzako erakarriz, balio benefaktiboa edo helburu mesedegina eransten deutsana; eta akabukoz, -tzat prolatiboa hirugarren.
Egitura hirukotx hori guztiz bitxia eta mehats erabilia da.
Askoz ohikoagoa da, -tzat atzizki prolatiboaren gainean -ko leku-genitiboa erantsita erabiltea, hau be urria da baina: -tzakoa kasu absolutiboan. Halan darabil, berbarako, frai Bartolomek: “(a) “Jakin bear dozu, pekataria badoa bereariz konpesore bere ustezko nasaietara, erreztoago, penitenzia gitxigaz ta pekatariaren beraren naira irago dagion ta pena gitxigaz pekatuetati askatutzakoa egin dagion, ez daukala zetan piau alako konpesinoiagaz” (Ikasik III). (b) “Baina bada geure adiskidetzakoa, animosoa, sendoa, jarkia, indartsua, inoren bildurrik ez daukana ta arerio guztietati librau ginaizana, entero maite dogu.” (Ikasik I), “Kexau jakozan juezari Joseren kontra. Jose sartu ebeen karzelan. Ta azaldau zan bere pekatutzakoa.” (Ikasik II).
Atzizkitzat -tzakotzat dala, hitzik hedatu eta ugariena, aintzakotzat dogu duda barik. Ipar eta Hego, hizkera guztietan erabili izan dana, eta aldi zaharretatik. Baina aintzakotzat horrek lexikalizaturik iraun dau. Jeneralean hartu aditza lagun dauela erabilten da.
Frai Bartolome: “Apartau bear ditugu bada […] alkarreganik, geu bizi izateko bear ditugun gauzen gurariak, ta, ain bagarik igaro geintekezala, aintzakotzat burutazinoian sartuten jakuzan gauzen gurariak” (fB Ikasik II). “Erregina gure Andreak aintzakotzat ezagutu, eta legearen indarra emondako lege baten mendean. » Sancionada». (1863) (BBatzarN 203). Iztueta: “Euskaldunen izenekoak diradela enzutea aski da, zenbait aizebelatsek ostikoperaturik aintzakotzat ez artzeko” (Condaira ). Eta asko oraintsuago be bardin: “Inor gutxik belar onen azia ereiten du. Ez baidugu aintzakotzat artzen belar onen balioa” (Ostolaiz Senda-belarrak).
– Ezezka be inoiz erabili izan da: ez-aintzakotzat modura: “Eltzegile, oialgile, garazlari, ta orrelakoak ez-aintzakotzat zituzten” (Zaitegi Platon).
– Beste izen gitxi batzukaz be erabili ohi da.
Halan: Anaia izenagaz: “Kataluñarrek ez omen dituzte beren buruak españitarren anaitzakotzat” (Lizardi IL). Laborantzakotzat, Iparraldean: “Ez da oraino barraiatu gutartean laborantzakotzat igeltsuaren enplegua” (Duvoisin Laborari). Gudari izenaz: “Artobero apostolutzat eta Anjel erromatar gudaritzakotzat ibilli ziran” (Kresala).
Goiko esaldira bihurtuta, amuma zan andra bategaitik esana da beretzakotzat hori: amama horrek, amaorde egin guran, umea beretzat hartu esan ordez, beretzakotzat hartu dauela aditzen emoteko: berea baleu lez.
Adolfo Arejita