Dakienak dakiHizkuntza

OHI eta beste maiztasun markak “Ze barri OHI da Motriku herri onean”

Posted on
0. Sarrera

Aditz ekintzaren aspektuaren alderdietariko bat, aditzaren bidez adierazotako ekintza ohikoa danean, hau da, maiz edo sarri jazoten daneko kasuan, ze baliabidez adierazoten dan aditz-ekintzaren ohikotasuna. Baliabideon artean ohi modu-hitza dogu ezagunenetarikoa. Modu-hitza berez, beraren ondoko adizkitik bereiz idazten dana, baina bere portaera sintaktikoan aditz-aurrizki batena daukana. Eta halantxe tratau izan dabe idazle askok euren idatzietan, adizkiagaz batera idatzita, eta gramatikari klasiko batzuk be halan interpretau izan dabe.

Bigarren baliabide bat, neutroena, aditz perifrasiaren lehen atal jokatubakoa -ten atzizkiaz markatzea da: jaten dau, ibilten da. Eta honen segidakoa dan perifrasi konplexuago bat be bada, -ten daki tipokoa, sartalde-hizkeretan hondino be indarrean dagoana. Eta azkenez, joan eta eroan aditzen adizkiak erabiltea aditz partizipio baten laguntzaile edo auxiliar moduan: esan doa, ikusi daroa. (Atari honetan lehenago azaldua dogun puntua: JOAN eta EROAN ohitura aspektuaren aditz laguntzaile).

Oraingo idatzi honetan ohi marka hartuko dogu ardatz, hurrengo baterako lagata gainerako ohikotasun edo “habitual” egitura berbalak.

1. Ohi aditz-hizki modala

Gaur egun euskera landuan darabilgu gehienbat ohi aditz-hizki modala aditz jokatuaren aurrean ipinita. Aditz edo adizki jokatutik bereiz idazten da, baina berez aditz aurrizkia dogu sakonean. Beste modu-hizki batzuen portaera sintaktiko beretsua dau: ei-omen, ete, al, bide eta gitxi batzuena.

Ohi hitz zahar honen eratorriak dira ohitu, ohiko, ohikune, ohikunde, ohitura lango hitzak.

Erabileraren atzerakada

Mogelen denporan be, 1800. urte inguru horretan, sartaldeko euskeran atzeraka etorren ohi modala eta idazle horrek gipuzkeraren ezaugarritzat eukan gehiago, bizkaierazkotzat baino, aldi horretan sartaldeko hizkeretan eroan eta joan aditz laguntzaile modura erabilten zirala eta gitxi-asko indarrean zirala ondo ekialako, batez be lehenengoa bere Markinaldeko berbetan. Hara Peru Abarka-ren hitzaurrean dinoskuna:

“El guipuzcoano se vale de este vocablo, o signo oi: y dice, jan oi det por jan daruat. Tambien tienen los vizcainos este signo oi como los guipuzcoanos, pero ademas el particular verbo auxiliar daruat, y no se puede negar que las locuciones salen con él mas airosas.” (Prol PAb nº 42)

Iparraldeko tradizinoan be ezaguna eta igarria izan da ohi markaren atzeraka hori, klasikoetatik honantz.

Ohi egitura finkatu barruan

Sartalde euskerako berbeta batzuetan egitura finko baten barruan lexikalizaturik dirau ohi hizkiak. Ohi dan lez ‑berbaz ohidalez‑, ohi dan lakoa edo ohi dan langoa ‑berbaz ohidalakoa edo ohidalaua (Mungialdean)‑, eta beste apur batzuk. Baina esapide lexikalizatuok gorde daben esangurea jatorrizko ohi habitualaren baliotik urrundurik dago. Ohi dan lez adberbio modala da, ‘ondo, polito, dezente’ esangureaz, eta ohi dan langoa adjektibo kategorikoa eta esangura beretsuaz: ‘dezentea, itxurazkoa’.

Beste hizkeretan ohi dana eta ohi bezala egitura finkoak dira ezagunenak. Ohi dana edo iraganeko ohi zana maiztasun handikoak izan dira herri-berbetan: «No es ya el que solía, ezta oi zana» idatzi eban Larramendik. Eta ohi bezala, sartaldeko ohi dan lez esapidearen erdi-ekialdeetako kidea, hedadura handikoa izan da. Añibarroren esanean: «betikoa, oi dana» Añ. Eta Harrieten lekukotasunez: «Ohi dena, oi dana (V, G), accoutumé, habituel, qui est d’usage. Emozue eskaleari ohi dena».

2. Ohi aditz perifrastiko barruan

Aditz konposatua /Partiz + Aux/ ordenakoa danean, laguntzaile jokatuari aurretik dautsala ipinten da beti. Adizki jokatuagazko lotura zuzena dau, beste modaletan be jazoten danez; halan bada, partizipioaren eta laguntzailearen erdian.

Baina aditz partizipioak atzizki dirferenteak hartzen ditu erdi-sartaldeetako hizkeretan eta ekialdekoetan. Euskerearen sartalde eta erdialdeko hizkeretan -tu ohi tipoa da nagusi, salbuespenak gorabehera; partizipioari aspektu-marka burutua dautsala: galdu ohi da. Baina ekialdean, nafar hizkera gehienak barru dirala, -tzen ohi eredua da tradizinoa dauena: galtzen ohi da tipokoa. Baina erdialdeko hizkeretan be hedatzen da honen oihartzuna. Sartaldeko tipoaren adigarri ona da Barrutia eskribauaren pasarte hau, hikako adizki alokutiboaz ondua: «Kazara doean orduan beti aldamenean botea. / Ak ari sarri emon oi jeutsak apa gozo dulzea».

Aldi klasikoan jazoten da eta jazo ohi da ereduko perifrasiak gehienetan argi eta garbi bereizten dira aspektuaren aldetik, perifrasi tipo bien neutralizazinoa, gerora nagusitu dana, bidean bazan be. Frai Bartolomeren hurrengo esaldi honetan, aditz konposatu eredu biak agiri dira, zelanbait aspektu diferentzia bat salatzen dabena, gaur lausotuta egon arren: “Ta jazo oi dan ta jazoten dan moduan begiratu ezkero, mila maldezinoe ezarten jakoz errazoiagaz” (Olgeeta).

Aitatzekoa da, bestetik, menderakuntzan, mende-perpaus barruan ohi modalak erakusten dauen erabilera ugaria; era diferenteetako mende-perpausetan, bestetik. Bartolomeren hurrengo esaldi hau, lekuko: “Eurak esan oi daben legez: ia puska bat ardaoak alegeretuta” (Olgeeta).

Nahi izan aditz lokuzino barruan erabilirik dakusku Frai Bartolomerenean: “Juizio on baten erregelapera ekarri legizan ta kasik geienak nai oi dituen olgeetak dira: jokoa, eiza, pasioa, soinua ta dantzea” (Olgeeta). Eta uste izan lokuzino barruan, Barrutia eskribauarenean: «Gure andreak uste oi dau naizala mutil santua».

Aditz modal bat (gura, nahi…) barruan daben aditz perifrasian kokaturik be agiri da gitxi batzuetan: «Gurasoak maite izanik asko euren semeak, gusto emon gura oi deutsee, ta errukiak atzeratuten ditu kastigetatik. » (Juan Jose Mogel Baserritaar).

Aspektu burutua jagoteko, izan txertatzea be subertetan da batzuetan. Halan, aditz perifrasi normala bada: joan dira edota gitxiagotan joan izan dira, ohi txertatu ondoko egitura, joan ohi izan dira eredua dogu. Tradizinoko testuetan ez da gitxitan baino aditz egitura horren lekukotasunik aurkitzen; modernoetan aiseago. «Etorri ohi izan dira» Dakar jasorik Izagirrreren Arantzazu-Oñatiko hiztegiak. Eta Krispin Beobidek beste hau: «Bidean zijoazen denbora guziko, izendatu zuan anai Maseo denen buru; hala egin ohi izan zuan beti» (Asisko Loria)

3. Aditz trinkoaz lagundurik

Adizki trinkoei aurretik dautsela bakanago agiri da, aditz perifrastikoaz baino. Baina euskera klasikoan askoz ugariagoa zan, gerorantz mehaztu bada be. Tradizinoaren aldetik, bada, egitura ondo sustraitua eta finkatua da.

Maiztasun eta tradizino aldetik ohi da dogu errotuena. Gorago aitatu diran ohi dan lez edo ohi dan langoa era lexikalizatu indarrean dirauenek salatzen dabe argiro egitura honen lehenagoko indarra. Izan be, ohi da hitz segida lokuzino antzekoa da, gazt. “es habitual, es costumbre” dalakoaren kidea. Mateo Zabalaren esaldi bik argitzen deuskue ederto balio hau: “Ostuten deutso batek erregeri diru-moltso galant bat, eta (alangoakaz oi dana) beingoan ondatuten dau jan-edanetan, jokoan, zorakerietan” (Irun); “Ez, ez da ori oi dana, ez eta auzitan ibilita, garbi pekatu bagarik ibiltea” (Irun).

Idatzirik zaharrenetara joten badogu, orduko erabilera sendoaren oihartzun dira lekukotasun batzuk. XV. mendekokotzat dagoan eresi zaharretariko baten kantetan da: “Gizon txipi sotil baten andra zan. / Atearte zabalean oi zan, / giltza porra andiaen jabe zan. / Onra andi asko kunplidu jakan” (Milia Lasturko). XVII. mendeko Tolosako ziri-bertsoetan eretxi aditz jokatuaz: “Miravallesko etxeorri / leen oi zeritzan Zapatari” (1619). Lapurtera klasikoan be bardintsu, Axularren esaldi honek ondo oroitarazten deuskunez: «Alferrak jan-edanean eta emaztetan oi daduka gogoa» (Gero).

Baina bestelako adizki trinkoakaz erabilteko murriztapenik be ez da izan. Eta halan Larramendik, ekarri aditzarenaz darabil errefrau moduko honetan, euskeraz eta gaztelaniaz: “La costumbre hace ley : Oiturak legea oi dakar”. Ohi dakar horren balioa gaztelaniazko “suele traer” aditzaren berbera dogu.

Mogelek be bere idatzietan beste aditzen flexinoakaz adibide argiak eskeintzen deuskuz, berariaz ibili aditzarenaz: “or oi zabiltze zeuen jakituria usteaz, gaixoak zer daben igarri ezinik” (Peru Abarka). “Alan oi dabilz [saguzarrak], inok ezertako gura ez dituala, guztien gorrotoan” (Ipuinak). Orainekoez gainera, iraganeko adizkiakaz be bai: “Direala fariseo madarikatuen lagunak, zeintzuk beti oi ebiltzan Jesukristoren egiterik onenak atxakietan.” (Erakuspena).

Menderakuntzan be ez dira falta ohi markadun adizki trinkoak. Frai Bartolomeren hau, esaterako: “Nundi eta zelan oi direan piestarako jantziak eta galak emakume askoren soinean, sobre daki munduak” (Olgeeta).

Iraganeko adizkiaz batera dogu hurrengoan: «Oh! ze itxutasun andia guraso askorena azten dituenean seme alabak munduaren libertadean, esanagaz: geu bere alan oi ginan!» (Juan Jose Mogel Baserritaar).

4. Ezeztako perpausetan

Ezeztapen-markaren (ez) eta aditz jokatuaren, adizkiaren erdian agertu ohi da hizki modal hau, salbuespenak gorabehera.

Aditz trinkoari dautsala gitxitan agiri da ezezka.

Aditz perifrastiko barruan gehiago, baina hau be ez da ugaria. Eta ordena nagusi bi bereiziko ditugu erabilien artean.

Lehenengo, perpaus nagusi barruan, ordena inbertituaz; hau da, /Ez + ohi + Aux + Partiz/. Hau da zabalen dabilena, batez be perpaus nagusian, baina menderakuntzan be baietz esan lei. P. Barrutiak kopla baten dino: «Trabaju asko kosta xat neure egungo lapurretea. / Ez oi xaku sekula falta ezkaratzean jentea». Mogelen esaldi ezagun honek be ordena bera jagon dau: “etxagun, izen onaren zalea nazan aldetik, ez oi naz sartu ardantegietan, noraezean, preminaz eta ezinbestez baino” (Peru Abarka). Eusebio M. Azkueren ahapaldi honetan be bai: “Txoriak gizonakaz / daukez antz-umeak, / bada ez oi dabez azten / eurentzat umeak. / Txoriai kentzen deutsez / umeak alperrak, / eta gizon zintzoai /kintak eta gerrak.” (Parnasorako). Mendeko konpletiboek be, -la atzizkiaz markatuek, ordena bera zaindu ohi dabe. Pedro Astarloaren esaldikoa lehenengo hau: «Dakuskuna da ez oi dala ikusi aserre bagako auzirik» (Urteko domeka II). Eta Arrese-beitiarena, bigarren hau: “—Mitxel, ez aldakizu entzunda sarritan, / Alkatetzan jornalik ez oi dala izan?” (Kantaria).

Gainerako mendekoetan, ordena neutroa agiri da nagusi: /Partiz + ez + ohi + Aux/ eredua. Frai Bartolomeren honetan, erlatibo-perpaus baten barruan: “Okasinoe areetan sartu ez oi direanak zer esan gitxi emoten dabe errian” (Olgeeta). Eta Mogelen beste honetan, mendeko kausal baten: “Zurturik geratuko dira nire umeak zu zakusezanean, etorri ez oi dalako ona zu baixen gizon apaindurik” (Peru Abarka).

5. Biziraupena

Hizkera landu eta jasoan dauka gaur egun lekua ohi marka honek aditz aspektu habituala adierazoteko. Esanahiaren zehaztasuna zaintzen dau batetik, eta estiloaren dotorezia, bestetik.

Iturriko
2020-05-10