Esker onekoa adjektibo alkartua, egon aditzagaz barik, izan aditzagaz buztartzen dogu, beti edo ia beti: Esker onekoa izan behar da mesede egiten deutsunagaz. Edo: Asko estimetan da esker onekoa dan jentea. Edo: Esker onekoa danagaz portakizuna euki behar da. Tradizinoko testuetan, halanda be, ez da hain ugaria egitura hau. Ia beti izan aditzagaz.
Beste aditz batzuekaz be bai horraitino: “Bere buruaz lotsatuta, ain karidade sutuaz miretsi ta uzkurturik, […] aldatua oso, beste bat zala ondorengo guzian, bere […] ongilleaganako guziz esker-onekoa ta aiskide bikain da mamikoa bizi izandu zan” (Ign. Aran SIgn).
Esker oneko izenlaguna gehienetan -a mugatzaileaz agiri da: “Izan zaitezala esker onekoa, aztuten ez nozula zeure orazino ta eskarietan. Eta urren artean, Agur.” (Añib EL1802). Eta mugatzaile barik, zuzena izan arren, urriagoa da: “Adeitsu ta esker oneko izan beti be Katalina Otalora andrearekin” (Santi Onaindia Santa Teresa).
Esker ona izen-adjektibo segida alkartu antzekoa be, sarri darabilgu, eta hainbat aditzegaz. Ez singularrez bakarrik, pluralez be ugaria da: esker onak. Hara batzuk:
– euki aditzagaz: Esker ona euki lagundu deutsunagaz. Horren kontrakoa, esker txarra. Hau be euki aditzagaz: “Norberak mesede egin eta beti esker txarra. [norberagaz euki]”.
– zor izan aditzagaz: “Esker ona zor deutsagu mesede egiten deuskunari.”. Tradizino idatzian: “Sortu nintzanik ona zabiltz nire laguntzan: berein esker ta mesede zor deutsudaz.” (Añibarro EL1803).
– emon aditzagaz ugaria da: “Beskari ta apari ostean esker onak emoteko oraziñoa” (Añibarro Voces Basc.). “Ze prestueza, ze otzorra ta leorra nasan zuri esker onak emoteko!” (Añib EL1821). “Amari esker onak eman ta lasterka arinian juan zan […] etxeruntz” (Krisp. Beobide Asisko Lorea). “Esker onak emoten deutsudaz barko arratse iluntzarik egunsentiko argira atara nozulako” (Añib EL1802).
– agertu aditzagaz: “Agertu diegu […] geon esker ona” (Krisp. Beobide Asisko Lorea). “Laiño ta lurrun, haize ta arnas, / bizitz-marmaririk oro, / esker-onaren agergarritzat / zerura igo bai igo” (Salbatore Mitxelena Aranzazu 175.).
– erakutsi aditzagaz: “Esker ona erakutsi….”
Esker onez eta esker onagaz adizlagunak be ezagunak eta erabiliak dira. Halan: “Beste palta txikarragoak, nai esan moduan, nai eureen ornidurian, edozeini entzungo neuskioz esker onagaz” (frai Bartolome).
Esker onaren agiri formulea be ezaguna da: “Txikitandik euskeraz mintzatzen irakatsi zidaten aita-ameri, esker-onaren agiri” (Pepe Artola).
Gaztelaniako “Estoy muy agradecido” zelan esan euskeraz? Modurik soilena: eskertuta/eskerturik egon aditz lokuzinoaren bidez: Eskertuta nago edo gagoz, edo Eskertuta egon behar zeunkie. Eta hanpaduraz edo graduatzailez indartu gura bagendu: Guztiz / zeharo / sano / txito / oso eskertuta nago.
Adolfo Arejita