Dakienak dakiHizkuntza

Norbaiti izen arruntaz zuzentzeko, -a/-ak markak, ez ori/-ok markak

Posted on

Gutun baten hasieran, nori zuzentzen gaiakozan, haren kargu, ardura edo hagazkoa adierazoten dauen izena zein mugatzailez markatu behar dogu: -a/-ak neutroaz ala ori/-ok hurbilaz?

Bai berbaz eta bai tradizinoko idatzietan era honetako ereduak erabili izan dira nagusiro: Agur, jauna / Agur, andrea; Adiskidea, agur / Agur, lagunak. Edo agur kenduta, gura bada, lehenagoko sermoilarien antzera: EntzuLe maiteak, Aditzaile maiteak, Anai-arrebak

Mugatzaile neutroa da berezkoa norbaiti zuzentzeko: -a bakarrarentzat, -ak gehiagorentzat. Baina gaur modaratu dana eta orioa lez zabaldu gure ustez arrazoi sendo barik?, mugatzaile hurbilak markatzea da: hori erakuslea edo ori mugatzailea batentzako, eta ok mugatzailea gehiagorentzako. Halan irakurten da sarri: Bazkide hori / Bazkideok, Irakurle hori / Irakurleok, Entzule hori / Entzule maiteok, Zuzendari hori, Idazkari hori e.a.

Gauza diferenteetarako erabilten ditugu hiztunok dei-hitz edo bokatiboetan a eta ori, edo ak eta ok. Norbaiti berbaz edo idatziz zuzentzen gaiakozanean izen arrunt baten bidez jaun, andra, maisu, andereo, zuzendari, idazkari, alkate, zinegotzi, epaile, diputadu, lagun, adiskide?, marka neutroa eskatzen dau: -a bat danean, -ak gehiago diranean.

Kasurako, kaletik goazala, ezaguna ez dogun emakume bati boltsatik karterea jausi jakola ikusi badogu eta berak erreparau ez, atzerik hara deitu gura badeutsagu, normalena da esatea: Zu, andrea, karterea galdu jatzu! Eta bardin gizonezko bati, bera konturatu barik txapela haizeak eroan badeutso eta guk eskuetan hartu, deituko geunskio: Gizona, eutsi zeure txapela!

Egia esan, bestetik, guztiok erabilten ditugu mugatzaile hurbilaz markaturiko dei-hitzak, baina entzule dogun horri zer edo zelakoa dan esateko. Halan: Ederrori! Politori! Laztanori!, gehienetan adjektiboakaz, edo lora gozoen ordez berba garratzen bat erabili gura badogu: Deungeori! Madarikatuori! Txarriok! edo geure aspaldiko irakasle batek, ikasle bardingoak ginala, behar ez zan itaun edo komentarioren bat egiten genduanean, erantzuten euskun moduan: Zagoze ixilik, umeok halakook!.

Gutun baten hasieran, idazten deutsagunaren kargu-izena, mugatzaile arruntaz, mesedez. Lehendakari jauna, agur! Alkate andrea, ondo izan! Batzar Nagusietako ahaldunak, ondo etorriak! Epaile agurgarria!

Iturriko
2013-04-08