“Txarri Eguna ala Txarriki eguna”. Zein dago egokiago esanda? [TXARRI-KI]
San Martin inguru horretan hainbat lekutan izaten dira txarri-haragiaren inguruko azoka eta erakustaldiak, bai Bizkaian, bai Gipuzkoan eta bai enparaduko lekuetan. Jai egun horren izenburutzat Txerri Eguna eta Txarri Eguna azaldu dira hedabideetan eta sareetan franku.
Baina txarri eta txarriki hitzen arteko bereizkuntza egitea komeni dala dirudi, jakiteko ea ganadu feria bat dan (asto, mando, behi limusin, ardi, ahuntz, txakur edo oiloena) ala haragi mota baten inguruko azokea dan garbi bereizteko. Abere-izen bati -ki atzizkia eransten deutsagunean, abere horren haragi mota izendatzen gagoz.
Animalietatik hasten bagara, gauza bat da txarria eta beste bat txarrikia. Gauza bat da txahala eta beste bat txahalkia. Ez dira gauza bera ardia eta ardikia, edo aharia eta aharikia, edo bildotsa eta bildoskia. Ez eta azuria eta azurikia, edo erbia eta erbikia. Eta hegaztietara bagatoz be, ez dira bat oiloa eta oilakia, edo eperra eta eperkia.
Eta animalia baten parte edo haragi atalen bat zehaztasunez emon gura badogu, bardin bereiziko ditugu abere baten sahietsak eta sahieskia. Ez dago alde makala abere baten tripak eta tripakiaren artean. Eta hari horri tira eginez, janari kontuan ondo ezagunak dira azpikia (falda), jakia, odolkia, urdaikia edo arrainkia, ezagunen batzuk izentetearren.
Egiari zor jako, halanda be, haragi mota batzuk izendatzeko nekezago darabilgula -ki atzizkia. Arraina jan dinogu sarriago, arrainkia jan baino.
Baina –ki atzizkia, ezertan sarri erabilia izan bada, txarri izenaren eratorkuntzan da, eta semantikaz argiro bereizten ditugu txarri eta txarrikia, beste haragi mota guztien gainetik. Halanda ze: Txarriki Eguna hobetsiko dogu, txarri izena ganadu-ferietarako lagata.
Eta janari moten eta haragi moten arloan -ki atzizki honek izan dauen erabilera onaren lekuko bikaina dogu J.A. Mogelen alegietariko baten, Azeri eta otsoaren alegian, hatan be. Hara zelan hasten dan alegiaren kontaerea Mogelen luman: “Otsoak batu zituan ariki, ardiki, erbiki ta eperki asko bere lezara, berak gogoak emon ala egun askotan jateko. Susma ta usainera eldu zan azeria leza aurrera; ta esan eutsan: “Neure Jauna, egun asko da ikusi ez zaitudala, ez alkarregaz egon, ez ibilli gareala. Damu emon deust onek; agaiti nator, zuk zegaz edo agaz poztu al bazinai nire biotz jausitua.”
Adolfo Arejita