Dakienak dakiHizkuntza

-TU atzizki aditz sortzailea: moroTU zein morenoTU

Posted on

Euskeran aspaldi-aspaldi sartu zan, aditz kategoriako hitzak sortzeko –tu atzizkiaz baliatzeko jokabidea, eta gure hizkuntzak bide hori hartu ebanik gora, gainerako aditz-atzizki zaharrak indargeturik geratu ziran aditz-eratorkuntzarako. Indarbarritzeko era barik geratu dira taiu edo morfologia zaharreko aditz-atzizkiok, corpus mugatu eta labur samarrera murrizturik: -i eta n atzizkiak, berariaz: haz-I, irabaz-I, egos-I tipokoak batetik eta iza-N, eda-N, esa-N tipokoak bestetik. Badira -o amaierako batzuk be, sarri n atzizkiaz alternantzian: igo/igan, igaro/iragan, eho (hil), eta osterantzeko beste tipologia bateko banakak be.

Aditz-atzizki zahar horrek, -i atzizkiak, bere eratorkuntza indarra galdu ahala, beste hitz kategoria baten aurkitu dau babesa, batez be adjektiboetan. Adjektibo asko ditugu euskeraz, jatorriz eta lehenago aditz izanak: zoli, agiri, aterri edo bizi lekuko. Eta horreetariko askok, aditz izatea berreskuratzeko, -tu atzizkia hartu dabe i horren gainera. Hainbat aditz ditugu, batez be euskeraren sartaldean, -itu amaiera dabenak: hutsitu, putzitu, satsitu, hatsitu, baltzitu, hotzitu, motzitu, gazitu, latzitu eta hainbat gehiago.

Beste aditz batzuk morfologia bikotxaz iraun dabe, leku batzuetan batera, beste leku batzuetan bestera. Sartaldean ahaztu (lehenago ahanztu) esaten dana, ekialdean ahantzi da, eta Lazarraga arabarrak antzitu (ahantzitu) idazten eban XVI. mendean. Sartaldean estaldu, bereiztu dana estali, bereizi da ekialdean. Lapurretan egin esateko ostu (onstu lehen) dana sartaldean, ohoini zan ekialdean, edo aberastu darabilguna ia guztiok aberatsi zan ekialdean, Oihenartek dakarrenez.

Esangura banangoak daukiez forma batak eta besteak lekuen arabera. Egosi cocer eta egostu escocer. Zauri bat zoldu egiten da eta pertsonak zein landarak zolitu egiten dira.

Bizi adjektiboaren (behinolako aditzaren) gainean biztu eta bizitu garatu dira, zein esangura banatakoak.

Berba baten, -tu atzizkia geratu da aditz sorkuntzarako atzizkietan jaun eta jaube. Edozein hiztegik jaso leikezan guztiak baino hainbat gehiago ditugu hiztunen ezpanetan, nahinon dala be, eta hiztunen ezpanetan erabiliak diran guztiak hiztegi-corpusean baturik balegoz be, hiztunok aditz eratorri barriak sortzeko ahalmena daukagun aldetik, hainbat eta hainbat barri sortuko gendukez beharrizanen arabera.

Halan, goiz hitza ointzat harturik, goiztu sortu dabe hiztunek, zeozertarako hitzordua goizago ipintea adierazoteko, kasurako: Beharra goiztu deuskue; lehen zortziretan sartzen ginan eta orain zazpiretan, ostera. Eta ilun hartzen badogu, ilundu sortzen dogu, bagil akabuan beranduago iluntzen dauela esateko, eta bardin gautu, gau izenetik.

Izen kategoriak aditz bihurtzen ditugunean, izena zenbat eta kualidade-adirazleago izan, hainbat eta erraztasun gehiago. Giza kualidade ezezkorrak adierazoteko be sarri joten dogu abere edo piztia izenetara: norbait zapoa dala esatetik, zapotu egin dala esatera jo geinke, edo satorra dala esatetik satortu, edo azeria edo lukia dala esatetik azeritu edo lukitu egin dala. Hainbat ezagunagoak dira gure artean, astotu, txakurtu edo txarritu aditzak. Kualidade bat prozesu bihurtzeko bide laburra: adjektiboa aditz bihurtzea, -tu atzizkia tarteko.

Atzizki honen bizitasuna eta indarra ondo garbi erakusten dau mailegu-berbakaz daukan eta aspaldirik euki dauen erabilera malgu aberatsak. Suabe adjektibotik suabetu: edadeagaz suabetu leike batek bere izaerea. Moreno adjketibotik morenotu, eguzkitan egonda, esaterako. Eta emakumea izan ezkero, morenatu be bardin. Mantso berbatik mantsotu, edo brabo berbatik brabotu. Turko berbea, adjektibo modura, balio gaitzesgarriaz erabili izan dogu. Norbaitegatik esatea turko hutsa dala, malmutza edo antzekoa dalakoa esateko. Eta halantxe esan ginei norbaitegaitik, turkotu egin dala denpora batetik hona.

Adjektiboak tu atzizkiaz adizteko joerea da indartsuena. Gehienetan esangurea zaindurik: eder > edertu, gaizto > gaiztotu, ugari > ugaritu, baina beste askotan aditz eratorriak esangura propioak garatzen ditu: txikia izatetik egurrak txikitzera aldea dago, edo mutiko bat okerra izatetik gauzak okertu egitera, bardin.

Adjektibo gaitzesgarrien aditzerako joera be igarria da: tontoa tontotu edo tontoagotu edo tontoegitu egin daiteke. Tentela, tenteldu. Kokoloa, kokolotu. Memeloa, memelotu. Papaoa, papaotu edo papamoskea, papamoskatu.

Izenetara bihurtuz, patata azaletik gai bat bere konplexutasunean azaltzera esangurak guztiz urrunduta dagoz. Edo beharra egitetik norbait zerbait egitera behartzera, beste hainbeste. Harria edo zura materia edo materialen adierazpenetik norbait zerbaitegaitik harritu edo zurtu egitera be alde handia dago. Bizidun baten narrua zer dan jakitetik, bizidun hori narrutzera, hari narrua kentzera be diferentzia agiria dago.
Zenbatzaileakaz be eratorkuntza irregularrak agiri dira: asko zenbatzailetik, aditz sortze zuzena askotu izan arren, gehitu da ohikoena, baina, ostera, gitxi zenbatzailearena gitxitu da, nahikoa-rena nahikotu edo zenbat-ena zenbatu.

Deklinabide atzizkiz markaturiko izen-adjektiboen gainean be erraz sortzen ditugu aditzak, batez be -ko leku-genitiboaren, -z instrumentalaren edo ra adlatiboaren gainean. Ezagunak dira edonorentzat etxekotu edo bertakotu aditzak, baina berez-berez eta arazo barik erabili geinkez hangotu edo hemengotu, edo herrikotu, auzokotu zein kalekotu, edo burura jatorkun besteren bat, hiztegietan erregistrorik euki eza gorabehera. Adlatibo-atzizkidunakaz beste hainbeste jazo ohi jaku. Ezagunak dira guztiz etxeratu, bideratu, hurreratu edo alboratu, baina ardura barik erabili geinkez uriratu, bilboratu zein mendiratu.

Aitatzea merezi daben beste batzuk ka atzizkidun aditzondoetatik eratorriak dira. Gaztainak altzikatu, kalea zeharkatu, pertsona bat zirikatu, irabaziak biderkatu edo usoak tirokatu, esaterako.

Eta jardunari atzena emoteko, dakardan amore berba zaharra gogora. Gure aurretikoek amore berbea erabilten eben, maitemina adierazoteko zein maitemindua izendatzeko. Eta gaur egun, dana maitemina eta maitemintzea dan egunotan, zergaitik ez haizeratu kaxa zaharren gordairutik amoretu aditza, ekialdeko hizkeretan erabili izan dan amoratu aditzaren kidea?

Iturriko
2016-07-22