Bada esakuntza ezagun bat gaztelaniaz: “Genio y figura hasta la sepultura”, euskeraz be modu batera edo bestera esaten dana. Zein ordain emon geinkio euskeraz errefrau horri?
Errefrau honen esangurea onezkoa izaten da, personen izaerearen alde positiboa agirian ipinteko. Batzuetan ezezkoa be bai, jakina!
Bada izen alkartu bat, gure klasikoetatik jatorkuna eta pluralez erabilia: antz-irudiak, gaztelaniazko “genio y figura” egiturearen ordezko egokia. Agustin Kardaberaz jesulagunak darabil berba alkartu hori, gaztelaniazkoko ordaintzat «carácter, imagen» emonaz. Esakuntza honegaz on egin eban idazle beronek: “Antz-irudiak hobiraino”. Gaztelaniazkoaren ia hitzez hitzeko kidea. Seguru asko berbaz be, era horretan edo antzekoan esan izango zan errefrau hau. Ze bada beste errefrau bat, dinoana: “Antz-azturak hobiraino” (Garate Atsot 922).
Mezu berori edo hurrekoa aditzen emotera datozan beste esakuntza batzuk be badira, bat ezaguna: “Lehengo lepotik burua” (Pl.Muj). Baina beste askok be, zuzen edo zeharka, mezu beretsua dakarskue. Gitxi batzuk hautu ditugu.
Zama negatiboa darioe, positiboen gainetik, barruti honetako hainbat errefrauri. Abere-izenak irudikatzen dabezan honeek, berbarako:
Astoa aitatzen da hurrengootan: “Asto jaio, asto bizi ta asto hil” (Garate Atsot 1427). “Astoa beti asto” dino aldaera batek. Astoa eta zaldia konparagarritzat harturik, dino hurrengo honek: “Urrezko zelak ainitz balio, bainan ez astoa zalditzen” (Garate Atsot 1461).
Azeriaren irudia, beste mezu askotarako dan lez, honako be bai. Ezaguna dogu Mogel idazleak darabilen hau: “Azeri zaarrari ulea joan, baiña antza ez” (PAb). Eta antzekoa beste hau: “Azeri zarrari ilea joan ta buztana soildu, baiña larrua gelditu” (Garate Atsot 1744). Eta beste egitura bategaz: “Azeriek, buztana berekin” (Garate Atsot 1774).
Belearen irudia be sarri agiri da. Lumaz baltza dana ezin daitekela zuri bihurtu dirausku Iparraldeko honek: “Belea ikuz (garbi) daite, xurit eztaite” (Garate Atsot. 2333).
Eta kutsu ezesgarria darioe beti, deabrua aitatzen daben errefrauei. Baten esana: “Debrua zahartu, ez ordea ontu” (Atsot. 2929).
Erderazko “genio” izena euskeraz zelan dinogu? Mailegu bidez sarri: Horrek dauko jenioa! darabilgu edonork. Baina beste hainbat era be badira, personen izate-modua adierazoteko: izatea, izaerea, aztura, aiurria, nortasuna, ekarraia eta beste.
Sartaldeko berbetan sarri entzuten da izatea izen neutroaren balioaz: haren izatea, zure izatea, gure izatea… Gudu aurreko agerkari batetik jasoriko adibidea, gizonezko bati zuzendua: “Haundia da zure izatea, gizona!… Odolak beti irakiten euki beharra!” (Que tengas que estar siempre de mal genio! Batxi). (Gartzen Eguiluz) (Mokoroa OE).
Azturak esaten danean, alde txarreko izaerak azaltzen dira gehienetan. Goiburuko errefrauaren antz-antzekoa da hurrengo hau, baina zama negatiboaz: “Haztura txarrak sortzetik hiltzeraino” (Atsot 6605).
Berez eta berezko berbakaz eihotako errefrauak be badira ideia honi eragiten deutsienak. Halan: “Berez ez dana, ez da izaten” (Atsot 2416). “Berez eztana, ezta makilez ere” (Atsot 2417). “Berez eztanagaz, alperrik te (da)” (Atsot 2418). “Berezkoa nagusi de” (Atsot 2420). “Berezko joera, arraina uretara eta satorra lurpera” (Atsot 8101).
Aiurria be esaten da Nafarroan eta Gipuzkoako Beterri alderdian, persona baten “carácter, genio” kontzeptuarentzat. Aiurri berbea adi urri hitzen alkarkuntzatik eregia da. Azkueren esanean: “entendimiento escaso”. Horrexegaitik, hain zuzen, hiztunen ezpanetan lagun baten izakera txarra edo gaiztoa adierazoteko erabili izan da. «Aiurri gaiztokoa da, es de mal carácter», batu eban Azkuek. Leitzako hizkeran balio txar horregaz ei darabile beti: «Adiurri (de adi y urri: entendimiento escaso). Carácter, temperamento malo. Tiene siempre sentido peyorativo en Leiza. Hori mutikoaren adiurrie!» (Asp Anaf.). Orixek ariurri bizia darabil: “Berez ariurri bizikoa zan, bainan oso otzan biurtu zan” (Era de genio o carácter vivo) (Urte guziko Meza-Bezperak).
Jenio txarra daukanaz esateko, badira beste baliabide batzuk be. Bat: ernegazino txarra: “Beren ernegazio txarrak ondo bizitzen eztie uzten” (Su mal genio….) (Ibaizabal) (Elizetxea Enrique) (Mokoroa OE).
Baina jenio ona, apatza dauen jentea be izaten da. E. Erkiagak bere elaberri pasarte baten dino: “Aiurri, mendu ta izakera atsegina dau” (Arranegi). Eta R. M. Azkuek berak be, lehenago, aiurri izena balio onesgarriaz erabilen: “Euskaldunari bere mendu ta aiurri (carácter) agiriena emoten dautsan euskera maitagarria” (Lenengo.Euskalegunetako). Beste behin be: “Gizartean bizi izateko, alde handia daukate aurpegi-txuri, aiurri biguindun gizonak” (Itzaldiak II 71s.).
Amaitzeko, ‘mendu, aiurri, jenio’ kontzeptuaren inguruko lokuzino eta esaera batzuk:
– “Kastatik kontea”. «Kastatik kondeak» ateratzen dira. (De casta le viene ese genio….) (Mokoroa OE).
– “Jenioak ez dira erosten” ( =El genio no se vende en botica = cada uno viene al mundo con el suyo.)” (Intza EZ).
– “Aitatatik” edo “amatatik” jatorko (seme edo alabeari izakerea).
– “Amaren semea dago…; ama berbera dago….” (Cómo se ve que es hijo de su madre! Cómo se le parece en el genio!) (J. I. Iztueta Vocabulario manuscrito) (Mokoroa OE).
Adolfo Arejita