Santa honek eleizaren santutegian ez dau martiri handien garrantzirik, herri ohituretan, ostera, agerpen zabala eta aspaldikoa dauka.
Santa Ageda hirugarren mendean jaio zan Sizilian. Lurralde haretako pretor batek emaztetzat hartu gura izan eban, antza neska ederra eta argia zalako. Baina beragaz ezkontzeko Santa Agedak uko egin behar eutsan kristautasunari, eta ez eban hori onartu. Horregaitik zigorraldi gogor baten ostean hil egin eben.
Zigorraldi horretan bularrak kendu, ebagi eutsiezan, eta horregaitik herri-tradizinoan bularretako gaitzen babesle, eta orokorrean, andrazkoen gaitzen babesle lez agertuten da. Haurdunaldi ona eta umeak eukiteko orduan bere laguntzinoa eskatuten jako.
Baina Santa Agedari beste eskaera batzuk be egiten jakoz: izpiritu txarren kontra, suteen kontra, ganaduen gaitzen kontra, eta Euskal Herrian buruko minen kontra be eskatzen jako.
Euskal Herrian Santa Ageda bezperak hartzen dau garrantzia (zezeilak 4): Santa Ageda herriko gazteriagaz, batez bere kintoekaz (urte horretan soldadizkara joango direnakaz) lotura handia dauan begiralea da. Horrexegaitik Santa Ageda bezperako ospakizunetan batez bere mutil gazteak ibilten ziran etxerik etxe eta auzoz auzo koplak kantaten.
Azken urteetan gizartean eta gure bizimoduan egon diran aldaketekaz ohitura honeek apur bat folklorizau egin dira, eta ohitura honetan parte hartzen dabenen eremua asko zabaldu da: orain neskak bere joaten dira, eta kintoak izan beharrean ba eskolako umeak, kirol taldeak, kuadrilak, etab. izaten dira.
Antxina etxerik etxe ibilten zirenean jateko jeneroak eskatuten ebezen: txorizoak, buzkentzak, arrautzak, intxaurrak… (kuestazinoak beti neguan egiten dira baserrietako kamarak eta kaxak beteta dagozanean), eta gero batutako guzti horregaz afari edo merienda bat egiten zan. Azken urteetan dirua eskatzen da, eta diru hori gauza desbardinetarako erabilten da: ikasketa-bidaiak, kirol taldeentzat, ezbeharren bat izandako herriren batentzat…
Abesten hasi aurretik kantau edo errezau? galdetzen da, beste kuestazino batzuetan moduan, eta etxean heriotzaren bat edo hil-zorian inor egon ezkero, errezau egiten zan.
Abesten diran koplak era bitakoak izaten dira:
Batetik Santa Agedaren bizitza eta martirioaren ingurukoak. Herri gehienetan bardintsuak izaten dira.
Etxeko jenteari zuzendutako koplak: Etxeko jaunari, andreari, neska gazteari, abadeari…, alkateari baimena eskatzeko. Honeek gehienetan laudorioz eta loraz beteko bertsoak izaten dira, azken batean helburua aginaldoa lortzea dalako.
Alkateari baimena:
Alkate jaunaz egondu gara
atzoko arratsaldean,
libertadea emon in dausku
ibilitxeko bakean.
Hasierakoa:
Bedeinkatua ta alabadua
ta sakramentu santua,
bedeinkatua izan deitela
etxe honetako jentea.
Ugazabandreari:
Bidean gatoz informaturik
limosnerea zarala.
Kamaran dago arkea
lukainka-arrutzaz betea.
Banan ta bile ibili barik
ekarri altzokadea.
Etxeko mutilari
Bartzelonako astilleruen
barku barri bet dauz eiten,
etxe honetako gure Josetxu
haraxe doa kapitxen.
Etxeko neskatoari
Erreka munen harrie
soinean gona gorrie,
eraztunetik pasa leiteke
Maritxu zeure garrie.
Hortxe goiean bost ardi
hiru jantzan ta bi adi,
etxe honetako Mari Begoak
klabelin gorri dirudi.
Ate atzean ezpata
ez Maritxu espanta,
Jaun zerukoak gorderik deko
zeuretzat morroi galanta.
Idi zuriek ekartzen dabe
mendi altutik otea,
zuriz da gorriz plegaurik dago
Maritxu zeure dotea.
Urtebarrien muna ganean
urteten dabe bitxiak,
harexek baino ederrauk dire
Maritxu zeure begiak.
Etxeko jaunari
Erreka ondoan lizarra
hari begira izarra,
etxe honetako nagosi jaunak
urregorrizko bizarra.
Urregorriz deu bizerra eta
diamantezko espalda,
berori baino gizon prestuaurik
herri honetan eztaula.
Ezer ematen ez dabenei:
Emongo bozu emoizu,
emongo ezpozu esaizu.
Haizea bere hotza da eta
nire lagunek aspertu.
Etxe atzean asune
etxe aurrean hazurre,
gure Jangoikoak emon deizule
kakapirri ta aztule.