Dakienak dakiHizkuntza

Norbera, Nori berea, Bat, Bakotxa

Posted on

Norbaitek, berba egikeran bere burua modu identifikaubakoan edo inpertsonalean aurkeztu gura dauenean, gaztelaniaz uno, cada uno edo frantsesez on edo besteren bat erabilten diran antzera, euskeraz be izenordain bat erabilten dogu: bat, norbera, bakotxa edota nor soila be bai batzuetan, itaun-berba ez danean.

Bat eta norbera bardintzat joten ditugu behar dan baino gehiagotan, eta horretatik sortu ohi dira okerbideren batzuk. Bat markaubakoa da eta edozein ingurunetan erraz erabili leiteke. Norbera, ostera, markatua da, eta gaztelaniazko ordainak erabiliz, uno eta uno mismo izenordainen artean dagoan aldea dago bat eta norbera-ren artean, gitxi gorabehera, oso-osoan ez bada be. Egia da, bestetik, norbera eremua irabazten joan dala aspaldion, nor eta bat izenordainen kaltetan, eta ondorioz, markaua izatetik gitxiago markaua izatera etorri dala.

Bat bardin erabili geinke galdegai izan edo ez izan: Batek zelan jakin une horretan zer egin?, markaubakoa, eta: Batek jakiten dau hori ondoen, galdegaia, markaua. Batek jakin! esamoduan, esaterako, ezin dogu norbera hitzaz ordezkatu.

Norbera izenordainak osagai bi ditu: nor eta bera, juxtaposizioan alkarturik. Bihurkaritasun ikuspegia adierazoten dau: hiztunak bere burua seinalatzen dau lehenengo eta behin, eta eremua zabalduz, beste edozein gero. Sintaxi aldetik beti ez da agertuko galdegaiaren lekuan, baina sarritan bai: Norberak jakin behar dau zer komeni dan. Ezezka, galdezka edo menderakuntzan be bardin azalduko da, baina erreflexibo ikuspegia jagoten dau beti: Inoren gauzak zabaldu eta norberarenak gorderik euki. Nor zara zu, ba, norberari kontuak eskatzeko? Norberarena ez dan gauzea atzera itzuli behar da. Mintzagaiaren lekuan nekezago erabiliko dogu. *Norberari nork eskatu behar deutsaz kontuak? baino beste aukera bat eskertsuago litzateke: bati nork, guri nork edo besteren bat.

Irakurteko zein entzuteko gogor egiten dan egiturea, norbera izenordainaren jarraian bere edo bere burua langoak ipintea izaten da. Bihurkaritasuna birritan markatzea esan gura dau horrek: nor bera bere… Izan be, gure hedabideetan behin baino sarriago irakurten dira honangoak: Norberak bere buruari saldu behar dio produktua, Norberak bereari eustea, e.a.

Lehenengoan erosoagoak gendukez: Bakotxak bere buruari, zeinek bere buruari edo nork bere buruari. Eta bigarrenean: Bakotxak bereari edo nork bereari. Hori da geure uste apala, behintzat.

Izenorde honeezaz asko be gehiago dago esatekorik, baina gaurkoz asko da honegaz.

Iturriko
2014-10-24