Esan leiteke: egunero, astero, hamabostero, hilero, hiru hilabetero, sei hilabetero, urtero… eta luzatzen hasi ezkero, mendero be bai. Hau da, -ro atzizkia denpora-aldirokotasuna adierazoteko darabilgu aspaldirik, lehenagoko gure klasikoetan egunoro, hiloro, urteoro… erabilten zana; oinarrian, oro zenbatzaile multzokari zaharra atzizki zaharra, lehenengo postposizino eta gero atzizki bihurturik. Iparraldean hondino be bere itxura zaharraz dirau: egun oroz, aste oroz, urte oroz eta halan.
Baina euskera zabalean atzizki edo postposizino bihurturik darabilgu gaur egun, apur bat itxuraldaturik: oro > -aro > -ero. Baina, itxuraz ezeze, aldatze sakonagoa jasan dau beronek: denpora-izenei (izen jakin batzuei berariaz) lotuta dirau: goizero, gauero, arratsaldero, iluntzero, goizaldero…, baina atzizki malgu eta libre gisa; eta eratorkuntza-atzizki modura azken baten.
Jatorrian izen kategoria dana (egun, aste, hile, urte, martitzen…) adberbio kategoriara bideratzen dau; izen kategoria zana adberbio kategoriako bihurtzera. Eratorkuntza-atzizkiek egin-eginean be jasan ohi daben eraldatzea.
Baina gramatika-lege ziur eta zorrotz baten mende darabilgu -ero atzizkiori: izen soil baten atzean beti be; ez izen multzo konplexuago bati dautsala. Esan gura da: denpora-izen horrek zenbatzaile bat lagun badaroa, esaterako, egun zana bost egun bihurtzen badogu, orduan ez dala bideragarri -ero atzizkia. «Cada día», esan daiteke euskeraz: egunero. Baina «cada cinco dias» esan gura badogu, ezin dogu esan *bost egunero. Beste esapide edo egitura batez baliatu behar dogu gura nahi gura ez. Edo: bost egunetik behin; edo: bost egunez behin; edo: bost egunerik bost egunera, edo antzekoren bat.
Esan geinke egunero, baina ez *bi egunero. Ez eta *hogei egunero. Esan leiteke astero, baina ez *lau astero. Esan leiteke hamabostero be, ze hamabosta, zenbatzaile baten gainean eregitako izen finkoa dogu, gazt. “quincena”, baina ez *bi hamabostero.
Esan leiteke baita, nire eretxiz, hiru hilabetero edo sei hilabetero, funtsean hiruhilabetea eta seihilabetea izen lexikalizatu bihurtuak diralako, gazt. “trimestre” eta “semestre”. Eta urte ointzat hartuta, esan daiteke urtero, baina ez *hiru urtero.
Goiko adibidera atzera etorrita, *hamabost egunero ez dago zuzen esanda. Hamabost zenbatzaileagaz jokatzekotan, izen bihurtu beharra daukagu, hamabost > hamabost-a, eta esan: hamabostero.
Zenbatzailea denpora-izenaren lagun hartzen bada, ze estrategia daukagu aldirokotasuna adierazoteko? Perifrasi luzeago batera jotea.
Egun bi hartzen badogu ointzat: egun birik baten, egun birik behin edo: egun biz behin, edota egun birik egun bira.
Eguenero izan beharrekoan gure irratsaioa, batean bai eta bestean ez izango balitz, zelan esan hori? Aste birik behin, edo: eguen birik behin, edo: eguen biz behin ‑edo baten‑, edota: eguen birik eguen bira. Horreek dira aukera nagusiak, gure ustez.
Adolfo Arejita
Lau haizetara