Iñigo Muñoz bakiotarrak Luis Baraiazarraren Meñakari buruzko gomuta-liburuan irakurri dauen esaldia: Orain ez dago lehengorik. Esapide finkotzat hartu ete leiken zan beronen itaun-zalantza. Baiezkoan nago.
Tradizino idatzian be baditugu esaldi horren idekoak. Orixe idazlearen lumaz, San Agustinen Aitorkizunak obraren itzulpenean: “Ta nork uka lengorik dagoneko ez dala?”.
Zer dago esakera hori darabilenaren buruan? Zein argudio datza oinarrian?
Lehendik gaurrera gauzak asko aldatu dirala; bizimoduak aldakuntzak jasan dituelakoa: iraganeko joerak, esakuneak, egikuneak edo bizikerak ez datozala gaurkoakaz bat. Joan ziran eta ahaztu ziran.
Esapidetzat hartu daitekela deritxat. Esaldi guztiz egina izan ezta be, hurrean dabilelako.
Lehengoa, iragana, denporan joandakoa da, eta honen aurrez aurre geroa eta gerokoa ditugu. Eraz datoz Orixeren hitzok: “Nork eduki giza-biotza egonean, betierak lengorik ez dula, len-geroeri egonean nola agintzen dien ikusteko? «Tenebit […] ut stet et videat, quomodo stans dictet» (Aitorkizunak).
Lehengoa, bakarrik edo izen bati laguntzen aho-mihinean darabilgun hitza da, denpora iraganaren ardatzean. Halan: Lehengo kontuak. Lehengo bizimodua. Lehengo lagunakaz. Lehengo diruak (joan ziran). Lehengo minak, Lehengo nekeak e.a.
Leku edo espazio eremura bagatoz, egitura ezagunak dira batzuk: Lehengo lekuan, berbarako. Lehengo bideetatik (ibili). Lehengo bidetik (joan) esakunea be ohikoa da: baten bat, etorri dan bide beretik atzera joatea aditzen emoteko: “Atzera joan zan lehengo bidetik.” (Oskillaso Kurloiak).
Denpora eremuan askoz emonkorrago dogu lehengo. Batez be inesiboan: lehengoan, sarri darabilgu, gazt. “hace poco; el otro día” adiereaz. «Lenguan topau neban gizajua dana jausita» (Tor.Etxeba Eibar). «Barkatuidan lenguan esandakua» (J.M.Elexpuru Bergara).
Egitura finko samarrak dira lehengo horri denpora-izen bat darraiola. Guztiz ezagunak ditugu: Lehengo egunean (lengunian) edo lehengo aldian (lengo aldin), berbakeren arabera. Eta hari horri tira eginez, beste denpora-izen ezagun batzukaz: lehengo urtean, lehengo hilean, lehengo astean, lehengo domekan e.a.
Konparagarritzat sarri darabilgun egiturea dogu lehengo aldean egitura egina, gehienetan oraingoagaz erkatzeko: “Lengo aldean asko arindu zitzaion goizeko jaikiera” (Nem.Etxaniz LBB).
Atzera lehengora etorrita, gorde daigun buruan horrako esakunea: “Orain ez dago lehengorik”.
Adolfo Arejita