Dakienak dakiHizkuntza

«Seinak dantzuana ezkaratzean, esan daroa atartean»

Posted on

Gaur be era batera edo bestera sarri dantzugun esakuntzea dogu hau, baina zaharra euskeraz be. XVI. mende akabuko Refranes y Sentencias bilduman horretaraxe baturik dator: «Seiak dantzuana eskaratzean, esan daroa atartean”. Umeak, etxean entzuten dauena esan ohi dauela kanpoan, berba baten.

Mezua harean diferentea da hurrengo honetan: umeek, dantzuen guzti-guztia buruan josten dabela, hatan be. Ibarrangelun ikasi genduan eran: «Umeak, zer ikusi, ha ikasi»” (Domingo Zuluaga, 2009-VI). Azkuek bere Euskalerriaren Yakintza-n aldaera bi dakarz antzekoak, bata ikasi-ikusi aditz bikoteagaz eta bestea zentzuna-entzuna izen bikoteagaz: «Umearen ikasia, etxean ikusia» (EY 1479) dino batean, eta «Umearen zentzuna, etxean entzuna» (EY 1480) bestean. Bigarren hau, berbaz berba, euskeraren eremu zabaletan entzuten da. Nik, Morgan eta Ibarrangelun gitxienez, honelantxe batu izan dot: «Umien zentzune, etzien entzune».

Ikasi-ikusi aditz pareagazko esakuntzea, umeei ezeze, edozein gizakiri egotzi ohi jako, ume zein nagusi, gizarte esperientzia zabalagoan: Zer ikasi, ha ikasi.

Eta ekialdean era beretsuan. Nafarroan Damaso Intzak Unanuan baturikoa da: «Ze ikusi, hura ikasi (Unanua).  Hori egiten dute haurrak eta gazteak; zaharragoak, bai etxean ta bai kalean, gogoan idukitzeko esaera» (EZ 97).

Errefrau zahar horretan euskal egitura zaharrak be ezagun dira. Seia edo seina hitza batetik. Dantzuana adizki trinkoa bestetik: entzuten dauena. Esan daroa ohiturazko aditz perifrastikoa bestetik, gaztelaniazko bertsinoan esangurea garbi darakusana : “Lo que oye el niño en el fogar, suele decir en el portal.”. Eta ataartean, gaurko hiztunok etartean ahoskatzen doguna. Etartea, edo atartea baserrietxeek aurreko partean daben barruraguneari deritxagu batez be. Baina baserrietxeek leku askotan ez daukie horrelako barrugunerik, sarrerako atea edo ateak baino. Eta osterantzeko izenak erabilten dira: portalea,  ataria, atetea, ategia, eta baita bebarrua, korralea edo osterantzekoak be. Iparralde zabalean larraina be bai, eta bortaitzina baita.

Sein berbea esangura harean diferenteakaz erabilten da gaur, baina edozelan be gitxi entzuna da gaur egun. Ume jaiobarria (eta jaioteko dagoana be) izentetako erabili izan da batetik. “Silla onetan baegoan / sei eder bat jarririk” darabil Lazarragak. Edo XVI. mendeko errefrau bilduma zaharrean, beste honetan be agiri da: “Seiakaz etxun dina, ukuzka jaigi doa” (RS 560), esateko: ‘umeakaz etxuten dana zikindurik jagiten dala’ goizean. Gure dotrina zahar baten esaten da ama birgineak “Seiña Iesu Kristo / dauko sabelean” (N. de Zubia, 1691). Edo Pedro Barrutia eskribauak Gabonetako antzerkian, kopla baten dino: “Ni orain indar baga, ni orain loturik, / sein bat bazter baten jaioagaitik” (Acto Nochebuena). Umea bateatu esateko, behin eta barriro aitatzen da: edo “Ondo batiatuko da seiña?” (Mogel CO). Edo sein bateatzakak, ume bateatubakoa esateko. Edo Pedro Astarloa durangoarrak: “Bardin dinot guraso eta inude seiña azten dagozanakgaitik” (UD II ). Baina, jaiobarria baino hazitxoago dagoan ume txiki edo haurra izentetako be erabili izan da sein izena. Landuccioren hiztegian, Gasteizko berbeta zaharretik baturik: “Niña o niño, segi neskatoa, segi mutila”. Eta: «Niñerías, segian gauzak” (Landuc.). Eta dotrinea irakasten jaken ume hazitxoagoei be seinak esan izan jake: “Lenengo irekasten jateena seiñai” (VJ 4) edo askoz oraintsuago: “Seiñak zerurako azi dagiezan” (Iturzaeta Azalduera).

Gaur egun be hondino etxeko seina esaten da etxeko ume txikiena izendatzeko, gaztelaniaz  “benjamina” esan ohi dana. Mungialdean, kasurako. Lekuko bati neuk entzuna esaten: Gurean neu nintzan etxeko seina.

Adolfo Arejita