Hizlari bati entzuna: “Orain dala asko ez dogu entzun kanta hau”. Oin ez dala asko ala beste moduren batera egokiago?
Orain dala asko ez da besterik, gaztelaniazko «no hace mucho» euskerara ekarrita baino. Jazoera baten denpora erreferentzia emoteko erabili da erdal kalko hori goiko esaldian, baina hainbarik be akats pare bat baditu.
Batetik, orain dala ASKO barik, orain dala + denpora / urte / hile /aste / egun… edo dana dalako denpora-izen baten laguntza eskatzen dau hor asko zenbatzaileak, onartzekotan be. Gaztelaniaz, ostera, normalak dira «no hace mucho» edo «hace poco» eta halakoak.
Bestetik, baiezka darabilgu, eta ez ezezka. Halan, goiko esaldia ardatz hartuta, esan daiteke: «Orain dala denpora asko» edo «Orain dala hainbat denpora«(entzun genduan kanta hori). Baina goiko esaldiaren mezuari edo adierazkizunari estu lotu gura izan ezkero, esaldi osoaren egiturea aldatuta askoz hobeto legoke: «Denpora asko / hainbat denpora / denporea / aspaldi… / da kanta hau entzun ez dogula».
Hara hemen, orain dala hasiera daben eredu batzuk, gure literaturatik jasota:
«Orain dala amabi eunkida ta geiago Erromaren agindupetik aldendu ziran greziar da beste sortaldeko kristinauak» (Domingo Agirre). «Orain dala ordubete ikusi det gizon guri potrollo bat» (Garoa).
«Eta orain dala bost bat urtez hemendik, ez omen da kanpoko beirik ametitzen» (Uztapide Sasoia). «Gaixo txarra pasata nago orain dala ia lau urte.» (Uztapide Sasoia).
«Orain dala bi egun etorritako batek esana, El Golea-n berrogeita bat mailako beroa zala» (Anabitarte Aprika).
«Orain dala ogei urte izandu nitzan azkeneko ango festetan. –Denboratxua da.» (M. Soroa Baratzan). «Milla ta zortzireun ta irurogei ta seian; au da, orain dala ogei urte.» (M. Soroa Baratzan). «Trabena eduki genduan orain dala bi urteraino» (M. Soroa Baratzan).
«Gure ariztietan, orain dala urte batzuek, gaitz zital bat sortu zan, aust-urdina, eta kalte aundiak egin zitun» (Munita Baso). «Orain dala bosten bat urte gure Begoñako Amari urre ta arriargitsuzko aroa buruan ipinteko jairik ospatsuenak egin jakozanean» (D. Agirre Kresala).
– «Baginazen bein mendian gora lagun batzuek, orain urte asko dala, udako bero galdatan, izerditsu, arnasestuka, oso nekaturik» (D. Agirre Garoa).
«Berak Mariari esan dio orain denbora gutxi dala, itz abekin: «Ez estutu Maria, ez du nere aitak gauz orrekin nai duenik egingo».» (Testimonio falsoa).
Ordena diferentekoa dogu Kirikiñoren akaburengo hau: «Emen orain esango doguna urte asko dala jazo zan» (Abarrak II).
Amaitzeko, gogoratu daigun beste esapide ezagun batzuk be badarabilguzala denpora-erreferentzia bera edo hur-hurrekoa adierazoteko: AspaldiAN, AspaldiON, Antxina EZ DALA, Aspaldi EZ DALA eta beste.
Adolfo Arejita