Orbelak airez aire herri kantuak eta ume-hizkera oinarri hartuta prestatutako materiala da. Labayru Ikastegiak landutako material horretan, herritik batutako kantuak CDan grabau dabez, Galdakaoko Maximo Moreno Musika eskolako eta Etxebarriko Soinuzale Musika Elkarteko ikasle-irakasleen artean, Juan Carlos Irizarrek prestautako moldaketakaz.
Material bikotxa da izan. Alde batetik CDa bera, barruan dituela grabazinoakaz batera, kantu guztien letra-partiturak.
Beste aldetik, izen bereko gida-didaktikoa eta kantu bilduma argitaratu da. Gida horretan be, barruan dator CDa. Baina kantuakaz batera, kantuok eta material tradizionalok eskolan nahiz etxean erabilteko gida dakar. Gida horretan 0-6 urteko umeakaz jarduteko hizkuntza-baliabideak datoz: ume-hizkera, esakera okerrak zuzentzeko modua, egoeraren arabera erabilteko moduko esamoldeak, olgetak, jolasak.
Material guztia Nerbioi-Ibaizabal inguruko herrietan bertako informanteei grabatutakoa da, herritik harakoa, barriro be gizarteratzeko. Bertan dagoz informanteek euren umezaroaz emondako barriak be.
Lan hau, berez, lehendik datorren egitasmo baten emaitza barria da.
Zuztarretatik ahora izenagaz egin zan lehen DVD didaktiko bat. Hori lantzeko, Nerbioi-Ibaizabal inguruko hainbat informanteri galdeketak egin jakezan eta grabau egin ziran. Orduko emaitzaren kalidadea eta arrakasta ikusita, kontuan hartuta grabazinoetan beste material asko egoala, jarraipena emon jakon.
Egitasmo honetan honeek udalok parte hartu dabe: Arakaldo, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Orozko, Ugao-Miraballes eta Zaratamokoak.