Dakienak dakiEtnografia

San Antonio Urkiolakoa

Posted on

Bagilaren 13an San Antonio eguna ospatzen dogu, herri eta auzo askotako zaindari eta jaieguna. Bizkaian seinaladuenetako bat Urkiolakoa da, hara joateko ohitura zabala izan da hainbat herritatik.

Urkiolako erromeria jai handitzat gogoratzen dabe hainbat jentek, gaztetan oinez joandakoek, bazkaria zapata-kaja baten eroanda.

Errogatiba eguna izaten da San Antonio egunaren inguruan eskualdeen arabera, baita gaur egun be.

Eta erromeria eta jai horren indarraren erakusle dira gure herri tradizinoan zabal-zabal dabizan kopla batzuk, guztiz ezagunak herri kantutegian.

Kopla-errepertorioak batzen ibilitako ikertzaileen artean Jabier Kalzakorta dogu emaitzarik oparoenetako bat emondakoa. 2007an Dantza-kopla zaharrak izeneko liburua argitaratu eban Labayru Ikastegian. Han batu zituan han hor hemen erdi galduta egon diran hainbat kopla-sorta, berak kopladi izena emoten deutsena. Hainbat lekutako eta barri-emoileren koplak batu ditu, zein baino zein zoragarriagoak.

Koplak euren artean ez dabe loturarik eukiten; horregaitik, Urkiolako San Antoniorenak beste batzuen artean txertatuta agertzen dira.

Markinako kopladia atalean topau doguz hona ekarri ditugunak, Markinan batutakoak lehengo mendeko 80ko hamarkadan.

Egunari bere izentazinoa emon guran, hona kopla polit batzuk:

Antonio
Urkiolakua,
hamaika neska-mutil
buztartutakua.

Askok egiten deutso
san Antoniori,
egun batian juan
da bestian etorri.

Urkiolara juenda
zapatak apurtu,
aite san Antoniok
barrixak eingoittu.

Durangon bazkalduta
Maarixen gora,
aldats aundixe dago
san Antoniora.

Durangon bazkalduta
Txakurzulon gora,
abarka sopitxia
ipurdixen gora.