Arratia, Zeberio eta Nerbioi alde horretan esaten dala uste dot: Ogi handie in de merke saldu. Igarten gatxa ez da berorren esangurea: negozio txarra egin. Borondaterik onenaz inon diran beharlekuak hartu eta nekeak igaro, baina akabuan danak txarto urten. Ahalegin antzua, alperriko lehiak.
Ogiarena, edo ogi handiarena, euskaldunon bizimoduari be estu loturik dagoan irudia dogu; bai lehen, bai gaur. Ogia eta garia dala-ta, gogoan izan daigun Kantauri isurialdeko lurretan gaur egun nekez ereiten dala garirik. Arabako goi lautadan, Nafarroa edo Gaztela zabalean bai ostera, eta oparo. Baina Kantauri isurialde honetara garia ekarri edo igaro egin izan da, ogia erre ahal izateko. Ogia egitea kostorrago izan dan Kantauri isurialdean, gari-lurretan baino. Halanda ze, irudi indartsua ogi handia egitearena. Okinaren, ogiginaren, ofizioa da mezuaren ispilu.
Saldu-erosian negozio txarra egitearena errefrautegian sarri eta ugari erabili izan dan autua da. Batzuetan modu edo era orokorragoan. Haetariko batek zuzen eta gordin dirausku: “Garesti erosi, merke saldu” (Atsot 5337). Hurrengo honek be antzera: “Saltzen da merke, garesti erosia” (Atsot 11646). Bada beste bat, zehaztasun gehiagoz, noiz erosi eta noiz saldu ez jakitea, edo okerreko aldian jardutea saldu-erosian salatzen dauena. Kapa barria erosgaitzat harturik, dino: “Gauza garesti zanean kapa berria erosi, ta merke zanean saldu” (Atsot 11632).
Beste mezu baten esana be erara dator: behar ez dana erosteak, merkeena izanda be, karu urten ohi dauela: “Behar eztana, merke erosi arren, garesti” (Atsot 2125).
Saldu-erosiaren kontrajarpena errefrau diferenteetan eta motibo diferenteak bitarteko dirala agiri jaku. Bat honek, askatasuna dau mintzagai: “Libertatea erosteko garesti, saltzeko merkea” (Atsot 9039).
Merke saltzearen leloa errefrau bat baino gehiagotan gogorazoten jaku. Baina zer izan ohi da merke saltzen dan hori? Sarritan, hutsa, putza, haizea, kea… Ezeberezkeria, hutsaren hurrengoa, berba baten. Haizea aitatzen dau batek: “Bartolonien saltzen ei diez haixiek merke da ugeri” (Atsot 1949). Harrokeriaren putza beste honek: “Harroaren putzak merke saltzen” (Atsot 6423).
Adolfo Arejita