Gure artean ezaguna da hurrengo esakuntzea: “Oinezkorik gura ez eta zaldi ganekorik etorri ez”. Esakuntza ezaguna da euskaldunon artean oinezkoa eta zaldi ganekoa irudi dirala onduriko errefrau hau. Oinezkoa, jente zehea, laua, gainerakoen maila apalekoa. Zaldizkoa, zaldi ganekoa, goi mailako jentearen irudi, ondasunez, ospez edo goratasunez gizartean horniduago dagoana.
Ezkongai egozan neskatilen kontuan erabilten izan da sarri. Norberak bere buruari ez eutsan horrelakorik esaten, inguruko edo hurreko beste batzuk norberagaitik baino. Batari ezetz, besteari be muzin, hurrengokoari be musturra astindu, baina norberak guren leuken kapeladunik etorten ez. Eta halakoetan sarri jazo ohi dana, “on bila, on bila, bonbilla”.
Azkuek Markinan era honetara batu eban hauxe bera: “Zaldizkorik ez ta oinezkorik nahi ez” (EY 228). Eta ia berba berberakaz idatzirik dakar Domingo Agirre idazleak Garoa elabarrian: “Oinezkorik nahi ez, zaldizkorik etorri ez”. Ataunen be berbarik berba errefrau bera batu da. Azkuek (EY 234) beste era gehiagotara be baturik dakar errefrau berau.
Herri berbetan badira beste testigantza ezagun batzuk be. Ibarrangelun, Domingo Zuluaga bertako seme eta euskerazale handia izan genduanak, honelan batu eban: “Oinezkorik gura ez, zaldizkorik billau ez’ (2009-VI). Eta Morgan, geure ama zanari batu neutsan eran: “Zaldizkorik ez eta oinezkorik gura ez”.
Beste berba batzukaz batu eban D. Intzak Nafarroan, muzin eta ezin berbakaz puntu-jokoa eginez: “’Oinezkoari muzin ta zaldizkorik ezin’ gelditu da hori”. Biltzailearen argibidea be ondo argia: “Por desdeñar lo posible y pretender demasiado, se ha quedado sin lo uno ni lo otro” (Esaera zarrak. 156) (1927). Ultzaman jasorikotzat dakarren aldaeran, hara zein azalpen dotorea: “Se dice de quien apetece para casarse alguna persona superior a su rango y queda desilusionada” (Inza Euskera 1927, 156).
Ildo horri jarraituz, irakatsian urrunago doa, neska edo mutil gazteei ezkontza bidean zein bide hartu ohartarazoten deutsien honakoa: “Seguruena oiñezkoa” (Atsot 11984). Eta hur-hurreko mezua darabilen beste hau: “Hobe oinez eta segurora, eta ez zaldiz eta zulora” (Atsot 10524).
Oinezko-zaldizkoen aurrez aurreko horretan badira beste hainbat errefrau be, konparagarritzat darabilezanak, mezu baten edo besteren aldera.
Oihenartek XVII. mendean baturiko esaera zahar baten, zaldizkoak oinezko izatera zelan jaisten diran gomutarazoten deusku: “Gasturekiko hankortarzunak, oinezko egiten ditu zaldunak. «La vanité accompagnée de dépense, rend les cavaliers piétons» (Prov 518). Hau da, gehiegizko gastu-eralgiek oinezko bihurtzen dituela zaldun izan diranak.
Batzuk eta besteak funtsean bardin dirala, edo zerk bardintzen dituan darakusku beste batek. Zer jan izate kontuan, batez be: “Zaldunari ogiaz, oinezkoari ogiaz” (Atsot 10285).
Goi-behekoen arteko estatusak bardinera dakarzan halabeharrezko baldintzakizun bat gaixoa izaten dala gogorazoten jaku beste batzuetan: “Eritasunak zaldiz heldu, oinez joan” (Atsot 4093).
Pobrea dana be noiz edo noiz handiki putzak hartuta agertzen dala gizartean bere buruaren kontsolagarri seinalatzen dau beste ezagun honek: “Aldiz, aldiz, zapatarie zaldiz” (Atsot 529).
Domingo Agirre izan dogu herri-literatura edukiak literaturan txertatzen maisu, batez be Azkueren iturrietatik edanez. Halan Garoa elabarrian: “Ostatu hartako nagusi-etxekoandre gazteak etziran hain estu bizi: oinezkoa zala edo zaldizkoa zala, zerbaiten irabazia egunero sortu ohi zan”.
Zaldizkoak ez eze, astozkoak be aitatzen dira noizik behin tradizino idatzian. Halan Krispin Beobide azkoitiarrak San Frantziskoren gaineko liburuan. “Frantzisko asto gaiñean, eta Tifo asto aurreko (astozai) jarri ziran bidean… Astozkoa ondo zijoan; baina oiñezkoa laster nekatu zan” (Asisko Lorea).