Gaur egun susmopean baztertu antzean dago hizkera landuan, ezpada, ezpada ze, ezpada be ez taiuko markak erabiltea. Gaztelaniazko ‘sino’ juntagailuaren kalko izatearen susmopean.
Ezin da ukatu, morfologiaz kalko hurrekoa dala, segurutik erromantze zaharretik euskerara sartua. Baina ezin da ukatu, ezta, guztiz zaharra dogula euskerearen tradizino idatzian ezpada juntagailu aurkaritzazkoa. Gramatika garbizalearen aldekoak izan ziran, orain dala mende eta lauren inguru, ezpada erabilteari galgea ipini eutsenak. Azkueren esana: “Se usa, por desgracia, mucho en vez de baiño, baizik, baizen, cometiendo notorio barbarismo” (Dicc.).
Garbizaletasunaren galbahetik igaro ondoren, baztertuxe daukagu gaur egun esatea, kasurako: Nik ez dot gura zuria, ezpada baltza. Jatorragotzat ditugu, berbaz be sarri darabilguzan baino, baizik edo baizen markak, atze-atzean erabilita. Halan: Ez dot gura zuria, baltza baino. Ez dut nahi zuria, baizik eta beltza. Edota, Bizkai herrialde batzuetan: Ez dot gura zuria, baltza baizen.
Baina ezin dira ukatu ezpada marka horren onurak, batez be lehenengo esaldiari kontrajartzen deutsagun bigarren hori luze samarra edo egituraz korapilatuagoa danean. Malgutasuna eta ulerterreztasuna emoten deutso esaldiari.
Hara, Mogelek, Erakuspena dotrina luzean zelan arrazoitzen dauen , Jainkoak, mundua egin ebanean, zazpigarren egunean atseden hartu ebala. Dino: “Atseren eguna; ez Jangoikua adikatu edo kansau zalako, ezpada zerren itxi eutsan gauzak egitiari” (Mog Erakuspena). Bigarren esaldi horrek aditza barruan dauka, itxi eutsan, eta halakoetan juntagailu marka horrek aurrean agertu behar dau. Ekialdean eta erdialdeko hizkera batzuetan baizik, baizikan, baizik eta, eta sartaldeko eta erdialdeko askotan ezpada ipinita.
Erazkoa dogu frai Bartolomeren Olgeetak saioko esalditxo hau be, ezpada horren egokitasuna erakusteko. Hordi-mozkorrik egon doazanakaitik dino: “Piestara doazanak, piestea erdiz erdi daneko, trago bat edanda dagoz, bai gizonezkoak, ta bai emakumeak. Ez diñot ordituta dagozala; ezbada ardaoa edaateko erea guztiak edo geieenak euki dabeela”.
Esaldi bikotx horren bigarrenaren hasieran ezpada ipini ordez, esaldiaren akabuan baizik edo baino erabiltea arazotsua da, eta ulergatx bihurtzen dau esaldia.
Amaitzeko, gehitu daiguzan testu zahar batzuen lekukotasun garbi bat edo beste. Dino Larramendik: “Utzi diozagun Mayansi, jakiundeko maian janari onik ifinten eztigunari, ezpada lapiko ustel bat” (DT CCIV).” Geroago Kardaberazek: “Nigan bizi bear ez det, ezpada Jainkoagan” (Egercicioac II). Pedro Barrutia Mondragoeko eskribauak: “Beste gauzarik eztozu gura / ezpada borondatea” (Acto.Nochebuena). Eta akabukoz, Añibarroren bat: “Baldin egia bildurgarri oneek entzunik iratzarten ezpazara, esango dot eztala ori loa, ezpada eriotzea” (Lora.Sorta).
Gure onu-aholkua zein dan? Begirunez bidea libre ixtea ezpada juntagailu adbersatiboari hizkera landu edo jasoan, eta lotsa barik erabiltea, batez be bigarren esaldi juntatua aditz eta guztikoa danean.
Adolfo Arejita