Zemendiaren 11an ospatzen da San Martin, eta herri egutegian txarria hilteko sasoiaren hasiera da, orduan hasi eta Gabon bueltara arte. San Martin egunaren ganean badago makina bat esaera; batzuk eguraldiagaz lotuta, besteak jatekoagaz. Hona batzuk:
- Zemendian San Martinek orio zaragiak aurretik zein atzetik botaten dauz.
- Negu ona izateko, San Martinetako hiru biderrez edurra egin behar dau.
- Egiazko negua, San Martinetan hasten.
- Jaun done Martinen zaldiari, olorik emon ez.
- San Martin (11an) zegaz, San Roman (18an) haregaz eta Santa Katalina (25an) beragaz.
- San Martin, beharrak beharra eragin.
- San Martin logizu, ondoko urtea garizu.
- San Martin, negua atzetik edo aurretik, gehienean bietatik.
- San Martin uda, uda txiki.
- Horreri be etorriko jako bere San Martin.
- San Martinetako berakatzak egin.
- San Simon eta Juda zerekin, San Martin harekin.
- Txarri guztiei heltzen jake San Martin eguna.
Nekazarien munduan oin dala urte batzuk arte Euskal Herriko etxe eta familiarik gehienetan txarria hiltea usua izan da. Busturian esaera hau erabilten eben baten bat etxe onera ezkontzen dala esateko: txarria hilten daben lekura ezkondu da.
Txarria hilten danean auzoko, senitarteko eta urtean zehar zerbitzuren bat eskaintzen deutsenei (abadea, medikua, maisu-maistra…) odolosteak eta txarriaren beste gorputz atalak emoten jakez. Holan, batzuen eta besteen artean trukea egiten da. Hori oinarri hartuta, Bizkaian badago esaera bat: odolosteak ordeaz. Horrek esan gura dau, norberak zer egin (ona zein txarra), besteek be haxe egingo deuskuela.
Herri-kulturan asko agertzen da santu hau gure artean, San Martin txiki moduan askotan. Tradizinoak dinoanez, zuhurra be zuhurra zan, jentil eta basajaunei trikimailuen bitartez kendu eutsien euren jakituria, eta horreri esker ezagutu dauz gizakiak lurra landuteko hainbat gauza: gari-hazia, artoa noiz erein, zerrea zelan egin, errotarria zelan dabilen
Esaten da deabruak ikazkin bateri lagundu eutsala eguneko beharra egiten eta saritzat arimea eskatu eutsala. Ezpabere, San Martinen kantua esatea opatu eutsan eta hori aukeratu eban ikazkinak. Halanda be, deabruak beti tentau egiten dau eta, hamahirugarrena? itauntzen deutso Martini. Eta harek Ez dok hamahiru esaldi ospetsua erantzun. Bitoria Artetxe zeanuriztarrari jasotakoa da hau.
San Martin esaik bat
Gure jauna bera dok bat
Berak salbauko gaiozak.
San Martin esaik bi
Erromako altara santuek bi
Gure jauna bera dok bat
Berak salbauko gaiozak.
San Martin esaik hiru
Hirurek hiru eternidadeak
Erromako altara santuek bi
Gure jauna bera dok bat
Berak salbauko gaiozak.
(…)
San Martin esaik hamabi
Hamabi apostoluak
Hamaika mila aingeruak
Hamar mandamentuak
Bederatzi ordenaduak
Zortzi, zortzi zeruak
Zazpi sakramentuak
Seirak, seirak izerrak
Bostak kristoren llagak
Laurak ebangelistak
Hirurak, hiru eternidadeak
Erromako altara santuak bi
Gure jauna bera dok bat
Berak salbauko gaiozak.
Deabruak orduan:
San Martin, esaik hamahiru!
-Ez, ez dok hamahiru!