Pobre hitzaren sinonimo ezagunenak gure tradizinoan, txiroa, landerra edo ezeukia dira beharbada. Pobre, Iparraldean praubea, mailegu zaharra dogu euskeraz.
Txiro berbea be guztiz zaharra dogu (XVI, RS), baina hiztunok bidean galdu genduan aspaldi, harik eta XX. mendean hizkera landuan barriro erabilten hasi ginan arte. Berba gogoangarri eta gomendagarria gaur egun be.
Lander berbea be ‘pobrearen’ izendapenerako agiri dan berba zaharra dogu, baina ez dau aurrera egin, bazterrean geratu da.
Ezeukia, eukitsu izatearen antonimoa, herri berbetatik, euki aditzetik jalgi dan berba alkartua adierazgarria eta gardena dogu; egitura sinple baina argiaren jabe: ezer ez eukitetik hiztunok ezeuki izatera erakarri doguna.
Hainbat errefrau ditugu euskeraz, eta ertz diferenteetatik eusten deutsie batzuk eta besteek pobre danaren zoriari.
– Pobrearen arrazoia dogu bat, hutsa balio dauela, desarrazoiaren pare dala esateko. Gure herri euskaldunetan, jentearen gogoan ondo josirik dagoan errefraua, hatan be. Aita zanari ikasi neutsan aspaldi, Mendatako semea bera, honakoxe berbakaz: “Pobrien errezoie ta urruneko basoko egur igerra, bardiñek” (1987-12-26). Askoz oraintsuago Bernardori, osaba nebanari, Mendatako semea hau be, beste era honetara entzun neutsan: “Pobrien errezoia ta urrineko egur igerra, bata lakoxiek” (2012-07-30). Biek euren aita Zeberiori ikasita.
Aurreko horren konparantza berbera darabil Nafarroan D. Intzak baturiko honek: “Mundun hiru gauza galtzen dire alperrik: pobrearen arrazorea (arrazoia), mendiko egur igarra, ta alperraren indarra” (NEZ 472). Bilduma berorrek dakar hurrengo hau be: “Pobreen arrazoia beti sobra. Jende beharraren esana askotan ez da ezertan idukitzen.” (NEZ 291).
– Pobrearen harrokeriaren argumentua be agiri da atsotitz batzuetan. Ibarrangelun, bertako seme eta bertan abade izan zan Domingo Zuluaga euskerazale finak esakera hau batu eban: “Pobrearen harrokeriak eta txorokilen suak gitxi irauten dabe” (2009-VI). Txorokila, etxeko berbetan, burutxea. Beste batzuk txokorra deritxoe.
Pobre izatea beste zegaz kidetzen da gehiago? Zorri hilbiztua izateagaz be bai batzuetan. Esakerea da sartaldeko leku askotan, zorri hilbiztua baino txarragorik ez dagoala (Meñaka, Morga). Halan da esaerea Nafarroan be: “Pobre erresuzitatue baiño okerragorik ez dago” (NEZ 688). Oihenartek aspaldi mezu berau emon eban beste era honetara: “Jaunetan zein da latzena? Ezdeuseti jauntzera heldu dena” (Prov. 259). Eta bada beste nafar bat, dinoana: “Zorria baiño pobreago, ta zorria baiño lotsagabeago.” (NEZ 1095). Pobre lotsa txarrekoaren irudiaren erakusle.
– Satsagaz edo simaurragaz be bardintzen da batzuetan pobre izatea konparantza bidez. Lurrak, frutua oparo emon daian, simaurra behar dau; satsitu egin behar da. Baina satsik egiten ez bada, sats bako lurra ez ohi da emoitsua izaten; uzta laburra ekarriko dau. Irudi horrexen harian, satsbako lurragaz parekatzen da pobrearen ezkontzea batzuetan. Lezamako barriemoile baten esana, baina Zeanuriko jatorria daben batena, hau da: “Sasbako ereitea ta pobrean ezkontzea bardiñek” (Aitor Olivares. 2010-V).
– Pobrearen zoritxarra edo zorigaiztoa be errefraurik zaharrenetarik aitatzen dan leloa dogu. Hari horri tenk eginez, honeetariko eretxiak agiri dira errefrau batzuetan:
Pobrea iguin izaten dauela jenteak, eta aurrean erabili be bai batzuetan, gogoratzen deusku esakuntza zahar batek: “Txiroak dirudi insausti, / guztiok arrika beti. // El pobre parece nogal, / todos le apedrean siempre.” (RS 467). Intxaur-arboleari harrika, ea intxaurrik jausten dan.
Pobre-aberatsen arteko etena, edo orain esaten dan moduan, ‘arrakala’ adierazoten daben errefrauak be hainbat dira.
Gure bilduma zaharretariko baten, pobre eta aberatsak aurrez aurre honelan agiri dira: “Aberatsok jaia daude, / txiro gaxook beti neke. / Auzook bere igui daude / beti dabilena eske”. Gaztelaniazko bertsino zaharrean: “Los ricos tienen fiesta, / y los pobres cuitados siempre trabajo; los vecinos también aborrecen / siempre al que anda pidiendo.” (RS 3).
Pobrearen nekea be berbagai da batzuetan. Goiko errefrau zahar horretan agiri dan ‘txiro gaixook beti neke’ horren bertsino moderno batek dino: “Jente pobreak, neke doblea” (EY 2495).
Pobre-aberatsen arteko etenaren adierazgarri diran kristinau ikuspegiko ezagunak be badira. Halan, eleiza katolikoaren pentsabide tradizionalaren erakutsi garbia dirudian batek dino: “Aberatsa, inpernuko lebatza; pobrea, zeruko lorea” (EY 1844).
Ildo beretsukoa dogu, pobreari lagundu beharra aholkatzen dauen beste zahar bat be: “Ondo egiok landerrari; / Jainkoak dikek donari”. Gaztelaniazko bertsino zaharra: “”Haz bien al pobre; dar te ha Dios galardón” (RS 265).
Topiko ezaguna dogu, pobre-aberatsen bardintzea heriotzeak dakarrelako baieztapena. Herri-esakuntza batek halan gogorazoten deusku: “Behartsu bizi bahaiz, aberats hilko haiz” (EEZZ 498).
– Pobrearen premina gorria hartzen dau ituan beste errefrau batek, “oparin” berba zaharraren bidez. Dino: “Tamal eukok txiroari, / ta sorotsi aen opa[ri]nari”. Gaztelaniazko bertsinoa: “Lástima ten al pobre, / y a su necesidad atiende.” (RS 78). Tamal euki da ‘lastima, erruki izatea’. Sorotsi, ‘ardurea hartu’. Eta oparina, ‘beharrizana, premina larria’.
– Pobrearen bakartadea, lagunik eza be gai ezaguna dogu. Beste berbaz esanda, pobreari jenteak atzea emon ohi deutsala. Azkuek dakarren batek dino: “Norte haizeak leku gorderik ez, pobreak adiskiderik ez” (EY 1215). Eta beste batek: “Guziak aberatsaren ahaide, pobreak eztu bat ere” (EY 2468).
– Pobrearen nahibagea, oinazea, sufridu beharra, ‘arantzearen’ irudiaz azaltzen jaku batzuetan: “Beti dago arantzea pobreen oinean.” (EY 2133).
– Pobrea amesetan bizi dalako eretxia be ezaguna da. Pobre-aberatsen artean izaeraz, pentsaeraz edo jokabidez itzelezko aldea dagoala dirausku Azkuek baturiko honek: “Aberatsa, tranpa hutsa; pobrea, ames hutsa” (EY 1845).
– Guztiok txiro izatera bideratzen gaitu beste batek, doguna janda eta ez gehiegikerian ibilita. Dino: “Doguna jan ta txiro izan”. Gaztelaniaz: “Comer lo que tenemos y ser pobres.” (RS 314).
“Dagoanean bon-bon eta ez dagoanean egon” esakuntzaren mezu bera emotera dator beste zahar hau be: “Doguna jan dogu, / ta arlot gara biortu”. Gazt. “Lo que tenemos hemos comido / y nos hemos vuelto pobres.” (RS 329).
Eta azken eretxi bat, pobreak pobreari gorroto ohi deutsalakoa baieztatzen dauena; hau da, pobreak pobreari izaten deutsala gorrotorik handiena. Esaera zahar bat hori esatera dator: “Txiroak arlotea iguî. // El pobre al pobre aborrece.” (RS 493).
Adolfo Arejita