0. Sarrera
Aditz iragankor ereduzkoetan, dau tipokoetan, nori hautazko argumentua izan ohi da jeneralean, nork eta nor (edo zerk eta zer) dirala behinenak, ezinbestekoak. Emon aditzak, esaldi bat eregikeran, ezinbesteko argumentuak ditu nork emoten dauen eta zer emoten dauen. Eta nori emoten deutsan, semantikoki, esangureari jagokonez, gehienetan azalduko da, baina ez beti.“Andreak dirua emon dau eleizan” badinogu, esaldi zuzena eta osoa da, baina aukeran daukagu esan ahal izatea: “Andreak dirua emon deutso eleizeari”, eta kasu horretan nori osagaia esaldian txertatu dogu eta ondorioz aditzaren jokoa egokitu: dau > deutso.
Baina badira aditzak, nori/zeri argumentua modu erregularrez hartzen dabenak, eragile diferenteek bultz eginda: arrazoi historiko ebolutiboak sarritan; arrazoi semantikoak batzuetan, morfologiazkoak beste batzuetan, inguru-hizkuntzen eraginari zor jakozanak beste batzuetan, mailegu-aditz izatearenak beste batzuetan, edota osterantzekoak. Eragile bat baino gehiago ohi dagoz, berba baten.
Euskal aditzek historiaren joan-etorrian, esaldia osotzeko behar dituen izen sintagma nagusiak, argumentuak, aldatzen joan dira gitxi-asko; ez beti eta kasu guztietan, baina bai euretariko hainbat.
Aditz batzuk, da tipoko izatetik dau tipoko izatera etorri dira denporearen puruz; aldi zaharretan iragangaitzak, nor erakoak, ziranak iragankor, nork erako, izatera heldu dira. Baina orohar, aditz askoren argumentu-egiturak, izen sintagma osagaiak, aldatu egin izan dira; ez beharbada euskerearen eremu osoan, baina bai arlo zabaletan. Badirudi, orohar, Iparraldea euskorragoa agiri dala sartalde eta erdialdea baino. Gure azalpenak sartalde euskeran gertatu diranetara mugatuko ditugu oraingo honetan.
Eta idatzi honetan nori datiboko argumentua daroen aditz iragankorrez jardungo dogu, hau da, nork-nori argumentu egonkorrak dituenak, eta kasu batzuetan zer argumentua, absolutiboa, be daroenak.
Zertatik heldu dira hainbat aditz, nori edo zeri argumentua beharrezko izatera, eta ez, aditz erregularren moduan ‑‑esan, emon, eroan‑‑ datiboko argumentu hori hautazko izatea?
1. Zertatik heldu dira aditz batzuk nori argumentudun izatera?
1.1. Aditz lokuzinoetatik aditz eratorri izatera etorriak
Aditz batzuetan gertatu dan prozesua, aditz multzo izatetik aditz eratorri izatera emon da. Deitu edo lagundu-ren moduko aditzak nori-dunak izatearen azpian pentsa leiteke dei egin edo lagun egin aditz multzoakazko gurutzatzea dagoala, /zer + egin/ aditz alkartua eta /zertu/ aditz eratorria alkar-eraginean. Susma daiteke, hiztunen gomutan nori argumentua, deiaren edo lagun egitearen hartzailea bere horretan gelditu izana: nori dei edo nori lagun egin egituren jarraikoak izatea nori deitu eta nori lagundu.
Aditzak, aditz multzo dan bitartean baditu argumentu bi, nork eta zer (dei, lagun), baina behin eratorri ezkero, zer objektua estalirik edo erdi lausoturik gelditzen da, eta ondorioz nork-nori deitu, lagundu argumentu egitura sendotzen eta tinkotzen da.
Sorotzi aditzaren eredua izan daiteke beste froga aiutu bat. Atzean so egotzi aditz multzoa dogu, eta behin hitz-bakartu ezkero, sogotzi formea tarteko dala, sorotsi bihurtu zan aspaldi. Adiera zaharrean, “ardurea hartu”, eta modernoan “zelatatu, jagon”, beti be nori edo zeri datiboaz. XVI. mendeko errefrau baten: “Tamal eukok txiroari, / ta sorotsi aen opa[ri]nari. // Lástima ten al pobre / y a su necesidad atiende” (RS 78). Gaur egungo adibide bat: “Atzetik datorren morroi hori geuri sorosten dagoala esango neuke”.
2. Nork-Nori egituradun aditzak, nor edo zer aukeran dala
Hainbat aditz dira, batetik nork-zer argumentu-egiturea dabenak eta bestetik, nork-nori egituradunak , eta aukeran zer eta nori argumentuak onartzen dituenak bigarren eta hirugarren osagarri gisa.
Hizkeren arabera, eboluzino bat jasan dabe aditz askok, egitura erregularra izatetik –nork-zer-(nori) izatetik– irregular izatera aldatu diranak; hau da, nork-nori edo nork-zeri bihurtu diranak, zer objektuaren perspektiba lausotuta.
Erregimen-aldaketa hori, beste argumentu-egitura batzuetan legetxe, ez da hizkuntzaren eremu osoan gertatu izan gehienetan, eta eremu edo hizkera batzuetan erregimen zaharrak iraun dau, gorago esan dogunez. Aditz gitxi batzuen ereduak eskainiko ditugu.
Sinistu, bat. sinetsi, aditza hartuko dogu eredutzat. Ekialdean oraindino be sinetsi aditzak nork-nor egiturea indarrean dauka: Sinets nazazu!, formula-esapide bat erabilita.
Gizakienak diran jarduera edo ekintzen adierazle diran hainbat aditz ditugu, nori datiboaz markatzen dabenak jarduera horren hartzailea, gaztelaniaz sarri “recipiente” deritxona. Aditz horreek, horreetariko batzuk behintzat, edukia, objektua bigarren argumentutzat dabenak, zer dalakoa, kasu absolutiboaz markatzen dabe.
Sinistu aditz-mota horretakoa da gaur egun euskerearen eremurik gehienean. Nori sinistu itaunari, zuri, guri, edonori, hari… erako datibodunakaz erantzun ohi deutsagu. Eta objektua adierazoten dauena, zer sinistu dalakoa, zer kasuko sintagma bategaz: Sinisten dot dinozuna. Sinisten dozu guzur hori?. Eta objektua, adierazo nahi dan edukia espresatzeko beste era nagusia, konpletibo tipoko mende-perpaus bat erabiltea da: ia beti -la atzizkiaz markatua, eta batzu-batzuetan -na atzizkiaz edota -nik atzizkia agiri ohi dana: Sinisten dogu errazoi osoa daukazula. Sinisten deutsut besteak baino lan gehiago egin dozuna. Ezin nei sinistu ezkontzeko zaranik. Bada beste egitura bat be: nogan edo zertan sinistu. Objektuagaz: Ezertan ez dot sinisten. Pertsoneagaz: Zugan ez dabe sinisten.
Pertsonakazkoan, gaur egun nori sinistu dana, euskera zaharrean nor sinistu genduan. Errefrau zahar batek dinoanez: “Banabil burua ezin sinisturik, erasuna elikaturatzat arturik. / Ando no pudiendo creer la cabeza […]» (RS 7), edota Lazarraga poeteak: “Dama galantak, sinis nazazu, / oi, zeukazu dudarik, / leku onetan biziko banintz, / ez neiala besterik, / gabaz egunaz serbidu baxe, / sekula aspertzakarik”.
Eremu semantiko jakin bateko hainbat aditz dira, argumentu-egitura hau edo antzekoa dabenak: gizakion eretxi edo adierazote eremuko aditzak, orohar. Hatarikoak dira: erantzun, eretxi, igarri, itaundu, parkatu eta beste gehiago.
Bigarren adibidetzat erantzun aditza hartzen badogu, berorren argumentu-egitura ohikoa be zer-nori-nork dala ohartuko gara, nahiz batzuetan osagaietariko bat azaleratu ez. Nork erantzun dogu batetik, subjektua pertsonala danean. Zer erantzun, objektu zuzena bizibakoa danean, erantzunaren edukia adierazoten dauena; eta nori erantzun, mezuaren hartzailea agirian dagoanean. Baietz erantzun deutsat Peruri. Zer erantzuten deustazu?.Subjektu impertsonalaz: Ezezkoa erantzun jako sindikatuari.
Hiru eredu gehigarri Mogelen Peru Abarka-tik jasoak:
Igarri aditzaz: “Igarri deust neu nazala”: harek niri igarri zer (mende-perpaus konpletiboa). Edo: “Ez deutsezu igarriko barruko gatxai”: zuk gatxei igarri, azpian dagokeela: zein diran.
Erantzun aditzaz: “Zer erantzun errazoi ta karga honi?”: zer erantzun zeri edota nori.
Parkatu aditzaz: “Ilai bere parketan ez deutsezue?”: hilai parkatu zuek, azpitik ulertu leitekela zer parkatzen dan, agirian egon ez arren.
3. Nork-nori argumentu egituradunak, baina zer objektu barik
Hainbat dira nor edo zer bako datibodun aditz iragankorrak. Bestela esanda, perpausaren bigarren argumentu oinarrizkoa datiboan dabenak, ez absolutiboan.
Horreetariko batzuen jatorria nor-nori izatetik nork-nori izatera bihurtu izana da hizkuntzaren historian barrena. Taiu horretarikoak dira ekin, jarraitu edo eutsi aditzak. Hirurok euren joko trinkoan nor-nori egitura zaharrean luzaroago iraun dabe, baina joko perifrastikoan egitura barria hartu izan dabe: nork-nori eredua.
Ekin aditzaren argumentu-egitura zaharra: “Adin onari akio. / Emprende lo razonable” (errefraua, Garibay A 8): hi ekin adin onari. Gaur egun genduken egiturea: ekiok adin onari.
Jarraitu (edo jarrain, jarraigi zahar.) aditzaren argumentu-egitura zaharra: “Gabaz darraikuz baso-txakur azeriak” (Mogel Ipuinak): azeriak jarraitzen jakuz guri, adizki trinkoaz erabilita. Gaur egun genduken egiturea: azeriek jarraitzen deuskue guri.
Eutsi aditzaren argumentu-egitura zaharra: “Autso, Txordon, artz orri, ta nik iñes daidan. / Ten, Hordoño, a ese oso, y yo hare huída” (RS 422). Gaur egun genduken egiturea: Eutsi egiok artz horri.
Baina beste aditz asko beste bide batetik etorri dira nori-dun izatera. Eragon, eragin, aditzak, faktitibo edo erazle izatearen kausaz.[1] Adibide labur banagaz argituko dogu.
Eragon aditzak ‘ekin, jardun, ari izan’ esangureaz, zeri edo zertan izan ohi ditu argumentu osagarri nagusiak. Mateo Zabalaren pasarte labur bat: “zetan dagozan eta zeri daragoioen asko ez dakiela” (Irun).
Eragin aditzaren erabilera ezagun bat: “Eragiok, mutil, aurreko tanbolin horri” (Hator hator gabon-kanta barruan).
Aditz batzuk badira, Iparralde eta Ekialdean nor-nork eredukoak diranak, sartaldean eta erdialdean nori-nork izatera heldu diranak, batzuk gehiago, beste batzuk gitxiago. Horreetarikoak ditugu ikutu, deitu, begiratu, itxi (laga), itxaron eta beste gehiago. Datibodun bihurtze hori, dana dala, adiera jakin batzuetan jazoten da zehazki, baina ez beste adiera batzuetan.
Ikutu aditzaren erakusgarri herri-kantu baten hitzak: “Tukurruku tuku tuku, ez neri ikutu, / aita ganbaran da-ta, / sentiduko gaitu”. Ekialdean ukitu aditza nor-nork egiturakoa dugu.
Deitu aditzak, sartalde eta erdialdean nori deitu nagusi izan arren, nor deitu egitura be indarrean dago oraindino gehiago-gitxiago. Mogelen adibide bategaz on eginda: “Naz, bada, orainago igaro dozun erriko barberua, ta deitu nabe gaixo bategana” (Pab 2). Idazle beronek beste ingurune batzuetan deitu deuste jokatzen dau aditza. Zabu-zabuka dabil deitu nau eta deitu deust jokoen artean.
Itxaron (edo honen aldaera diran etxeden, itxedon) aditzean 2. argumentua nori/zeri izatea askoz sustraituago dago aurrekoa baino. Kardaberazen pasarte hau lekuko: “Beste askori etxeden ez ta niri etxeden” (Ejerzizioak). Eta agiriago gaur egungo hiztunen erabileran: Zeri itxaroten zagoz? Nori itxaron behar jako ba!
Eta eregimen-eredu honen akaberatzat, urgatzi aditz zaharrera joko dogu. Urgatzi aditza, sartaldeko egitura zaharrean nork-nori eredukoa dogu, Iparralde bazterrean nork-nor ereduaz iraun dauen bitartean. Frai Juan Zumarragakok Mexikotik arrebari egindako gutunean dogu testigantza zahar baizen gardena: “Zure alabaen etse jauxi orri urgatzi bear deutsagu”. Aditz zahar honen zorigaiztoa izan da, lagundu aditzak jan eutsala aspaldi bere esparru semantikoa, eta harrezkero, zahar gelditu ezeze, zaharkitu dala guztiz, ia aldentzeraino. Baina lekukotasun gardena aditz erregimenaren aldetik.
Iturriko
2020-09-23
[1] Ez da aditz erazle guztien kasua, halanda be. Eraso aditza, mezea eraso lokuzino barruan ez da datibo-erregimenekoa, esaterako.