Aditz perifrastikoa, konposatua, erabilita, agur esaten deutsagu, egunero edo sarri agur egitea adierazoteko esaten da; presentean, baina behin baino sarriago.
Orain momentuan, berbaz dihardugun presente honetan agur egiten dogula esateko, hobeto legoke aditz trinkoaz: agur dinotsagu.
Eta oraingo momentuan baino gerotxuago agur egitea adierazoteko, etorkizuneko aditz perifrastikoa erabiltea komeni da. Goiko esaldiaren harian: Ruper Ordorikaren kantu bategaz agur egingo deutsagu edo agur esango deutsagu gaurko saioari.
Gaztelaniaz sarri presenteko aditzaz espresatzen dogu futuroko ekintza bat, berariaz gerokotasuna adierazoten dauen adberbio edo izen-egitura bat alboan daukanean: “vengo luego”, “¿vienes mañana?”, “te lo traigo el martes”.
Euskeraz, aditz perifrastikoa daukagunean, ezin dogu holakorik egin. Ezin da esan: “Bihar *eroaten deutsut oparia”, ezpada “Bihar eroango deutsut oparia”. Eta adberbio barik be, ekintzaren esangurea geroari buruz danean, -ko atzizkiaz markatu behar da aditza, ez -ten atzizkiaz. Halan, proposamen bat edo eskaera bat egiteko itaun egiten dogunean. Berbarako, ezin da itaun bat egin esanaz: “*Joaten gara zeozer hartzen?”, ezpada “Joango gara zeozer hartzen?”. Gaztelaniaren eragin sarkorra dogu hor: “¿Vamos a tomar algo?”.
Formulatu dogun goiko esaldi horretan be, “*agur esaten deutsagu saioari” ez jagoko presenteari, momentukoari, ezpada hurrengo momentuari, etorkizun hurrekoari. Halanda ze, “agur esanGO deutsagu saioari Ruper Ordorikaren kantu bategaz”.
Adolfo Arejita