Odolosteak eta buzkantzak gogoan eta aho-mihinetan darabilguzan berbak dira. Baina izen bion artean, odoloste eta buzkantz berben artean dagoan aldea zein da?
Esan daigun txarriaren heste meheagaz egiten danari deritxola odolostea eta lodiagaz egiten danari buzkantza. Bizkai sartaldean murtzillea erabilten da gehiago aurreko izen biak baino. Baina leku askotan ez da bereizkuntzarik egiten heste lodi eta mehen arteko janarion artean: edo buzkentza deritxoe, edo mortzillea edo odolostea.
Euskaltzaindiaren Dialektologia Atlasak, goiko izenez gainera, baturik dakarzan izen ezagun batzuk: Euskerearen erdialdetik ekialderantz eta Nafarroan odolkia, Iparraldean odolgia aldaerea dauela. Eta euskerearen ekialdean, eta Nafarroako alderdi batzuetan, tripota.
Eta lopea, lopetoa, aita lopea edo Jainkoa deritxo buzkantz lodiari, gazt. “morcillón” izena jakonari, Nafarroan eta ekialdeko hizkeretan mondongoa deritxonari. Nafarroan, txarria hilten zanean, odolosteak egiten etxeko andrai laguntzen etorten ziran auzoko andrei mondongerak deitzen eutsien. Halan Anizko herrian.
Azpeitian, ia orain dala mende bete, J. M. Barandiaran etnografoari azalpen hau emon eutsien. Gaztelaniaz idatzita: “Se distinguen tres clases de morcillas: delgadas y de forma circular cuyo nombre es odolostia; rectas y algo más gruesas llamadas mortzilla, y las muy gruesas que reciben el nombre de jangizon o jaungoikua (G-azp)” (AnEuskFolk 1928, 18).
Odolostea zelan egiten dan Bizkaiko herri bitan, honelantxe azaldurik dator Dialektologia Atlasean. Berrizen: “odola, kipulie, porrue, lorengainue…, arroza be bai. Pikantie be eitten dotzie batzuk… Odol gustue kendu eitten dotzala…”. Eta Ondarroan: “gatza pixkat, eta porru ta kipula pixkat. Guk emen oraganu be bai. Ereiñotzik ez. Da gero kordak ein da gero, zumiaz eiñ txibistiñe lez, da gero galdara kobrezkuen antxe egosi, ta gero ese(g)i”.
Esaera ezaguna da: Odolosteak ordeaz. Erdialdeko hizkeretan: Odolkiak ordainetan. Zein usadio datza horren azpian? Txarria hilten zanean usu zan auzoen artean, txarria hil dabenak auzoari edo etxekonekoari odoloste-txorta bat emotea. Behin odolosteak egin, eta kordatu ezkero, mimenagaz edo zumitzagaz lotzen ziran eta goian (ezkaratzean, kamaran edo sabaian) eskegita ipini, arratoi eta katuek harrapau ez egiezan, eta hantxe sikatzen euki. Eta behin sikatu ezkero, txortatxo bana opetsi auzoko hurrekoei.
Gure umetako denporan, herriko abadea eta maisuari be eroaten jakezan odolosteak, txorta bana, aza orrietan batuta.
Txarriboda berbea modaratu da Bilbon eta uri nagusietan, gure herri txikietan txarri-hiltea esaten jakonari gainea hartuta. Ezteguagaz lotuago dagoan boda berbea sartu da hor irudi-berba lez, txarri-hilte ospakizunari egotzita. Nikolas Zendoiaren esaldi bat: “Txerri hiltze hoietako batean, pekatu bat egitea pentsatu nuen, bai, alajaina! Alegia, neuk kendu behar niola lehenengo pusketa” (Beranduko birigarroa).
“Odolostearen” izena Mogelek txarria eta azeria protagonista dituan alegi baten dakar, azeriak txarriari zuzenduriko hitzotan. Dinotso: “A tontotzarra! Lo egik; gizendu adi. Maite jituek ire odoloste, lukainka, gibel, bare, solomo ta doan guztia. Ire urdai gozatuak urte guztian egon bearko jok egosten, kuntzurrun ta solomoak sutan erreten. Jatorranean epailea, ta iru edo lau gizonek oratuta sartuten deuanean ganibeta samati erraietaraino, irrintzaka agoanean oinei ezin eraginda, esango dok: “O azeri zorionekoa! Eta zeinbat dontsuagoa azan ni baiño!”. (PAb).
Adolfo Arejita